Uztailera arteko bilketa metatua % 5,2 igo da Gipuzkoan 2025eko aldi berarekin alderatuta
Uztailera arteko bilketa metatua % 5,2 igo da Gipuzkoan 2025eko aldi berarekin alderatuta
Joan den hilera arteko bilketa metatu garbia 3.266 milioi eurokoa izan da, 161.194 milioi gehiago urte arteko alderaketan

Gipuzkoako bilketa metatu garbia % 5,2 igo da aurreko urteko aldi beraren aldean. Guztira 3.266.890 milioi euro bildu dira uztailera arte, 161.194 milioi garbi gehiago urte-arteko termino erkaketan. Sarrera osoak % 4,9 igo dira eta itzulketak % 4.
Uztailera arte erregistratutako bilakaera positiboa, alde batetik, diru-sarreren hazkundeak azaltzen du, honako kontzeptu hauetan: lan-etekinen gaineko atxikipenak, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak, ondare-irabaziak eta BEZa. Bestalde, uztailera arte metatutako diru-bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreen artean, Estatuko zerga berezien doikuntzen ordainketaren igoera aipatu behar da.
Tributuei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 4,9 igo dira, hau da, 61,8 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak 9,9 milioi handitu dira (kontzeptu hori erdibana banatzen da PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren artean). Ondare-irabazien gaineko atxikipenek 20,6 milioi euro egin dute behera (kontzeptu hori % 15 banatu da PFEZn eta % 85 sozietateen gaineko zergan). PFEZaren kuota diferentzial garbiagatiko diru-sarrerak 40,9 milioi euro handitu dira, eta itzulketak 14,3 milioi; beraz, bilketa likidoa 26,6 milioi euro handitu da uztailera arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren bilketa likidoa % 9,0 igo da, hau da, 107,2 milioiko igoera.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, honen kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 7,9 milioi murriztu dira uztailera arte, 2025eko aldi berarekin alderatuta. Aldaketa horrek bi osagai ditu: batetik, diru-sarrera gordinak 1,7 milioi murriztu dira; eta bestetik, itzulketak 6,2 milioi igo dira.
Kontuan izan behar da kanpainako diru-sarrerak abuztuan kontabilizatuko direla, eta kanpainako itzulketa-eskaerak urtearen amaieran gauzatzen direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.
Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, urte arteko terminoetan, % 4,9 igo da, hau da, 38,7 milioi euroko igoera egon da diru-bilketan. Atal honetan, Gipuzkoako lurraldeko sarrerak 55,1 milioi euro igo dira (+%5,2), itzulketak 14,9 milioi igo dira (+%2,7).
1333