Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamendu Departamentuak Arrasateko Nagusien Kontseilua Anakon eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioa saritu ditu Guztiok Mugituz 2026 sariarekin, Gipuzkoan mugikortasuna hobetzeko ahaleginagatik

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamendu Departamentuak Arrasateko Nagusien Kontseilua Anakon eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioa saritu ditu Guztiok Mugituz 2026 sariarekin, Gipuzkoan mugikortasuna hobetzeko ahaleginagatik

Azahara Domínguez buru duen departamentuak sari honekin Gipuzkoako gizarte zibil antolatuaren ahalegin altruista eta pertseberantzia aintzatesten ditu, egunero erakusten baitu "herritarren parte-hartzea oso tresna baliotsua dela errealitatea eraldatzeko eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko.

2026/06/10
Azahara Domínguez diputatua Anakonekin izandako bilera batean

Azahara Domínguez diputatua Anakonekin izandako bilera batean


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Guztiok Mugituz 2026 saria emango die Arrasateko Nagusien Kontseiluari Anakoni eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioari, Gipuzkoan garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko ahaleginagatik.

Azahara Domínguez diputatuak asteazken honetan jakinarazi duenez, saria datorren asteazkenean, ekainaren 17an, Donostiako Catalonia hotelean egingo den ekitaldian emango da.

Anakonek eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioak, diputatuaren hitzetan, “gizarte zibilaren antolakuntzak eta herritarren parte-hartzeak errealitatea eraldatzeko eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko duten gaitasunaren adibide bikaina” dira.

Azahara Domínguez diputatuaren hitzetan, “gaur egun Gipuzkoak duen garraio publikoaren zerbitzuaz gozatzen badu, neurri batean erakunde hauen lanari esker da. Erakunde horiek beren udalerria edo eskualdea hobetzea gizarte osoaren bizi-kalitatea hobetzea ere badela ulertu duten pertsonek osatzen dituzte”, nabarmendu du. Aldi berean, entzute aktiboaren garrantzia azpimarratu du: “Erakundeok guztion onuraren alde lan egiteko prest dauden pertsonak eta taldeak entzun behar ditugu; izan ere, horri esker, zerbitzu publikoak hobetzen eta herritarren benetako beharretara egokitzen jarraitu dezakegu”.

"Aurtengo Guztiok Mugituz saria gizartean parte hartzeko modu baten aitortza da, konpromisoan, elkartasunean eta erantzukizun partekatuan oinarritzen den parte-hartze modu baten aitortza, alegia. Zinez uste dut belaunaldi berriek asko dugula ikasteko haien eredutik: iraunkorrak izateko duten gaitasunetik, norbanakoaren interesetatik harago doazen eta herritar guztien mesederako pentsatuta dauden hobekuntzak aldarrikatzeko duten jarreratik, eta zailtasunen aurrean amore ez emateko duten borondatetik. Jarrera zibiko, solidario eta konprometitu hori izan da Gipuzkoaren garapenaren giltzarrietako bat hamarkadetan zehar, eta ezinbestekoa izaten jarraitzen du lurralde gisa etorkizunean ditugun erronkei aurre egitek", baieztatu du.

"Gipuzkoan gizarte zibil ondo antolatua dugu, eskatzen dituen zerbitzu publikoen kalitatearekin zorrotza dena, eta hori albiste bikaina da lurralde gisa; izan ere, alde batetik, erakunde publikoak adi egotera behartzen gaitu, eta, bestetik, errebindikazio-konstantziaren onura gizarte osoarena da", adierazi du diputatuak.

Anakon: Debagoienarekiko konpromisoa

Azahara Domínguezek gogorarazi du Arrasateko Nagusien Kontseilua, Anakon, funtsezko eragilea izan dela Debagoienean Lurraldebuseko zerbitzua hobetzeko. Azaldu du haiekin egindako lankidetzari esker 2024ko urrian Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta-zerbitzua jarri zela martxan. Zerbitzu horrek “harrera bikaina” izan zuen; izan ere, teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera ematen die txartelak modu erraz eta erosoan erreserbatzeko, telefono-dei soil baten bidez.

Irungo Auzo Elkarteen Federazioa
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu du Bidasoa eskualdeko garraio publikoaren hobekuntza Irungo Auzo Elkarteen Federazioarekin izandako lankidetzaren emaitza ere izan dela. Haiekin, beste eragile batzuekin batera, duela urtebete E29 linea martxan jartzeko lan egin zen. Linea horrek Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale-eremuarekin eta Miramonekin lotzen ditu. Halaber, ondoren ordutegi-doikuntzak egin ziren Osakidetzako langileek txanda-aldaketetara iritsi ahal izateko.

Azahara Domínguezen esanetan, “eskualdeko pertsona askoren mugikortasun-ohiturak aldatu dituen linea da; lanerako eta osasun-zerbitzuetarako sarbidea erraztu du, eta, azken finean, milaka pertsonaren egunerokoa hobetu du”.

Hamargarren edizioa
2026 honetan, Guztiok Mugituz sariak hamargarren edizioa ospatzen du, zenbaki biribila, urte hauetan guztietan askotariko kolektiboen lana aitortu eta eskertzeko aukera eman duena.

Lehen edizioan, 2017an, Bizikume eta Kalapie elkarteak izan ziren sarituak, Gipuzkoako emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeko abian jarritako ‘Gaur niri tokatzen zait’ ekimenagatik .2018an, saria Errenteriako Gurutze Gorriaren Tokiko Batzarrari eman zitzaion, “Mugikortasun Seguru eta Osasungarriko Ohiturak” ekimenagatik. 2019an, Gipuzkoan garraio publikorako sarbidea demokratizatzeko tresna gisa MUGI txartelak izan duen zeregina aitortu zen. Urtebete geroago, 2020an, Lurraldebuseko emakume gidarien lana saritu zen; 1995etik aurrera tradizionalki gizonezkoei lotutako lanbide batean bidea ireki zuten langileena, hain zuzen ere. 2021ean, saria Euskadiko ordezkaritza sahararrari eman zitzaion, Tindufeko errefuxiatu-esparruetan mugikortasunerako oinarrizko eskubidearen alde egindako lanagatik. Hurrengo edizioan, Gehitu elkartearen lana aitortu zen, LGTBI+ komunitatearen eskubideen aitortza osoaren alde egindako ekarpenagatik eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik gertatzen diren diskriminazio legal eta sozialen aurkako borrokagatik. 2023an, departamentuak CEAR erakundea saritu zuen Guztiok Mugituz sariarekin, 40 urte baino gehiagoz pertsona errefuxiatuen gizarteratze eta integrazio askea sustatzeko gizarteko esparru guztietan egindako lanagatik.

2024an, Ziztu eta Donostia Leioa unibertsitate-elkarteak omendu ziren, Bizkaiko campusetara Gipuzkoako hainbat lekutatik egunero joaten diren dozenaka ikasle, irakasle eta unibertsitateko langilek joan-etorriak modu jasangarrian eta ingurumenarekiko errespetuz egiteko egiten duten lan handiagatik. Azkenik, iazko edizioan La Guipuzcoana autobus-enpresaren ibilbidea omendu zen. Enpresak 2025ean bere 100. urteurrena ospatu zuen.
 

  

850