Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Urola Erdiaren eta Donostiaren arteko lotura hobetuko du, UK01en gaueko espedizio berri batekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Urola Erdiaren eta Donostiaren arteko lotura hobetuko du, UK01en gaueko espedizio berri batekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Urola Erdiaren eta Donostiaren arteko lotura hobetuko du, UK01en gaueko espedizio berri batekin
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, datorren ekainaren 15tik aurrera, astelehena, linea honek beste espedizio bat izango du astelehenetik ostiralera, 21:15ean Azkoititik Donostiara eta 22:25ean Donostiatik Azkoitira, Azpeitian eta Zestoan geldialdiak eginez.

Azahara Domínguez diputatua Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako alkateekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Urola Erdiaren eta Donostiaren arteko lotura hobetuko du, eta UK01 (Azkoitia>Donostia) lineari gaueko beste espedizio bat gehituko dio astelehenetik ostiralera.
Zehazki, Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, ekainaren 15tik aurrera, astelehena, eta hiriburuan lan egiten duten eskualdeko bizilagunek itzultzeko autobusak izan ditzaten, beste espedizio bat jarriko da astelehenetik ostiralera, 21:15ean Azkoititik (Altzibar) Donostiarako noranzkoan, eta 22:25ean hiriburuko autobus geltokitik Azkoitirako bidean, Azpeitian eta Zestoan geltokiak dituela bi noranzkoetan. "Orain arte, zerbitzu hori ostiraletan bakarrik ematen zen, eta 20:45ean irteten zen Azkoititik eta 22:05ean Donostiatik. Ordutegia atzeratuz eta astelehenetik ostiralera zerbitzua zabalduz, askoz hobeto artatzen ditugu herritarrak, batez ere lan egitetik beranduago ateratzen direnak", adierazi du diputatuak, eta hobekuntza hori “Lurraldebusen zerbitzuak handitzeko gure estrategiaren barruan” kokatu du, “horrela, erabiltzaileen beharrei erantzun hobea emateko, batez ere garraio publikoa lanera joateko edo lanetik itzultzeko erabiltzen dutenei".
Azahara Domínguez aste honetan Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako alkateekin bildu da, Nagore Alkorta, Ana Azkoitia eta Mikel Arregirekin hurrenez hurren. Bertatik bertara azaldu die harrera ona izan duen hobekuntza hau, eta eskualdeko garraio publikoa hobetzen jarraitzeko lankidetzaren bidean elkarrekin lanean segitzeko prestutasuna adierazi die. Izan ere, dagoeneko elkarlanean ari dira Donostiako ospitale-eremurako konexioa hobetzeko, Hondarribian, Irunen, Astigarragan eta Oiartzunen egin den bezala.
Azahara Domínguezek uste du espedizio berri honek "asko" erraztuko dituela "Urola Erdiko ehunka bizilagunek egunero Donostiara iristeko egiten dituzten joan-etorriak, batez ere lan arrazoiengatik". "Ematen ditugun zerbitzuak etengabe berrikustea da gure helburua, zerbitzu horiek gero eta modu zehatzagoan doitzeko dauden benetako premietara, inork ez dezan ibilgailu pribatu bat eduki behar edo beste pertsona batzuen mende egon behar bere lanera, ikasketa-zentrora, medikuarengana joateko edo, besterik gabe, aisialdiaz gozatzeko eta are gutxiago lan-aukera bati uko egin behar izatea, joateko eta itzultzeko garraio publikoaren alternatiba bat ez edukitzeagatik, horrela pertsona guztien aukera berdintasuna eta autonomia bermatuz", gaineratu du.
"Zerbitzua gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitzen jarraitzen dugun heinean, gero eta pertsona gehiagok autobusaren aldeko apustua egitea lortuko dugu", baieztatu du.
Eskualdeko linea erabiliena
Azahara Domínguezek gogorarazi du Lurraldebusek 1,9 milioi bidaia izan zituela guztira Urola Erdian 2025ean, inoiz lortu ez den zifra. Hain zuzen ere, UK01 linea izan zen erabiliena, ia 850.000 bidaiarekin, aurreko urtean baino % 10,6 gehiago.
"Egia esan, legegintzaldi honetan nabarmen hobetu dugu linea hau. 2024ko urtarrilean 30 minuturo jarri genituen maiztasunak astelehenetik larunbatera eta 60 minuturo igande eta jaiegunetan, eta horrek asko handitu du erabilera azken urteetan ", adierazi du diputatuak.
867