Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ONCEk sentsibilizazio-saio bat antolatu du Eibarren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin eta Udalarekin elkarlanean, Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan

ONCEk sentsibilizazio-saio bat antolatu du Eibarren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin eta Udalarekin elkarlanean, Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan

Datorren ostiralean, hilak 18, 12:30ean, Unzaga plazan egingo den ekimen honen bidez, eibartarrek simulazio-betaurrekoak erabiltzeko eta ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek garraio publikoa erabiltzean izaten dituzten zailtasunak beren larruan bizitzeko aukera izango dute.

2026/09/15
Jon Iraola, Nico Verdejo eta Azahara Domínguez, Eibarren

Jon Iraola, Nico Verdejo eta Azahara Domínguez, Eibarren


ONCEk, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin eta Eibarko Udalarekin elkarlanean, gizartea sentsibilizatzeko ekintza bat egingo du Europako Mugikortasunaren Astearen esparruan. Ekimenaren helburua da eibartarrek beren larruan bizitzea ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek garraio publikoa erabiltzean dituzten zailtasunak, eta kolektibo horrekiko sentsibilizazio handiagoa sustatzea.

Ekimen hau duela gutxi Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek, Eibarko alkate Jon Iraolak eta ONCE Eibarko zuzendari berria den Nico Verdejok izandako bileraren ondorioz sortu da. Topaketa horretan, erakundeak Eibarren dituen instalazioak ezagutzeko eta garraio publikoak ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen autonomiarako duen garrantziaz hitz egiteko aukera izan zuten.

Ildo horretan, Azahara Domínguez diputatuak adierazi du bere departamentuak hainbat gizarte-erakunderekin elkarlanean diharduela, “garraio publikoa zerbitzu hurbilagoa, irisgarriagoa eta, batez ere, gizatiarragoa izan dadin”. Haren esanetan, horrek “pertsona guztiok interpelatzen gaitu: langileengandik hasi eta gainerako erabiltzaileetaraino”. “Garraio publikoa funtsezkoa da pertsona guztien autonomia bermatzeko eta, gainera, ezinbesteko tresna da oinarrizko eskubideetara, hala nola osasunera, hezkuntzara, lanera edo aisialdira, iristeko. Pertsona guztiok zerbitzu honetaz baldintza berdinetan gozatu ahal izan behar dugu, eta hori lortzeko, garrantzitsua da desgaitasunen bat duten pertsonek izan ditzaketen zailtasunak ulertzeko gai izatea”, adierazi du.

“Askotan, beharrezkoa izaten da beste pertsonen lekuan jartzea eta, minutu batzuetan bada ere, zailtasun horiek bizitzea, horien inguruan kontzientzia hartzeko eta ulertzeko guztiok batera autobus bat bezalako espazio mugatu bat askoz irisgarriagoa, hurbilagoa eta gizatiarragoa egin dezakegula”, gaineratu du.

Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela “hiri irisgarriago eta inklusiboago baterantz aurrera egiten jarraitzea, pertsona guztiek autonomia eta segurtasunez mugitu eta zerbitzu publikoak erabili ahal izan ditzaten”. Ildo horretan, adierazi duenez, “ekimen honek aukera ematen digu, minutu batzuetan bada ere, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek egunero dituzten zailtasunetara hurbiltzeko, eta oraindik ere dauden oztopoak ezabatzearen garrantzia hobeto ulertzen laguntzen digu”.

Iraolak eibartarrak jardueran parte hartzera animatu ditu, eta ONCEri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman dizkie emandako laguntzagatik. Halaber, azpimarratu duenez, “irisgarritasuna guztion ardura da, eta keinu txiki bakoitzak badu bere garrantzia Eibar atseginagoa eta guztiontzat irisgarriagoa eraikitzeko”.

Simulazio-betaurrekoak
ONCEk azaldu duenez, datorren ostiralean, hilak 18, erakundeak aukera emango die hala nahi duten eibartarrei garraio publikoan “itsumustuka” esperientzia bizitzeko. Begitakoak eta simulazio-betaurrekoak erabiliz, jardueran parte hartzen dutenek ikusmen urriko hainbat motaren errealitatea biziko dute, besteak beste, erretinosia, glaukoma edo miopia magna, eta autobusean moldatu beharko dute erakundeko langileek emango dizkieten jarraibide eta azalpenen bidez. Langile horien artean errehabilitazioko teknikariak daude, eta pertsona itsuei ingurune horietan mugitzen irakasten diete.

Nico Verdejo ONCE Eibarko zuzendariaren hitzetan, “gure errealitatean jarri eta gure eguneroko bizitza ezagutu nahi dugu, eta ikustea irisgarritasunerako laguntza txiki batekin guztiok aukera berdinetan sar gaitezkeela eguneroko bizitzara eta garraio publikoa erabil dezakegula gure eguneroko behar guztietarako: lanera joateko, aisialdiaz gozatzeko, lagun bat bisitatzeko edo ikuskizun batera joateko. Azken batean, gainerako herritarrek bezala, edozein garraio askatasunez erabili ahal izatea”.

ONCE Eibarko zuzendari Nico Verdejok, Jon Iraola alkateak eta Azahara Dominguez diputatuak herritarrak jarduera honetan parte hartzera animatu dituzte. Jarduera hilaren 18an egingo da, 12:30ean, Unzaga plazan.
 

  

1314