Pertsonen ongizate integrala “erronka kolektibo” gisa kokatu da Donostiako Ongizatearen Plazan
Pertsonen ongizate integrala “erronka kolektibo” gisa kokatu da Donostiako Ongizatearen Plazan
Bi egunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimenaren baitan landuko dira, besteak beste, ongizatearen zientzia, bakardadeak, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, pantailen erabilera, emakumeen zikloak edota heriotza eta dolu prozesuak.

Gaur goizean, uztailak 15, ekin zaio Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimenaren programazioari, helburu nagusitzat duena “pertsonen ongizate integrala erronka kolektibo gisa heltzea”. Hala azpimarratu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, Donostiako alkate den Jon Insaustirekin batera, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan. Bi egunez, uztailak 15 eta 16, Saguesen egongo da kokatuta plaza hau, “modu kolektiboan eta komunitate loturak sustatuz landu dezagun erronka konplexu hau”. Izan ere, norberaren ongizatean eragina duten errealitate “berri eta emergenteak” ugaritzen ari direla gaineratu du: “Oinarrizkoa da gai hau plazaren erdigunera ekartzea eta denon artean erantzunak bilatzea”.
Mendozak gogoratu du dagoeneko Gipuzkoako zazpi herritan egon dela “plaza ibiltari” hau: Zarautzen, Bergaran, Eibarren, Hernanin, Legazpin, Pasaian eta Deban. Bere ibilbidean, datozen bi egunetan Saguesen egongo da kokatuta eta solasaldi, tailer, hitzaldi edo musikaren bidez, “denoi eragiten dizkiguten” gaiak jorratuko dira, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura osasungarria, pantailen erabilera, nahi ez diren bakardadeak, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak, emakumeen zikloak eta ongizatearen zientzia.
Bere aldetik, Jon Insaustik nabarmendu du “bai ongizatea eta baita plaza izaera ere” Donostiaren helburu direla. “Europako hiri oparo eta zoriontsuena izatea dugu helburu 2040 urtera begira, eta oparotasunaz asko hitz egiten badugu ere, horri ongizatearekin estuki lotuta dagoen zoriontasuna gehitu nahi diogu. Bada, bi egun hauetan ongizatearen giltzarri batzuk jorratuko dira hemen: osasuna, teknologia, elikadura… Hain zuzen ere, zientzia eta ezagutzaren hiriarekin bat egiten duten alorrak”.
Bestalde, plazari dagokionez, Jon Insaustik adierazi du “Donostiarron nahia dela komunitatea eraikitzea, zatikatzea handitzen ari den garai batean”. “Oparotasuna eta kohesioa uztartu nahi ditugu”, gaineratu du Donostiako alkateak.
Ariketa fisikoa, elikadura, bakardadea edota ongizatearen zientzia
Gaur goizean, Adinberriren eskutik abiatu da Ongizatearen Plazako programazioa. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egin da eta, jarraian, Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia. Ondoren, tailer praktiko bat egin da teknologia berriak pertsona guztien eskura jartzeko, Bizipoz kooperatibaren eskutik. Sare sozialak eta tresna digitalak egunero modu errazean probatzen, zalantzak argitzen eta erabiltzen ikasteko gunea izan da.
Arratsaldean, Gurutz Linazasoro neurologoak ongizatea zer den eta zein faktorek baldintzatzen duten azaldu du, ongizatearen zientzian sakonduz. Genetikaren, garunaren eta ingurunearen eragina aztertu du, eta ongizatea hainbat faktoreren emaitza dela ere azpimarratu du. Halaber, nabarmendu da diruak ez duela zoriontasuna ematen, haurtzaroak helduaroko ongizatean arrastoa uzten duela eta pertsonen arteko harremanak funtsezkoak direla.
Lehen eguna amaitzeko, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landu dira mahai-inguru batean. Dolu prozesu desberdinak aztertu dira, suizidioan eta seme-alaben galeran arreta berezia jarriz. Prozesu horiek laguntzen dituzten eta doluaren eta heriotzaren esparruan lan egiten duten profesionalek parte hartu dute, Bidegin eta Matia Fundaziokoak, beren bizipenak lehen pertsonan partekatu dituzten testigantzekin batera.
Bihar, hilak 16, 10:00etatik 11:30era, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi ireki bat eskainiko dute Jakoba Errekondo agroekologian adituak eta Elikaeneako Ana Otegik. Ondoren, Ados antzokiak ekoitzitako hiru mikrodokumental proiektatuko dira, nahi gabeko bakardadeari buruz hausnartzeko, eta herritarren benetako kasuak ere jorratuko dira, arlo horretan lan egiten duten proiektu eta elkarteekin batera, hala nola Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Gurutze Gorria, Nagusilan, Maitaro Zerbitzua eta Kuvu.
Amaitzeko, ostegun arratsaldeak hiru zati izango ditu. Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo da Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasungarria’ izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta.
17:30etik 19:30era, emakumeetan eta haien zikloetan jarriko da arreta. Emakumearen etapak landuko dira elikaduraren eta fisioterapiaren ikuspegitik, hilekoaren zikloa ardatz hartuta. Ane Goikoetxea dietista integratzaileak eta Emekiko Alazne Apalantza fisioterapeutak gorputza zaintzeko tresnak eskainiko dituzte, tabuak hautsiz eta emakumeen ongizatea indartuz. Ondoren, bi egunetan bizitako esperientziak partekatzeko eta lotura komunitarioak sendotzeko, jai-giroko itxiera antolatu da. Amaia Gajate kantari donostiarrak kontzertu akustikoa eskainiko du, euskarazko baladekin eta abestiekin, giro berezia sortuz plazan. Eguna aperitibo txiki batekin amaituko da.
Programa eta ordutegi osoa: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/donostia
817