Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ziurtatu du BI02 lineak, lehengo E21-a, lanera garaiz iristea bermatuko duela urriaren 1etik aurrera eta espedizio bat gehituko dio BI07 lineari Unibertsitatera iristeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ziurtatu du BI02 lineak, lehengo E21-a, lanera garaiz iristea bermatuko duela urriaren 1etik aurrera eta espedizio bat gehituko dio BI07 lineari Unibertsitatera iristeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ziurtatu du BI02 lineak, lehengo E21-a, lanera garaiz iristea bermatuko duela urriaren 1etik aurrera eta espedizio bat gehituko dio BI07 lineari Unibertsitatera iristeko
Azahara Domínguez: "Emakida berria iragarri zenetik, iradokizun eta ekarpen ugari jaso ditugu, eta arin ari gara lanean erabiltzaileen beharrei erantzuteko, Lurraldebuseko gainerako lineekin egin dugun bezala. BI02aren ordutegia doitu dugu eta espedizio bat gehitu dugu BI07ra, pertsona guztiak beren lanetara eta ikasketa-zentroetara ordutan iritsi ahal izan daitezen, baita etxera itzuli ere, horrela ziurtasuna eta zerbitzuarekiko konfiantza emanez"

Azahara Domínguez diputatua eta Igor Enparan alkatea
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, Hondarribia Donostiarekin autobidez lotzen duen eta egungo E21 linea ordezkatuko duen BI02 lineak bermatuko du, urriaren 1etik, ostegunetik, aurrera erabiltzaileak garaiz iritsiko direla beren lantokietara eta ikasketa-zentroetara eta ziurtatuko du, halaber, ez dutela itxaroteko denbora askorik izango.
Diputatuak azaldu duenez, egun horretatik aurrera, non emakida berria martxan jartzen den, linea honek zerbitzua eskainiko du 5:30ean, 6:30ean, 7:15ean (bigarren autobus batekin indartuta), 8:15ean, 8:45ean eta 9:15ean. Ordu horretatik aurrera, Hondarribitik irteerak izango dira orduro 10:30etik 21:30era bitartean (15:30ean izan ezik, 15:40an aterako baita). Azken irteera Hondarribitik 22:40ean izango da. Horrela, lanagatik edo ikasketengatik egunero Donostiara joaten diren pertsonek garaiz iritsi ahal izango dute, eta ez dute itxaronaldi luzerik izango Gipuzkoako hiriburuan. Era berean, Donostiatik egindako irteera batzuk doitu dira, hondarribitarrak autobusera iritsi ahal izateko lanetik irtetean eta etxera itzuli ahal izateko. Hain zuzen ere, 13:10ean, 14:10ean, 15:10ean eta 16:10ean izango dira irteerak Gipuzkoako hiriburutik. Gainera, 22:00ak arte lan egiten duten pertsonek garraio publikoan etxera itzultzeko aukera izan dezaten, 22:10ean autobus bat izango da, Gipuzkoa plazatik abiatuta. Era berean, Hondarribitik 22:30ean irteten zen azken autobusak 22:40an egingo du aurrerantzean.
Bestalde, BI07 lineak (Hondarribia/Irun>Donostia, Antiguatik) irteera gehigarri bat izango du Hondarribitik, 7:30ean, Irundik igarota, eta 8:20an iritsiko da Donostiara, 8:30ean sartzen diren ikasleei zerbitzua emateko.
“Emakida berria iragarri zenetik, iradokizun eta ekarpen ugari jaso ditugu, eta arin ari gara lanean erabiltzaileen beharrei erantzuteko, Lurraldebuseko gainerako lineekin egin dugun bezala. BI02aren ordutegia doitu dugu eta espedizio bat gehitu dugu BI07ra, pertsona guztiak beren lanetara eta ikasketa-zentroetara ordutan iritsi ahal izan daitezen, baita etxera itzuli ere, horrela ziurtasuna eta zerbitzuarekiko konfiantza emanez”, adierazi du diputatuak. “Badakigu lehen egunak ez direla errazak izango, guztiok ohitu beharko baitugu lineen izen berrietara eta ordutegi berrietara, baina Lurraldebuseko gainerako lineekin egiten ari garen bezala, eskaintzen dugun zerbitzuaren etengabeko kontrola egingo dugu, zerbitzua hobetzen jarraitzeko eta herritarren beharretara gero eta hobeto egokitzeko”, esan du.
