Urteko lehen bi hilabeteetako zerga itunduen bilketa metatua % 10 igo da 2025eko aldi berarekin alderatuta
Urteko lehen bi hilabeteetako zerga itunduen bilketa metatua % 10 igo da 2025eko aldi berarekin alderatuta
Urteko lehen bi hilabeteetako zerga itunduen bilketa metatua % 10 igo da 2025eko aldi berarekin alderatuta
Otsailera arte metatutako bilketa 1.021 milioi eurokoa da, 93 milioi gehiago iazko epe bereko datuekin alderatuz

Gipuzkoako zerga itunduen bilketa metatuak % 10,1eko igoera izan du aurreko urteko aldi beraren aldean. Guztira 1.021 milioi euro bildu dira otsailera arte, 2025eko aldi berean baino 93 milioi gehiago. Sarrera osoak % 8,2 igo dira eta itzulketak % 18,0 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoa % 9,5 igo da eta zeharkako zergena % 11,1.
Otsailera arteko bilakaera positiboa esplikatzen du, alde batetik, sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: BEZa, lan atxikipenak, ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak. Bestalde, otsailera arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da Sozietateen kuota diferentzialaren itzulketak handitu direla.
Zergei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 5,4 handitu dira, hau da, 25,8 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiagatiko diru-sarrerak 7,6 milioi euro handitu dira; atal honetan kontuan izan behar da kanpainako sarrerak uztailean eta azaroan kontabilizatzen direla, eta kanpainako itzulketa gehienak apirila eta ekaina bitartean egiten direla. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren bilketa likidoa % 7,4 handitu da, hau da, 38,6 milioiko igoera.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 7,6 milioi murriztu dira otsailera arte, 2025eko aldi berarekin alderatuta. Aldaketa horrek bi osagai ditu: batetik, diru-sarrera gordinak 0,3 milioi jaitsi dira; eta bestetik, itzulketak 7,3 milioi euro igo dira. Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak abuztuan kontabilizatuko direla, eta kanpainako itzulketa-eskaerak urtearen amaieran gauzatzen direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.
Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, urte arteko terminoetan, % 11,5 hazi da, hau da, 35,6 milioi euro gehiago bildu da. Zerga honen baitan, Gipuzkoako lurraldeko sarrerak 23,2 milioi euro igo dira (+%6,5) eta itzulketak 12,3 milioi jaitsi dira (-% 23,9).
1606