Zahartze osasuntsua, elikadura, haurren heziketa, osasun emozionala eta euskara mintzagai, Errenteriako Ongizatearen Plazan
Zahartze osasuntsua, elikadura, haurren heziketa, osasun emozionala eta euskara mintzagai, Errenteriako Ongizatearen Plazan
Zahartze osasuntsua, elikadura, haurren heziketa, osasun emozionala eta euskara mintzagai, Errenteriako Ongizatearen Plazan
“Egungo errealitate sozial berriek guztion ongizatean” duten eraginaren inguruan solas egiteko gonbitea egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak; bi egunez zabalik egongo da espazio berritzaile hau Gamon Zumardian

Gaur goizean, urriak 29, ekin diote Ongizatearen Plazako programazioari Errenterian. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ekimena da, helburu nagusitzat duena “egungo errealitate sozial berriek guztion ongizatean” duten eraginaren inguruan solas egiteko espazio bat sortzea. Hala azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, komunikabideei eginiko adierazpenetan, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatearekin batera. Bi egunez, urriak 29 eta 30, Gamon Zumardian egongo da kokatuta plaza ibiltari hau. Norbanakoen ongizatean eragina duten errealitate “berri eta emergenteak” ugaritzen ari diren honetan, Mendozak nabarmendu du “oinarrizkoa” dela gai hau plazaren erdigunera ekartzea eta modu kolektiboan erantzunak bilatzea.
Ongizatearen Plazak iazko uztailean hasi zuen Gipuzkoan barrenako bere ibilbidea Zarautzen. Ordutik, hamaika herritan egon da dagoeneko: Zarautzen, Bergaran, Eibarren, Hernanin, Legazpin, Pasaian, Deban, Donostian, Hondarribian, Elgoibarren eta Irunen. Hamabigarren geldiunea da Errenteriakoa eta datozen hilabeteetan lurraldean barrena jarraituko du, modu batera edo bestera denoi eragiten dizkiguten gaiak azaleratuz, hala nola, ariketa fisikoa zahartzaroan, elikadura osasuntsua, haurren heziketa, gazteen ongizatea, etaeuskarak komunitate bizitzan duen garrantzia, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ongizate integrala lehentasunezko gaia dela nabarmendu du diputatu nagusiak. Hala, herritarrak gonbidatu ditu Ongizatearen Plazako elkarrizketara batzera, ideiak partekatu, hausnartu eta gozatzera. Gaineratu du pertsonen ongizate integrala “herritar guztion partaidetza eskatzen duen erronka” dela, modu indibidualean soilik heldu ezin zaiona, “denon artean eraiki beharra daukagu, ikuspegi komunitario batetik”, azpimarratu du Mendozak.
Errenteriako Udalarentzat, pertsonen ongizateak zerikusia du herritarrek bizi-baldintza material duinak izatearekin, baina baita, komunitate baten parte sentitzearekin: ingurukoen aitortza eta harreman esanguratsuak izatearekin eta bizi garen ingurunearekin konektatuta egotearekin. Beraz, uste dugu ez dela nahikoa norbanakoaren beharrei erantzutea, baizik eta erakundeetatik ere, garatzen dugun politika eta ekimen bakoitzean, ongizatea eragingo duen komunitate baten eraikuntza sustatu behar dugula. Eta horrek esan nahi du gizarte-harremanak, bizikidetza-espazioak, parte-hartzea eta pertsona bakoitza guztion artean osatzen dugun komunitatearen parte sentitzeko aukerak sustatzeko lan egitea. Eginkizun horretan Errenteriak aliatu handi bat du, elkarte-sarea, askotarikoa eta oso aktiboa.
Hasteko, ariketa fisikoa Adinberriren eskutik
Zahartze osasungarriari buruzko saio batekin ireki dute Errenteriako Ongizatearen Plaza. Adinberriren eskutik egindako saioan, bertaratu direnek ariketa fisikoa egin dute Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren aginduak jarraituz. Ondoren, estimulazio kognitiboko tailer bat egin dute Naia Rosekin eta mindfulness terapia saio bat, RaquelRodriguezekin.
Eguerdi partean, zahartzaroan autonomia lantzeko irizpideak landu dituzte, non prebentzioaren garrantziaz hitz egin duten eta eguneroko ohiturek, harreman sozialek eta sare komunitarioek zahartze duin, aktibo eta autonomoa sustatzen nola lagundu dezaketen hausnartuduten.
Arratsaldean, Nola hezi gaur egungo munduan? saioa izan da. Aiora Larrañaga psikologoak familiei, irakasleei eta ikastetxeei hainbat irizpide eskaini die gazteei beren autonomia, autoestimua eta harreman osasuntsuak eraikitzen lagunduz, pantailak eta sare sozialak eguneroko bizitzaren parte diren testuinguru batean.
Osteguneko saioa tristurari, kezkari eta estutasunari buruzko hitzaldi ireki batekin amaitu da, Silvia ArosteguiDonostialdea ESIko Psikiatria Zerbitzuko buruaren eskutik.
Bihar, urriaren 30a, elikadura osasuntsuari buruzko tailer batekin hasiko da programazioa, Elikaeneako Anne Otegik zuzenduta, Errenteriako ekoizle baten laguntzarekin. Tailer honetan tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontzienteari eta jasangarriari buruzko azalpenekin batera.
Jardunaldiak gazteen ongizatean eta osasun emozionalean eragiten duten sare sozial eta bestelako faktoreei buruzko hausnarketa gune batekin jarraituko du.
Arratsaldean, euskararen eta ongizatearen arteko harremana jorratuko dute Badalaben eskutik. Gune honetan euskarak gure eguneroko bizitzan eta ongizatean duen lekuaz hausnartuko da, integrazioa, giza harremanak, teknologia berriak, komunitate-sentimendua eta pertenentzia bezalako gaiak hizpide hartuta.
Amaitzeko, Josu Ozaita antropologoak Gau Beltza euskal tradizioaren erritoak eta sinboloak aztertuko ditu. Ildo horretan, Idoia Lizeagak tailer bat diseinatu du, non lore bat apainduko den babes eta ugaritasun sinbolo gisa, Begoña Fernandez herriko lore diseinatzailearen eskutik.
Ongizate Plaza musikarekin itxiko da, giro informalean, bi egunetako esperientziak partekatzeko.
1553