Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ongizatearen Plaza ekimena uztailaren 15ean eta 16an iritsiko da Donostiara

Ongizatearen Plaza ekimena uztailaren 15ean eta 16an iritsiko da Donostiara

Gipuzkoako Foru Aldundiak programazio zabala antolatu du pertsonen ongizate integrala ardatz hartuta. Bi egunez, elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa, pantailen erabilera, dolu prozesuak edo emakumeen zikloak landuko dira, besteak beste, Saguesen.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Uztailaren 15ean eta 16an, asteazkena eta osteguna, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Ongizatearen Plaza ekimena iritsiko da Donostiara. Saguesen egongo da eta bi egunez hainbat jarduera egingo dira, pertsonen ongizate integralari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortzeko helburuarekin. Hainbat gai jorratuko dira, hala nola ongizatearen zientzia, elikadura osasungarria, dolu prozesuak eta tabuak, emakumeen zikloa edo pantailen erabilera, hitzaldien, tailer praktikoen, mahai-inguruen eta solasaldien bidez.

Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du ekimena Gipuzkoako beste sei udalerritan egon dela dagoeneko, eta bere ibilbidean datorren astean Donostiara iritsiko dela, "plazaren erdigunean kokatzeko pertsona guztien ongizate integrala", Gipuzkoako Foru Aldundiaren "lehentasun nagusia" dena, azpimarratu du. Era berean, gai honi modu “kolektiboan” heltzearen garrantzia azpimarratu du, eta ongizatearen inguruan “elkarrizketa, dinamika eta harreman berriak sortzeak” dituen onurak azpimarratu ditu. Ildo horretan, Saguesen goiz eta arratsaldez martxan egongo den ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu donostiar guztiak.

Programa

Uztailaren 15ean, asteazkena, hasiko da Ongizatearen Plaza, Adinberriren eskutik, goizeko 10:00etan. Lehenik, ariketa fisikoko saio ireki bat egingo da, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatuta, eta, ondoren, estimulazio kognitiboko tailer bat Naia Rosekin eta mindfulness terapia Raquel Rodriguezekin. Ondoren, tailer bat egingo da teknologia berriak pertsona guztien eskura jartzeko, Bizipoz kooperatibaren eskutik. Sare sozialak eta tresna digitalak egunero modu errazean probatzen, zalantzak argitzen eta erabiltzen ikasteko gunea izango da. Jarduera hau 11:30etik 13:00etara egingo da.

Arratsaldean, 17:00etatik 18:30era, Gurutz Linazasoro neurologoak ongizatea zer den eta zein faktorek baldintzatzen duten azalduko du, ongizatearen zientzian sakonduz. Genetikaren, garunaren eta ingurunearen eragina aztertuko du, eta ongizatea hainbat faktoreren emaitza dela azpimarratuko du. Halaber, nabarmenduko da diruak ez duela zoriontasuna ematen, haurtzaroak helduaroko ongizatean arrastoa uzten duela eta pertsonen arteko harremanak funtsezkoak direla.

Lehen eguneko programazioari amaiera emateko, 18:30etatik 20:00etara, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landuko dira mahai-inguru batean. Dolu prozesu desberdinak landuko dira, suizidioan eta seme-alaben galeran arreta berezia jarriz. Prozesu horiek laguntzen dituzten eta doluaren eta heriotzaren esparruan lan egiten duten profesionalek parte hartuko dute, Bidegin eta Matia Fundaziotik datozenek, beren bizipenak lehen pertsonan partekatuko dituzten testigantzekin batera.

Ostegunean, hilak 16, 10:00etatik 11:30era, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi ireki bat izango da Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin eta Elikaeneako Ana Otegirekin. Ondoren, Ados antzokiak ekoitzitako hiru mikrodokumental proiektatuko dira, nahi gabeko bakardadeari buruz hausnartzeko, eta herritarren benetako kasuak ere jorratuko dira, arlo horretan lan egiten duten proiektu eta elkarteekin batera, hala nola Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Gurutze Gorria, Nagusilan, Maitaro Zerbitzua eta Kuvu.

Amaitzeko, ostegun arratsaldeak hiru zati izango ditu. Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo da Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasungarria’ izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta.

17:30etik 19:30era, emakumeetan eta haien zikloetan jarriko da arreta. Emakumearen etapak landuko dira elikaduraren eta fisioterapiaren ikuspegitik, hilekoaren zikloa ardatz hartuta. Ane Goikoetxea dietista integratzaileak eta Emekiko Alazne Apalantza fisioterapeutak gorputza zaintzeko tresnak eskainiko dituzte, tabuak hautsiz eta emakumeen ongizatea indartuz. Ondoren, bi egunetan bizitako esperientziak partekatzeko eta lotura komunitarioak sendotzeko, jai-giroko itxiera antolatu da. Amaia Gajate kantari donostiarrak kontzertu akustikoa eskainiko du, euskarazko baladekin eta abestiekin, giro berezia sortuz plazan. Eguna aperitibo txiki batekin amaituko da.

Programa eta ordutegi osoa: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/donostia

  

920