Oiartzungo ordainlekuko bide guztiak gaurtik irekita, berritze lanen azken faseari ekingo zaio
Oiartzungo ordainlekuko bide guztiak gaurtik irekita, berritze lanen azken faseari ekingo zaio
Estazio honetan berritu den seigarren eta azken bidea martxan da. Lanek irailera arte jarraituko dute, portikoko barne-instalazioetan egingo diren azken esku-hartzeekin.

Oiartzungo AP-8 errepidearen ordainlekuaren berritze-lanen azken faseari heldu zaie, estazioaren seigarren bidearen azken frogak egin ondoren, bide guztiak irekita.
Uztailaren 4an portiko berria jarri ondoren ekin zioten ordainlekua berritzeko gelditzen zen azken bidearen lanak egiteari. Lanak lau astez luzatu dira, eta bertan, zabalera bereziko bidea eraiki da. Gainerako bideetan bezala, Abiatu eta VIA-T gailua duten erabiltzaileek gelditu gabe igaro daitezke. Era berean, ordainketa modu guztiak onartzen dituzten makina jarri da, hau da, telefono mugikorraren, erloju adimendunaren eta banku-txartelaren bidez kontakturik gabeko sistema erabilita ordaintzeko aukera ematen dute, eta eskudirutan ordaindu nahi duten erabiltzaileek ere makinan bertan egin dezakete.
Bide berri honek, gainerakoek bezala, matrikulak irakurtzeko kamerak eta ibilgailu mota bereizten laguntzeko sistemak ditu, baita erabiltzaile-operadore urruneko komunikazio-mekanismoak ere. Halaber, ordainlekuaren gunea asfaltatu da eta behin betiko marrak margotu dira.
Behin seigarren bidea irekita, lanek portikoan jarraitzen dute. Bertan, informazio panelak jarri dira, eta dagoeneko horietako batzuk piztuta daude eta ordainlekuaren bideetako informazioa ematen dute. Hurrengo egunetan sistema guztiak portikoetan sartzen amaituko dira eta lanak egin diren bitartean erabili diren behin behineko instalazioak kenduko dira.
Ordainlekuaren eraldaketa
Oiartzungo ordainlekua berritzeko lanak 2025aren amaieran hasi ziren. Bertan, markesina zaharra kendu da eta portiko berri bat jarri da, eta bide zaharrak eraitsi dira eta sei bide berri eraiki dira, hiru Behobiako norabidean autobidetik irtetzeko eta beste hiru Bilboko norabidean autobidera sartzeko. Sei bideetatik lau (bi norabide bakoitzean) ordainketa modu guztiak onartzen dituzten makinekin hornitu dira, eta bi (bat norabide bakoitzean) soilik Abiatu eta VIA-T gailua duten erabiltzaileentzako dira.
Berritze-lan hauek guztiak ordainlekua martxan mantenduta egin dira, eta uneoro bi bide norabide bakoitzean erabilgarri egon dira.
Bidegi 3,5 milioi euroko inbertsioa egiten ari da ordainleku hau berritzeko.
1060