Tolosan, Amarotzeko eta Usabalgo biribilguneen arteko bidegorri tartea osatuko du Aldundiak
Tolosan, Amarotzeko eta Usabalgo biribilguneen arteko bidegorri tartea osatuko du Aldundiak
Diputatuen Kontseiluak bultzada eman die Tolosan bidegorri tarte berri bat egiteko eta Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako bide seguru berria eraikitzeko proiektu banari

Diputatuen Kontseiluak gaur aurrerapausoak eman ditu gaur Tolosan, Usabal eta Amarotzeko biribilguneen artean bidegorriari jarraipena emateko tarte berria eraikitzeko eta Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako bide babestua egiteko proiektuak gauzatzeko bidean.
Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du Kontseiluak, Usabal eta Amarotz biribilguneen arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideari jarraipena ematea ahalbidetuko duen proiektua gauzatu eta finantzatzeko. Tarte hau Txarama arteko bidegorri berriarekin konektatuko da. Hala, Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu egin du jarduketa horren asmoa, eta adierazi du “esku-hartze puntuala dela, baina ezinbestekoa, oso erabilia den ibilbidea osatzeko eta Tolosako bidegorriei jarraipena emateko, segurtasuna eta erosotasuna bermatuz”.
Gaur egun, biribilguneen arteko lotura espaloi baten bidez egiten da. Proiektuak 4,5 metroko zabalerako zati berri bat eraikitzea aurreikusten du, 2,5 metro zabalerako bidegorri bat eta 2 metroko espaloi bat izango dituena, oinezkoen eta txirrindularien arteko bizikidetza segurua ahalbidetzeko. Ibilbide berri hori, gainera, ibilgailuen zirkulaziotik babestuta egongo da. Esku-hartzearen barruan euri-urak drainatzeko sistema hobetzea eta argiztapen berria instalatzea sartuko dira.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 339.045,07 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzaketaren % 53 bere gain hartuko du, Tolosako Udalarekin partekatutako proiektu baten esparruan.
Mendozak bideon garrantzia azpimarratu du: “bidegorriak funtsezko pieza dira mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko, baina herritarrek aisialdirako eta ariketa fisikoa egiteko asko baloratzen dituzten espazioak ere badira”. “Gure konpromisoa da sare hori osatzen eta hobetzen jarraitzea”, gaineratu du.
Amasarako errepidean oinezkoentzako bide berria
Bestetik, Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako ibilbide berri bat egiteko eta GI-3751 errepidea zabaltzeko proiektua ere onartu da, Villabonako N-I errepidearen irteera-adarrean. Helburua bide-segurtasuna eta bi guneen arteko komunikazioa hobetzea da. Proiektuarekin batera, hitzarmen bat sinatuko da Amasa-Villabonako Udalarekin.
Gaur egun, Amasara igotzeko errepideak zabalera txikia du, eta ia ez du oinezkoentzako lekurik uzten. Horrek zaildu egiten du ibilgailuak zirkulatzea eta oinez seguru mugitzea. Obrei esker, oinezkoentzako espaloi segurua, jarraitua eta argiztatua eraikiko da, Amasara igotzeko errepidearen paraleloan, Iberdrolaren azpiestazioraino, eta galtzada bera ere zabalduko da.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.079.168,51 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea 10 hilabetekoa da. Finantzaketa bi erakundeek partekatuko dute: Villabonako Udalak kostuaren % 60,74 hartuko du bere gain (655.486,95 euro), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 39,26 (423.681,56 euro). Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua arduratuko da obrak gauzatzeaz, eta, lanak amaitutakoan, errepidea udal-titulartasunekoa izango da.
Era berean, jarduketari esker, telekomunikazio-kanalizazio berriak ezarri eta gas naturala banatzeko sarea hobetu ahal izango da. Aurreikuspenen arabera, obrak aurten bertan lizitatu eta hurrengoan egingo dira.
N-I errepidearen lotune horretan bertan, Foru Aldundia jarduketa osagarri bat egiten ari da Amasarako errepidearen hasieran (GI-3751). Bertan, oinezkoentzako espaloi bat eraikitzen ari dira, 2 metroko zabalerakoa. Obra hori aurreratuta dago, eta maiatzaren amaierarako bukatzea aurreikusten da.
503