Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Pasabanek papera mozteko teknologia berritzailea garatu du, “munduan bakarra

Pasabanek papera mozteko teknologia berritzailea garatu du, “munduan bakarra

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Unai Anduezak, berdinik gabeko garapen teknologiko hau bisitatu du Tolosan, Estatu Batuetako paperaren sektoreko bezero batentzat diseinatua. Cut Size makina gai da segundo bakoitzeko lau folio pakete ere ekoizteko; hala, efizientzia eta produktibitate estandar berria ezarri du nazioartean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Unai Anduezak, eta Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, Amaia Arregik, Tolosako Pasaban enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur, Cut Size makina berria zuzenean ezagutzeko. Konpainiaren garapen teknologiko estrategikoenetako bat da, eta papera mozteko munduko makinarik azkarrena eta produktiboena da bere kategorian.

Bisitan, konpainiaren presidente Alfredo Pasabanek eta Dani García CEOak harrera egin, eta Estatu Batuetako paperaren sektoreko bezero batentzat garatutako irtenbide berritzaile hori aurkeztu diete.

Gaur egun testatze-fasean dago, Tolosako fabrikan, eta laster bidaliko da Estatu Batuetara. Cut Size makina gai denez segundo bakoitzeko lau folio pakete ere ekoizteko, efizientzia eta produktibitate estandar berria ezarri du nazioartean. Aurrerapen horrek nabarmen bizkortzen ditu Pasabanen bezeroen ekoizpen-prozesuak, eta haien balio-proposamena indartzen du, gero eta zorrotzagoa den merkatu global batean.

Pasabanen eta bezeroaren arteko elkarlan biziaren emaitza da garapen hau, baita lantalde teknikoen eta ingeniaritzako lantaldeen ezagutza metatuaren eta berrikuntza-gaitasunaren emaitza ere. Proiektua Gipuzkoako lankidetza-ereduaren adibide da; izan ere, enpresaren, bezeroaren eta talentu teknologikoaren arteko elkarlana du oinarri. Horiek horrela, munduko erreferente gisa finkatzen du konpainia, espezializazio handiko sektore batean.

Pasaban ia mende beteko ibilbidea duen erreferente industriala da; 1928an sortua, Tolosan du egoitza. Hasiera batean familia enpresa zena, paper eta kartoigintzarako makineria industrialaren arloan nazioarteko lider bihurtu arte eboluzionatu du. Egun 40 herrialde baino gehiagotan dihardu, eta 45 milioi euro inguruko fakturazioa du. Diseinu eta fabrikazio jardueraz gain, zerbitzu teknikoko eta berringeniaritzako atal bat du, ekipoen bizi-ziklo osoan zehar bezeroei laguntzeko aukera ematen diena.

Bisitan, konpainiaren garapen teknologikoa eta enpresa gisa egin duen ibilbidea nabarmendu ditu Unai Andueza foru diputatuak: “Gipuzkoako industriaren adibide adierazgarria da Pasaban: lurraldean errotuta dauden enpresak, berrikuntzarako gaitasun handia, ikuspegi estrategikoa, eta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko eta lider izateko anbizioa dutenak. Enpresaren bilakaerak, familia enpresa izatetik nitxo oso espezializatu baten munduko erreferente bihurtu arte, talentuaren, ezagutzaren eta bikaintasun teknologikoaren aldeko apustua islatzen du”.

Era berean, azpimarratu duenez, “Gipuzkoak industria sare sendo eta aurreratu bat du, gai dena ezagutza lehiakortasun, kalitatezko enplegu eta etorkizun-aukera bihurtzeko. Gipuzkoako Foru Aldundian, gure helburua da gure enpresa sarearen lehiakortasuna indartzen jarraitzea, gure mugen barruan nahiz kanpoan, batez ere, egungo ziurgabetasun testuinguruan”.

Bestalde, Pasabaneko CEO Dani Garcíak adierazi duenez, “gaur Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gure etorkizuneko ikuspegia eta garatzen ari garen proiektu estrategiko nagusietako batzuk partekatzeko aukera izan dugu. Horien artean, cut-size sektoreko nazioarteko bezero garrantzitsu batentzat garatutako gure azken berrikuntza teknologikoetako bat aurkeztu dugu. Horrelako topaketek aukera paregabea eskaintzen dute gure taldeak egiten duen lana gertutik ezagutarazteko eta hamarkadetan zehar Pasabanen ibilbidea gidatu duten balioak indartzeko: berrikuntza, espezializazioa eta lankidetza, gero eta zorrotzagoa den nazioarteko merkatuan aurrera egiten jarraitzeko oinarri nagusi gisa”. Era berean, eskerrak eman ditu “egindako bisitagatik, erakutsitako interesagatik eta Pasabanen egunero garatzen dugun jarduera bertatik bertara ezagutzeko emandako aukeragatik”.

Mugarri berri honekin, Pasabanek bere nazioarteko lidergoa indartzen du, eta berriro erakusten du Gipuzkoako industria gai dela abangoardiako teknologia garatzeko eta merkatu global zorrotzenetan arrakastaz lehiatzeko.

Kasu hau Gipuzkoako eredu enpresarialaren erakusgarri da: lankidetza, lurraldeko erroak, metatutako ezagutza eta espezializazioa oinarri dituen eredu bat, familia enpresei eboluzionatzeko aukera eman diena, munduko erreferente bihurtzeraino. Gipuzkoako Foru Aldundiak berresten du enpresa sare horri laguntzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa duela, funtsezkoa baita lurraldearen garapen ekonomikorako eta etorkizuneko ongizaterako.

  

653