Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ongizatearen Plaza ekimena Hondarribian izango da hilaren 29 eta 30ean

Ongizatearen Plaza ekimena Hondarribian izango da hilaren 29 eta 30ean

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta pertsona guztien ongizatea ardatz hartuta, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, lorezaintza, komunikazioak ongizatean duen eragina edota nahi ez diren bakardadeak izango dira hizketagai San Pedro kalean kokatuko den “plaza irekian”.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Asteazken eta ostegunean, uztailak 29 eta 30, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Ongizatearen Plaza ekimena Hondarribiara iritsiko da. San Pedro kalean kokatuko da “plaza ireki” hau, arrantzaleen auzoaren parean eta, goiz eta arratsalde, ekintza desberdinak antolatu dira pertsonen ongizate osoaren inguruan hausnarketa eta elkarrizketa eragiteko helburuarekin. Hala, tailer praktiko, solasaldi eta hitzaldien bidez, nahi ez den bakardadea, elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa, komunikazioak ongizatean duen eragina, lorezaintza eta barreterapia ere egingo dira.

            Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia” dela pertsona ororen ongizate integrala “sustatu eta babestea”; “izan ere, denoi eragiten diguten arazo eta errealitate berriak ugaritzen ari diren honetan, modu kolektiboan eta komunitatetik heldu behar diegu fenomeno hauei, ertz asko dituztenak eta konponbide errezik ez dutenak baitira”, ondorioztatu du.

            Ongizatearen Plaza ekimena jarri du balioan Mendozak, “gune ireki eta berritzaile bat eskaintzen diegulako herritarrei, elkar entzun, lasai hitz egin eta gogoetarako tartea ematen diguna”. Zentzu horretan, gogoratu du dagoeneko Gipuzkoako bederatzigarren geldiunea izango duela ekimenak Hondarribian.

Programa

Asteazkenean Adinberriren eskutik abiatuko da Ongizatearen Plaza goizeko 10:00etan. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egingo da aurrena, eta gero Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia. Jarraian, loregintza tailerra egingo da Endanearen eskutik, etxe osasuntsuago eta atseginago bat sortzen laguntzen duten landareen inguruan. Tarte hau 11:30 eta 12:30ak bitartean egingo da.

            Arratsaldean, 18:30etatik 20:00tara, ongizate emozionala errespetatuz komunikatzeko gakoak partekatuko dira, izan ere, komunikatzeko moduek eragin zuzena dute harreman pertsonaletan eta ongizatean. Hobeki zentroko Osane Matias eta Iñaki Olaskoagak komunikazio osasuntsuaren gakoak, ezberdintasunak modu eraikitzailean kudeatzeko tresnak eta bizipen zailen aurrean komunikazioak duen garrantzia landuko dituzte. Egunari amaiera emateko, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa gidatuko du Idoia Torregarai umoregileak. Ariketa praktiko eta partehartzaile baten bidez, estresa askatu, harremanak indartu eta egunerokoari ikuspegi positiboarekin aurre egiteko barreterapia tailerra egingo da.

            Ostegunean, hilak 30, 10:00etatik 11:30etara, elikadura osasuntsua eta nutritiboaren inguruko solasaldi irekia egingo da, Eli Gallego nutrizionista eta dietistak, hitzaldi dinamiko baten bidez, osasunari, gorputz-aniztasunari eta ongizateari buruzko hausnarketa kritikoa sustatuko du, non galderen eta ariketa praktikoen bidez, osasunaren inguruan ditugun sinesmenak, gorputzarekiko pertzepzioa eta egunerokoan hitzez zein keinuen bidez transmititzen ditugun mezuak aztertuko dira. Ondoren, aukeratzen ez den bakardadearen inguruan hausnartzeko Ados teatroak ekoiztutako hiru mikrodokumental ipiniko dira, eta herritar desberdinen kasu errealak ere ekarriko dira plazara, izan ere, nahi ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa, adineko pertsonengan bezala, gazteengan ere geroz eta eragin handiagoa duen fenomenoa baita. Solasaldian Nagusilan eta Auzoekin ekimenetako ordezkariek ere parte hartuko dute.

           

            Hondarribiako Ongizatearen Plazari amaiera emateko, 19:30ean hasita, kirolak pertsonen bizitzan duen eraginaz hausnartuko da, osasunean, autoestimuan, harremanetan eta komunitatean egiten duen ekarpena aztertuz. Eta jarraian, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko asmoz, amaiera irekia antolatu da.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/hondarribia
 

  

797