Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zarauzko Antoniano ikastetxeak irabazi du fiskalitateari buruzko ideia berritzaileen gazte lehiaketa

Zarauzko Antoniano ikastetxeak irabazi du fiskalitateari buruzko ideia berritzaileen gazte lehiaketa

Aurten, zortzi proiektuk parte hartu dute Ogasun eta Finantza Departamentuak bultzatutako lehiaketan.

2026/06/09
Gipuzkoako Foru Aldundia

Fiskalitate arloko ideia berritzaileen lehiaketako sarien banaketa gaur egin da Foru Jauregiko Gunea aretoan, parte hartu duten ikasleak, irakasleak eta erakundeetako ordezkariak bildu dituen ekitaldi batean.

Zarauzko CPEIPS Antoniano Ikastetxea HLBHIP - Jose Domingo Epelde Fundazioak lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak antolatutako lehiaketaren lehen saria. Haien proposamena, “Iruzurlaria naiz”, ikasleek osorik sortutako abesti original bat da, sormenez eta erraz ulertzeko moduan azaltzen dituena iruzur fiskalaren problematika eta gizarte osoarentzat dituen ondorioak.

Talde parte-hartzaileak berak sortutako letra eta melodia baten bidez, proiektuak lantzen du nola, zerga-betebeharrak ez betetzeagatik, pertsona edo enpresa jakin batzuek kalte egiten dieten zerbitzu publikoen finantzaketari eta ongizate kolektiboari. Hizkera hurbila eta gazteentzako formatu erakargarria erabiliz kontzeptu konplexuak azaltzeko gai delako nabarmentzen da ekimena.

Bigarren saria Andoaingo La Salle Berrozpe - Legarra Etxebeste Fundazioak jaso du, “Nire diruaren bidaia” proiektuagatik. Proposamena dibulgaziozko bideo bat da, zergak zer diren, zergatik existitzen diren eta eguneroko bizitzan zer eragin duten modu errazean azaltzea helburu duena. Lanak helarazi nahi duen ideia da tributuak ez direla betebehar ekonomiko bat soilik, gizartearen funtzionamendurako eta zerbitzu publikoak emateko funtsezko ekarpen bat baizik.

Ogasun eta Finantzetako diputatuak, Itziar Agirrek, zorionak eman dizkie saritutako ikasleei eta parte hartu duten ikastetxe guztiei, aurkeztutako proposamenen kalitateagatik. Agirrek nabarmendu duenez, horrelako ekimenei esker “sormenez eta parte hartzeko moduan hurbil dakieke fiskalitatea gazteei, eta zergek eta zerbitzu publikoek gure egunerokoan duten garrantziari buruzko hausnarketa sustatu”.

Era berean, azpimarratu duenez, “funtsezkoa da belaunaldi berriak txikitatik ohitzea zenbait kontzepturekin: esaterako, erantzukidetasun fiskala, elkartasuna eta guztien ongizatea lortzeko konpromisoa. Izan ere, funtsezko balioak dira gizarte kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko”. Ildo horretan, balioa eman dio ikasleek gai horiek formatu berritzaileen bidez eta ingurunera egokituta helarazteko egindako lanari.

Lehiaketa hau, Ogasun eta Finantza Departamentuak zerga-sistemaren ezagutza indartzeko eta belaunaldi berrien artean erantzukidetasunaren kultura sustatzeko martxan jartzen dituen hezkuntza ekonomiko eta fiskaleko ekimenen parte da. Saritutako bi proiektuez gain, Gipuzkoako ikastetxeek aurkeztutako beste sei ekimen ere bildu ditu lehiaketak. Haietan, mahai-jokoen, bideoen eta gizartea sentsibilizatzeko proposamenen bidez jorratu dira zergen garrantzia, zerbitzu publikoen funtzionamendua, iruzur fiskalaren aurkako borroka eta herritarren erantzukidetasuna.

Unitate didaktikoa

Bestalde, Itziar Agirrek ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoan parte hartzera animatu ditu ikastetxeak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako unitate hori 2014tik ematen da, eta lurraldeko 30.149 ikasleri eman die prestakuntza. Diputatua, halaber, pozik agertu da ekimen hori sendotu egin delako: izan ere, hamahiru urteko ibilbidean, sei ikastetxetan irakastetik gaur egungo 101 ikastetxetara pasatu da.

Nobedade gisa, 2025-2026 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean sinatutako hitzarmen berria jarri da abian, eta, horri esker, beste bi hezkuntza ziklotara zabaldu ahal izan da Ekonomia eta Fiskalitate programa. Horrela, ekimena hiru prestakuntza etapatan garatzen da gaur egun. Horiek-horrela, ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 5 ikastetxek eta 122 ikaslek, DBHko 1. eta 2. mailako ikastetxe batek eta 122 ikaslek, DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 95 ikastetxek eta 3.104 ikaslek parte hartu dute.

Unitate didaktikoaren helburua gazteen artean kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzea da. Haren bidez, EAEko zerga-sistemaren oinarrizko ezaugarriak, zerga nagusien egitura, bildutako baliabideekin finantzatzen diren zerbitzu publikoak eta ongizate kolektiboa bermatzearren iruzur fiskalari aurre egiteak daukan garrantzia jorratzen dira.

  

869