Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Trizikloan paseatzeko aukera izango da Gipuzkoako 18 egoitzatan

Trizikloan paseatzeko aukera izango da Gipuzkoako 18 egoitzatan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak bat egin dute egoitzak ingurunearekin eta komunitatearekin konektatzeko.

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak sinatu duten hitzarmenari esker, udaberri honetatik aurrera lurralde guztiko 18 egoitzatan egin ahal izango dira trizikloan ibilaldiak. Ekimen hau 2016an iritsi zen Gipuzkoara, eta, geroztik, ibilaldi solidarioak egiten dituzte, batez ere Donostia inguruan. “Hitzarmen honi esker, Bizikletaz Adinik Ez elkartearen ekimena eskualde gehiagotara iritsiko da, eta geroz eta pertsona gehiagok baliatu ahal izango du ibilaldi hauetaz, esperientzia bikaina baita bidaiariarentzat nahiz gidariarentzat, baita hiritar guztientzat ere”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak, gaur goizean Intxaurrondon, Txara parean egin duten topaketan.

            Diputatu nagusiak eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak elkarteko ordezkariei harrera egin diete Gizarte Politiketako departamentuaren egoitzaren parean, Txaran. Begoña Calleja elkarteko presidentearekin eta Mariló Minguez arduradun operatiboarekin batera etorri dira trizikloak gidatzen dituzten BAEko hiru boluntario, Josu Yurramendi, Ángel Aranburu eta Iñigo Munilla, eta Txara I eta II egoitzetan bizi diren adineko pertsonak.

           

            Martxoaren 25ean Zarauzko Santa Ana egoitzan hasita, guztira 26 irteera egingo dira 7 eskualde eta 14 udalerritan, 18 egoitzetako erabiltzaileengana iristeko: San Gabriel (Hondarribia), Gurutze Gorria (Irun), Jesusen Bihotza (Errenteria), Zorroaga (Donostia), Alai Etxe (Donostia), Berio (Donostia), San Pedro (Pasaia), Iurreamendi (Tolosa), Uzturre (Tolosa), San Jose (Ordizia), Txindoki (Lazkao), San Juan (Zestoa), Gisasola (Zestoa), Santa Ana (Zarautz), Egogain (Eibar), Mesedetako Ama (Soraluze), San Martin (Oñati), eta Jose Arana (Eskoriatza).

            Egoitza horietako 150 erabiltzailek baino gehiagok hartu ahal izango dute parte irteeretan, gidari boluntarioen gidaritzapean. Diputatu nagusiak baloratu duenez, triziklo hauek eta gidatzen dituztenek erakusten dituzte Gipuzkoako gizartearen “balio hoberenetakoak”, hala nola, “gizarte konpromisoa, errespetua eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harremana, eta ingurumenarekin kontaktuan egotea”. “Gainera, boluntario gisa egiten dute, sustatuta mugikortasuna, zahartze aktiboa, ingurunearekiko errespetua, osasuna eta pertsona ororen ongizatea”, adierazi du.

Olanok eskerrak eman dizkio Bizikletaz Adinik Ez elkarteari gizarteari egiten dion ekarpen “eskuzabal eta positiboagatik”, bere jarduerak erdigunean jartzen duelako gure gizarteko “kolektiborik zaurgarrienetako baten ongizatea”, adinekoena, hain zuzen. "Desberdintasunei komunitatearen inplikaziotik aurre egin behar dien lurralde baten errealitatea sinbolizatzen dute triziklo horiek, pertsona ahulenen bizitza hobetzen denbora librea ematen duten boluntario guztien konpromisotik. Gizartearen ongizatea erakundeen eta gizarte zibilaren helburu partekatua den Gipuzkoa batean", adierazi du diputatuak.

.

Bestalde, Begoña Callejak gogorarazi du garrantzitsuena ez dela helmuga, baizik eta konpainia, sortzen diren harremanak, pertsonen arteko hurbilketa eta jarduerak sortzen duen ongizatea. "Berrikuntzan aurrera egin nahi dugu eta pertsonen parte-hartze soziala erraztu, hurbiltasunetik. Elkarrekin, pertsonen mesederako testuinguru berri bat sortzen dugu, hiriaz gozatzeko eta istorioak ehuntzeko aukera eskainiz ".

Jatorria Copenhagen, Cycling Without Age

Cycling Without Age 2012an Copenhagen sortutako nazioarteko mugimendu bat da. 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultura-hiriburutzaren testuinguruan, Danimarkan sortu ziren balioak irudikatuta: adinekoei denbora eskaintzea eskuzabaltasunetik, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz.

Bizikletaz Adinik Ez ekimenaren helburua, nazioarteko mugimenduaren barruan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, parte-hartzearen, belaunaldien arteko lankidetzaren eta hiri-mugikortasunaren bidez. Eta pertsonengan, mugikortasun iraunkorrean, parte-hartzean, gizarte-kohesioan, jasangarritasunean eta konpromisoan oinarritzen du bere jarduera guztia: "Pertsona da gure balio nagusia. Jardueraren onuradun zuzena da, baina baita bitartekari boluntarioa ere, begiratzen duen herritarra eta kolaboratzaile guztiak", adierazi du Callejak amaitzeko.

  

2783