Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ohar informatiboa Shamonda birusa

Ohar informatiboa Shamonda birusa

Gipuzkoako Foru Aldundiak tipo 2ko Shamonda birusaren kasu bat detektatu du Donostialdeko behi-aziendaren ustiategi batean.

2026/10/26

Lurraldean identifikatutako lehen kasua da, Foru Aldundiak lurraldean egiten duen gaixotasunen zaintza epidemiologikoko lanen barruan identifikatutako lehen kasua da lurraldean.

Orain arte, ez da kasu berririk antzeman ez ustiategi honetan ez lurraldeko beste ustiategi batzuetan. Hala ere, Aldundiak zaintza eta jarraipen lanak aktibo mantentzen ditu, egoera epidemiologikoaren bilakaera ezagutzeko eta edozein kasu berri garaiz detektatzeko.

Animalien Osasun Mahaiaren bidez, abeltzaintza-sektoreko eragile guztiei hautemandako egoerari, gaixotasun horri lotutako zeinu klinikoei eta gomendatutako prebentzio- eta zaintza-neurriei buruzko informazioa helarazi zaie.

Aldundiak abeltzaintza-sektoreari honako gomendio hauek egin dizkio:

· Gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomen zaintza indartzea.

· Edozein susmoren berri ustiategiko albaitari arduradunari ematea.

· Arreta berezia jartzea ernalditako animalien jarraipenean.

· Intsektu bektoreen aurkako tratamenduak egitea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lasaitasun-mezua helarazi nahi die herritarrei, birusak batez ere behi-aziendari eragiten diolako eta animalien artean hilkortasun-tasa txikia duelako. Gainera, ez da zoonositzat jotzen, hau da, ez da animalietatik pertsonengana transmititzen; beraz, birusa detektatzeak ez dakar osasun publikorako arrisku nabarmenik.

Shamonda birusari buruzko informazioa:

Shamonda birusa (SHAV) Orthobunyavirus generoko birusa da, eta batez ere Culicoides generoko intsektu ziztatzaileen bidez (eltxo txikien bidez) transmititzen da.

Nigerian detektatu zen lehen aldiz, 1960ko hamarkadaren erdialdean. 2026ra arte, noizean behin kasuren bat jakinarazi izan da Afrikako mendebaldeko, ekialdeko eta hegoaldeko hainbat eskualdetan, baita Japonian ere. 2026ko udan, birusa lehen aldiz detektatu zen Erdialdeko Europan, eta Shamonda-Europe izeneko aldaera bat identifikatu zen.

Behi-azienda ostalari garrantzitsutzat jotzen da, eta infekzioa nahiz gaixotasun klinikoa garatzeko gai da. Ardiak eta ahuntzak ere kutsatu daitezkeela dirudi, nahiz eta ageriko sintoma klinikorik ez duten izaten. Ekidoetan, berriz, sintomatologia nerbiosoa duten animalia positiboak detektatu dira; hala ere, orain arte ez da frogatu kausa-ondorio harremanik dagoenik birusaren eta hautemandako zeinu klinikoen artean.

Animalia heldu gehienak sendatu ohi dira. Birusaren eragin nagusia ekoizpenean nabaritzen da, esne-ekoizpena murrizten baitu. Halaber, eme ernaldien kasuan, ugalketa-arazoak eragin ditzake, hala nola abortuak edo malformazioak dituzten fetuak.

  

1977