Pertsonen ongizate integrala “Irungo plazara” ekarri da
Pertsonen ongizate integrala “Irungo plazara” ekarri da
Bi egunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimenaren baitan landuko dira, besteak beste, gazteen ongizatea, bakardadeak, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, migrazioa eta harrera, edota heriotza eta dolu prozesuak.

Gaur goizean, urriak 7, ekin zaio Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Ongizatearen Plaza ekimenaren programazioari, helburu nagusitzat duena “pertsonen ongizate integrala erronka kolektibo gisa heltzea”. Hala azpimarratu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, Irungo lehen alkateorde den Nuria Alzagarekin batera, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan. Bi egunez, urriak 7 eta 8, Irungo Zabaltza plazan egongo da kokatuta “plaza ibiltari” hau, “modu kolektiboan eta komunitate loturak sustatuz landu dezagun erronka konplexu hau”. Izan ere, norberaren ongizatean eragina duten errealitate “berri eta emergenteak” ugaritzen ari direla gaineratu du: “Garrantzitsua da gai hau Irungo plazara ere ekartzea, denon artean bilatu ditzagun erantzunakfenomeno hauen aurrean”.
Mendozak gogoratu du dagoeneko Gipuzkoako hamar herritan izandela Ongizatearen Plaza ekimena: Zarautz, Bergara, Eibar, Hernani, Legazpi, Pasaia, Deba, Donostia, Hondarribia eta Elgoibar. Bere ibilbidean, datozen bi egunetan Irungo Zabaltza plazan egingo du hamaikagarren geldiunea eta solasaldi, tailer, hitzaldi edo musikaren bidez, “denoi eragiten dizkiguten” gaiak jorratuko dira, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura osasungarria, gazteen ongizatea, nahi ez diren bakardadeak, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak, emakumeen zikloak,eta migrazioa, harrera eta integrazioa.
Bere aldetik, Nuria Alzagak adierazi duenez, “Irun aspalditik dago konprometituta gizarte politikekin eta pertsonak erdigunean jartzearekin. Horregatik, zentzu handia du Ongizatearen Plazak hemen geldialdia egitea eta, kaletik bertatik, bakardadea, gure gazteen ongizatea edo zaintzak bezalako gai garrantzitsuez hitz egiteko aukera ematea. Irunen egunero lan egiten dugu pertsonei laguntzeko, Isolamenduaren Prebentzioa, ‘Laguntza gutunak’, Gazteekin edo Gurasoekin programekin, besteak beste, eta gizarte baliabideen sare zabal batekin. Hau da hiria ulertzeko dugun modua: zaintzen, laguntzen eta inor atzean uzten ez duen hiria. Eta honelako jardunaldiek guztion artean ikasten eta ongizatea eraikitzen laguntzen digute”.
Ariketa fisikoa, elikadura, bakardadea edota gazteen ongizatea
Gaur goizean Adinberriren eskutik abiatu da Ongizatearen Plaza goizeko 10:00etan. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egin da aurrena, eta gero Raquel Rodriguezekin mindfulnessterapia eta Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra. Jarraian, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko abian diren proiektuetako ordezkariak batu dira, hala nola Nagusilan, Bidasoa Zurekin, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa eta Gurutze Gorria. Haiekin batera izan da Itziar Sistiaga idazlea, “Laguntza Gutunak” proiektua garatu duena Irungo Udalarekin batera.
Arratsaldean, 17:00etatik 18:00tara, landaregintza tailerra egin da Endanearen eskutik, etxe osasuntsuago eta atseginago bat sortzen laguntzen duten landareei buruzkoa. Era berean, landareek ongizatean, espazioen zaintzan eta eguneroko bizitzan egiten duten ekarpena ezagutu da. Eguna amaitzeko, 18:00tatik 19:30tara, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landu dira mahai-inguru batean. Dolu prozesuak landudira, Bidasoa Zurekin elkarteko profesionalen eskutik, eta galera lehen pertsonan bizi izan dutenen testigantzak ere jaso dira.
Bihar, hilak 8, 10:00etatik 11:30tara, elikadura osasuntsua ardatz hartuko duen gosari tailerra egingo da, Elikaeneako Anne Otegiren eskutik, Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitioren laguntzarekin. Tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin batera. Ondoren, gazteen ongizatea hartuko da mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko da. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak.
Irungo Ongizatearen Plazari amaiera emateko, 18:00etan hasita, Cristina Lajas dietista-nutrizionistak perimenopausian eta menopausian elikadurak betetzen duen papera azalduko du. Aldaketa hormonalek gorputzean eta eguneroko bizitzan dituzten eraginak ulertzen lagunduko du. Ondoren, 19:00-20:00 bitartean, migrazio-prozesua bizi izan duten pertsonek beren esperientzia partekatuko dute, Irunera iristeko bidea, lehen urratsak, zailtasunak, sorpresak eta herri berrian beren lekua aurkitzeko prozesua nolakoa izan den. Bukatzeko, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko amaiera irekia antolatu da, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotuko dutelarik plaza.
1770