Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ongizatea “denon artean” eraikitzeko deia luzatu da Hondarribiko Ongizatearen Plazan

Ongizatea “denon artean” eraikitzeko deia luzatu da Hondarribiko Ongizatearen Plazan

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, bi egunez, San Pedro kalean egongo da kokatuta ekimen hau. Bertan, elkarrizketarako eta hausnarketarako gunea zabaldu da, “ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko” gakoak partekatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean abiatu da Hondarribian Ongizatearen Plaza ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duena, eta bertan egon dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, eta Hondarribiko alkatea, Igor Enparan Araneta. Bi egunez, uztailaren 29 eta 30ean, “modu batera edo bestera denoi eragiten diguten eguneroko gaiak eta errealitate berriak” landuko dira tailer praktiko, solasaldi, hitzaldi edo mahai inguruen bidez, Mendozaren esanetan. San Pedro kalean, Arrantzaleen auzoaren parean, mintzagai izango dira, hala nola, nahi ez diren bakardadeak, ongizatea zainduz komunikatzeko gakoak, kirolaren onura ongizatean eta inklusioan edota elikadura osasuntsua.

            Gai hauek “plazaren erdigunera” ekartzea funtsezkotzat jo du diputatu nagusiak, komunikabideei eginiko adierazpenetan, eta gogorarazi du pertsonen ongizate osoaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa eragitea dela ekimen honen helburu nagusia, “ez baita berdina ondo egotea eta ondo sentitzea”. Hala, herritarrak gonbidatu ditu bi egunez Ongizatearen Plazako elkarrizketara batzera, ideiak partekatu, hausnartu, baita gozatzera. Era berean, pertsonen ongizateari modu indibidualetik soilik ezin zaiola heldu ere azpimarratu du Mendozak, “denon artean eraiki beharra daukagu, ikuspegi komunitario eta kolektibo batetik”.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lehentasunezko gaia dela ere nabarmendu du, eta gogorarazi du bederatzigarren geldiunea egiten duela ekimenak bi egunotan Hondarribian: “Duela urtebete hasi ginen Zarautzen, eta ordudanik Gipuzkoan barrena ibili gara, bailara guztietara ailegatuz, eta hala jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere”.

            Bere aldetik, Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkateak adierazi du pertsonen arteko harremanak direla Hondarribiko komunitatearen oinarri sendoenetako bat, eta, horregatik, herritarren ongizate emozionala sustatzeko gero eta interes handiagoa dagoela: “Ongizatearen Plazak aukera paregabea eskaintzen du hausnarketarako. Gainera, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko gunea izateaz gain, elkartasunaren balioa indartzeko topagunea ere da; izan ere, ongizatea ez da soilik banakakoa, ikuspegi kolektibotik eta gizarte-kohesiotik eraikitzen den zerbait baizik”.

Nahi ez den bakardadeak ere izango du lekua jardunaldietan, eta alkateak horixe azpimarratu du, zahartzearen eta bakardadearen erronkei modu aktiboan heltzea funtsezkoa baita udalerriarentzat. “Gure adinekoak zainduko dituen eta euren beharrak entzuten dituen komunitatea izan nahi dugu”, onartu du. Beraz, bi egunetan landuko diren gaiak Udalarentzat balio handia dutela adierazi du: “Hondarribian konpromisoa dugu komunitate-sare sendoagoak eraikitzeko, pertsonen harremanak errazteko eta, besteak beste, adinekoek gure herrian duten bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko”.

Ariketa fisikotik, lorezaintza eta barreterapiara

Gaur goizean Adinberriren eskutik abiatu da Ongizatearen Plaza. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egin da aurrena, eta gero Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia. Jarraian, loregintza tailerra egin da Endanearen eskutik, etxe osasuntsuago eta atseginago bat sortzen laguntzen duten landareen inguruan.

            Arratsaldean, ongizate emozionala errespetatuz komunikatzeko gakoak partekatuko dira, izan ere, komunikatzeko moduek eragin zuzena dute harreman pertsonaletan eta ongizatean. Hobeki zentroko Osane Matias eta Iñaki Olaskoagak komunikazio osasuntsuaren gakoak, ezberdintasunak modu eraikitzailean kudeatzeko tresnak eta bizipen zailen aurrean komunikazioak duen garrantzia landuko dituzte. Egunari amaiera emateko, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa gidatu du Idoia Torregarai umoregileak. Ariketa praktiko eta partehartzaile baten bidez, estresa askatu, harremanak indartu eta egunerokoari ikuspegi positiboarekin aurre egiteko barreterapia tailerra egin da.

            Bihar, hilak 30, elikadura osasuntsua eta nutritiboaren inguruko solasaldi irekia egingo da, Eli Gallego nutrizionista eta dietistaren eskutik. Hitzaldi dinamiko baten bidez, osasunari, gorputz-aniztasunari eta ongizateari buruzko hausnarketa kritikoa sustatuko du, non galderen eta ariketa praktikoen bidez, osasunaren inguruan ditugun sinesmenak, gorputzarekiko pertzepzioa eta egunerokoan hitzez zein keinuen bidez transmititzen ditugun mezuak aztertuko dira. Ondoren, aukeratzen ez den bakardadearen inguruan hausnartzeko Ados teatroak ekoiztutako hiru mikrodokumental ipiniko dira, eta herritar desberdinen kasu errealak ere ekarriko dira plazara, izan ere, nahi ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa, adineko pertsonengan bezala, gazteengan ere geroz eta eragin handiagoa duen fenomenoa baita. Solasaldian Nagusilan eta Auzoekin ekimenetako ordezkariek ere parte hartuko dute.

           

            Hondarribiko Ongizatearen Plazari amaiera emateko, kirolak pertsonen bizitzan duen eraginaz hausnartuko da, osasunean, autoestimuan, harremanetan eta komunitatean egiten duen ekarpena aztertuz, Hondarribiako HS2 Surf Kirol Klubeko kideekin batera. Eta jarraian, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko asmoz, amaiera irekia antolatu da.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/hondarribia

  

1161