Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urkulun oinezkoentzako bide segurua eraikitzeko lanak hasi ditu Aldundiak

Urkulun oinezkoentzako bide segurua eraikitzeko lanak hasi ditu Aldundiak

Hainbat lan abiaraziko dira eremu honetan, oinezkoentzako bideen eta errepidearen egoera hobetzeko. Basabetik gorako ibilbidean, errepidea segurtasunez gurutzatzeko esku-hartzea egingo da eta Areantzako errepideko hondoratzeak ere konponduko dira.

2026/10/23
Urkuluko urtegia, Aozaratza auzotik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aretxabaletako Urkulu urtegiaren inguruan hainbat hobekuntza-lan egingo ditu datozen hilabeteetan, oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea helburu dutenak, besteak beste.  Aurreikusitako jarduketen artean, Aozaratza auzoaren eta urtegiaren artean oinezkoentzako bide-tarte berria eraikitzea izango da nagusia. Horrekin batera, Basabetik urtegira igotzeko errepidea segurtasunez gurutzatzeko baldintzak hobetuko dira, eta Areantza auzoko errepideko hondoraketak konpontzeko lanak ere egingo ditu Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak.

Urkulu urtegia Aretxabaletako eta inguruko herrietako aisialdirako gune nagusietako bat da eta  inguru horretako ibilbide zein bidegorriak oso erabiliak dira aisialdian eta ariketa fisikorako. Hala, ibilbide hauek osatu eta segurtasun eta mugikortasun baldintzak bermatzea dute helburu Aldundiak egingo dituen lanek.

Aldundiak Aozaratza auzoaren eta urtegiaren arteko oinezkoentzako bide bereizia eraikitzeko lanak hasi ditu, gaur egun dagoen segurtasun-behar bati erantzuteko. Hain zuzen ere, Aozaratzatik urtegira jaisteko, oinezkoek GI-3131 errepidearen bazterretik ibili behar dute, 220 metro inguruko tarte batean, hilerritik urtegiraino. Bide berria GI-3131 errepidearen eskuinaldean eraikiko da (urtegirako noranzkoan) eta lanek sei asteko epea izango dute, 141.105,61 euroko aurrekontuarekin. Esku-hartze horri esker, Urkulu urtegiaren inguruko oinezkoen ibilbidea osatuko da. Otalora jauregiko aparkalekutik urtegiraino doan bidea jarraitua izango da, etenik gabe.

Halaber, herrigunetik, Basabe aldetik, Urkulura igotzeko ibilbidean ere segurtasun neurriak hartuko dira.  Azaroan, GI-3131 errepidea segurtasunez gurutzatzeko neurriak hartzeko lanak egingo dira. Gaur egun, Basabetik abiatuta urtegira igotzeko bidea hartzeko, saihesbide gaineko zubia igaro ondoren Urkulura igotzen den GI-3131 errepidea  gurutzatu behar da. Esku-hartze berriaren bidez, gurutzatzeko puntua beherago kokatuko da, ikuspena hobetzeko eta oinezkoek errepidea segurtasun handiagoz zeharkatu ahal izateko.

Areantzan, hondoraketak konpontzeko lanak
Aldundiak Areantza auzoko errepidean ere esku hartuko du, hainbat puntutan agertutako hondoraketak konpontzeko. Kalte horiek errepidearen azpitik igarotzen den uraren higadurak eragin ditu, eta konponketa egokia egiteko beharrezkoa da, lehenik, ur horiek behar bezala bideratzea.

Dagoeneko urak bildu eta bideratzeko azpiegitura martxan da: arekak eta kutxatilak berrituko dira, eta 320 metroko luzeran sakoneko drainatze-sistema berriak eraikiko dira.

Urak behar bezala bideratzeko lanak aurten egingo dira, eta, ondoren, errepidearen zorua berreraikiko da, datorren udaberrian. Horrela, hondoraketen jatorriari helduko zaio, eta errepidearen egoera eta erabilera-baldintzak hobetuko dira.

  

1977