Azahara Domínguezek eskerrak eman dizkie Igor Enparan Hondarribiko alkateari (harekin bildu da astelehen honetan, udalerriko garraio publikoaren zerbitzuari buruzko gai horiek eta beste batzuk jorratzeko) eta departamentuarekin harremanetan jarri diren herritarrei, zerbitzuan gertatuko den aldaketaren ondorioz beren egoera pertsonala helarazteko, "erakutsitako borondate eraikitzailea, guztion artean, Lurraldebuseko zerbitzua gero eta hobea izan dadin". "Hondarribiko Udala eta, bereziki, bertako alkatea, herrian garraio publikoaren erabilera sustatzeko prest agertu dira beti, eta Lurraldebusekiko eta MUGI sistemarekiko izan duen elkarlanerako jarrera eskertzen dut", adierazi du diputatuak.
Hobekuntzak
Azahara Domínguezek gogorarazi duenez, Lurraldebuseko Bidasoako emakida berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu udalerrira. Horien artean dago Donostiako ospitale-eremuarekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioa, BI06 linearen bidez (2025eko ekainetik E29 izendapenarekin jarduten duena), langileen lan-ordutegietara egokitutako ordutegiekin. Gainera, asteburuetan zerbitzua luzatzeko lanean ari da departamentua. Hain zuzen ere, Azahara Domínguezek linea hori aipatu du adibide gisa, azaltzeko nola egokitzen den zerbitzua erabiltzaileen beharretara, haiek zerbitzua erabili ahala. “Iazko amaieran, linea honen ordutegia egokitu genuen langileak goizeko lehen orduan txanda-aldaketara garaiz iritsi ahal izan zitezen; duela aste batzuk, berriz, langileek eguerdirako eta gauerako eskaera bera egin ondoren, dagokion doikuntza berriro egin zen, eta, horrela, linearen erabilgarritasuna eta funtzionaltasuna bermatu ziren”, gogorarazi du.
Zerbitzua hobetzen duten beste gaietako bat da BI04ak (Hondarribia>Irun Bidasoako Ospitalea) Bidasoako Ospitaleko, Arasoko poligonoko eta Txingudi Merkataritza Zentroko langileei egokitutako ordutegiak eskaintzen dituela eta Irunekiko konektibitatearen hobekuntza orokorra, puntako ordu nagusietan 15 minutuko maiztasunarekin. Gainera, Bidasoako bi herrien arteko gaueko zerbitzua urteko egun guztietan bermatzen da, eta horrek ez du inolako kosturik ekarriko erabiltzailearentzat, uztailetik Lurraldebusen gaueko tarifa aplikatzeari utzi ondoren.
Azkenik, urte osoan aireportuaren eta Donostiako autobus-geltokiaren arteko zuzeneko konexioa (BI01). Horri esker, hondarribiarrek ez dute aireportuko erabiltzaileen joan-etorrien eraginik jasango.
“Legealdi honetan orain arte erakutsi dugun bezala, oso zorrotzak izango gara datuen azterketarekin, eta ahalik eta malguenak izaten eta azkarren jarduten saiatuko gara, hobekuntza gehiago ezartzen jarraitzeko eta gero eta pertsona gehiagok Lurraldebus aukeratu dezan joan-etorriak egiteko. Izan ere, garraio publiko eskuragarri, eroso eta kalitatezkoa bermatzeak pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzen du. Non bizi diren edo zer erosteko ahalmen duten kontuan hartu gabe”, ondorioztatu du.
Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak honako hau esan du: “Hondarribiko Udalarentzat funtsezkoa da zerbitzu berria bizilagunen eguneroko beharretara egokitzea. Eskerrak eman nahi dizkiot Azahara Domínguez diputatuari, ordutegietan egokitzapenak egiteko eta aurrerantzean ere zerbitzua hobetzen jarraitzeko erakutsi duen konpromisoagatik”.
1342