Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ogasun eta Finantzetako foru-diputatuak Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuen sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arau proiektua aurkezten du Batzar Nagusietan

Ogasun eta Finantzetako foru-diputatuak Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuen sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arau proiektua aurkezten du Batzar Nagusietan

Itziar Agirrek, bere agerraldian, batzarkide taldeak gonbidatu ditu Foru Arau proiektuaren hobekuntzak adostera, abenduko Osoko Bilkuran Foru Araua onartzeko, aurten indarrean sar daitezen

2026/10/09
Gipuzkoako Foru Aldundia

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean Batzar Nagusietan, joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan onartutako Lurralde Historikoko zerga sisteman zenbait aldaketa txertatzen dituen Foru Arauaren proiektua aurkezteko.

Bere hitzaldian, Agirrek testuaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Bertan, segurtasun juridikoa indartzea helburu duten aldaketa teknikoak eta behar sozial eta/edo ekonomiko jakin batzuei erantzun nahi dieten beste neurri batzuk jasotzen dira, zergen eguneroko aplikazioan detektatu diren neurriak.

Foru Arauaren proiektu hori oinarri izango da talentua erakartzeari, enpresa-errotzeari eta langileen enpresako partaidetzari edo proiektu estrategikoak bultzatzeari buruz indarrean dagoen araudia eguneratuko duten beste neurri batzuk eztabaidatzeko eta, hala badagokio, zuzenketen bidez txertatzeko, besteak beste.

Agirrek azaldu duenez, zerga neurriei buruzko Foru Araua “urtero lantzen den dokumentu bat da, batzuetan araudiaren alderdiak argitzeko elementuak ukitzen dira edota indarrean dagoen araudiaren neurriak eguneratzen dira egungo errealitatera egokitzeko”.

Foru diputatuak gaineratu duenez, “beti esaten dugu gure zerga sistema tresna bizi bat dela unean uneko erronka eta behar sozioekonomikoei erantzuteko egokitzen dena”. Ildo horretan, Agirrek gaineratu du “Foru Arau honetan sartzea aurreikusten diren eguneraketak helburu horretara bideratuta daude”, zehazki, “urrats berriak ematera lurraldearentzat estrategikotzat jotzen diren alderdietan aurrera egin eta gure enpresa ehunaren lehiakortasuna bermatzeko”.

Agirrek batzarkide taldeak gonbidatu ditu aurkeztutako araua eztabaidatzera, baita zuzenketetatik sortzen diren proposamenak eztabaidatzera ere, “Gipuzkoako herritar guztiei mesede egiten dieten aldaketak baitira”. Ildo horretan, abenduko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran testua onartzeko beharrezkoak diren adostasunak lortzea espero duela adierazi du, aurten indarrean sartu eta 2027an gauzatu ahal izateko.

  

1550