Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosa eta Alegia arteko bidegorria guztiz erabilgarri egongo da bihar, osteguna

Tolosa eta Alegia arteko bidegorria guztiz erabilgarri egongo da bihar, osteguna

Bide-zatia segurtasun-berme guztiekin irekiko da berriro, bidea egonkortzeko eta indartzeko lanak amaitu ondoren.

2026/01/28
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak oraingo ostegunean berrirekiko du Tolosa eta Alegia arteko Oria ibaiko bidegorriaren ibilbide zatia, lanak amaitzeko aurreikusitako data baino lehen. Horrela, tarte hori erabat erabilgarri geratzen da, eta segurtasun berme guztiak eskaintzen ditu Tolosaldean kirola egiteko eta aisialdirako hain erabilia den bide honetan.

Azaroaren 10ean hasitako lanak erritmo onean egin dira, eta, horri esker, aurreikusitako epeak laburtu ahal izan dira. Lanek lurzorua pixkanaka ibaiaren ezpondara lerratzearen ondorioz izandako hondoratzea konpondu dute. Horretarako, ezponda egonkortzeko eta eskoratzeko lanak egin dira, bidearen egitura bermatuz. Halaber, galtzada sendotu, errodadura-geruza berritu eta pintatzeko eta seinaleztatzeko lanak egin dira. Jarduketa osatzeko, baranda eta argiztapena berritu dira, eta ingurua leheneratzeko lanak ere egin dira hondatutako eremuan.

Era berean, Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei obrak egin bitartean izandako pazientziagatik, jarduketa horrek bidegorriaren eguneroko erabileran eragin handia izan baitu. Hala ere, beharrezko esku-hartzea izan da azpiegituraren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko eta epe luzerako baldintzarik onenetan erabiliko dela ziurtatzeko.

Esku hartze hau Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan hedatzen ari den bidegorriak mantendu eta berritzeko planaren barruan kokatzen da. Ildo horretan, Aldundia artatze-plan zehatz bat garatzen ari da, 104 kilometro inguru hartzen dituena lurralde osoan, eta 151 puntu desberdinetan jarduten duena; garbiketa-lanak, seinaleztapen eta babes-elementuen hobekuntzak, bide-zoruak indartzea eta drainatze  eta egiturak bermatzeko jarduketak, besteak beste.

2025-2026 aldirako plan honetarako aurreikusitako inbertsioa ia lau milioi eurokoa da, bidegorri sarea seguru, irisgarri eta erabilera baldintza onetan dagoela bermatzeko, eta, horrela, Gipuzkoako mugikortasun jasangarria eta bizi kalitatea indartzeko.

  

1715