Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ongizatearen Plaza Irunen izango da urriaren 7 eta 8an

Ongizatearen Plaza Irunen izango da urriaren 7 eta 8an

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ekimenaren baitan landuko dira elikadura osasuntsua, nahi ez den bakardadea, gazteen ongizatea, heriotza eta dolu prozesuak, menopausia eta elikadura, edota migrazioa, harrera eta integrazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Asteazken eta ostegunean, urriak 7 eta 8, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Ongizatearen Plaza ekimena Irunera iritsiko da. Zabaltza Plazan kokatuta egongo da eta goiz eta arratsaldez ekintza desberdinak antolatu dira pertsonen ongizate osoaren inguruan hausnarketa eta elkarrizketa eragiteko helburuarekin. Hala nola, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, elikadura osasuntsua, dolu prozesuak eta tabuak, migrazioa, harrera eta inklusioa, edota menopausia eta elikadura bezalako gaiak jorratuko dira, hitzaldi, tailer praktiko, mahai inguru eta solasaldien bidez.

           

            Ongizate integrala Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia” dela gogorarazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Horregatik, pertsona ororen ongizatea “plazaren erdigunera” ekarri nahi den gaia dela azpimarratu du; “ertz asko” dituen errealitatea delako, “eta arazo pertsonal edo indibiduala badirudi ere, denoi eragiten digu, eta ezinbestekoa da ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea”. Hori horrela, gonbita luzatu die irundar guztiei Ongizatearen Plazan parte hartzeko: “Gune ireki eta berritzailea da, gogoeta eragin eta elkarrizketa sustatu nahi duena”.

Programa

Asteazkenean Adinberriren eskutik abiatuko da Ongizatearen Plaza goizeko 10:00etan. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egingo da aurrena, eta gero Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia eta Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra. Jarraian, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko abian diren proiektuetako ordezkariak bilduko dira, hala nola Nagusilan, Bidasoa Zurekin, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa eta Gurutze Gorria. Haiekin batera izango da Itziar Sistiaga idazlea, “Laguntza Gutunak” proiektua garatu duena Irungo Udalarekin batera. Tarte hau 11:30 eta 13:00ak bitartean egingo da.

            Arratsaldean, 17:00etatik 18:00tara, landaregintza tailerra egingo da Endanearen eskutik, etxe osasuntsuago eta atseginago bat sortzen laguntzen duten landareei buruzkoa. Era berean, landareek ongizatean, espazioen zaintzan eta eguneroko bizitzan egiten duten ekarpena ezagutuko da. Eguna amaitzeko, 18:00tatik 19:30tara, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landuko dira mahai-inguru batean. Dolu prozesuak landuko dira, Bidasoa Zurekin elkarteko profesionalen eskutik, eta galera lehen pertsonan bizi izan dutenen testigantzak ere jasoko dira.

            Ostegunean, hilak 8, 10:00etatik 11:30tara, elikadura osasuntsua ardatz hartuko duen gosari tailerra egingo da, Elikaeneako Anne Otegiren eskutik, Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitioren laguntzarekin. Tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin batera. Ondoren, gazteen ongizatea hartuko da mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko da. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak.

           

            Irungo Ongizatearen Plazari amaiera emateko, 18:00etan hasita, Cristina Lajas dietista-nutrizionistak perimenopausian eta menopausian elikadurak betetzen duen papera azalduko du. Aldaketa hormonalek gorputzean eta eguneroko bizitzan dituzten eraginak ulertzen lagunduko du. Ondoren, 19:00-20:00 bitartean, migrazio-prozesua bizi izan duten pertsonek beren esperientzia partekatuko dute, Irunera iristeko bidea, lehen urratsak, zailtasunak, sorpresak eta herri berrian beren lekua aurkitzeko prozesua nolakoa izan den. Bukatzeko, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko amaiera irekia antolatu da, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotuko dutelarik plaza.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/irun
 

  

1196