Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zegama-Aizkorri lasterketak 900 kirolari baino gehiago bilduko ditu maiatzaren 17an

Zegama-Aizkorri lasterketak 900 kirolari baino gehiago bilduko ditu maiatzaren 17an

Guztira 585 pertsonak, horietatik 92 emakumeak, jokatuko dute mendi maratoi ospetsu honen 25. edizioa; 100 parte-hartzaile, horietatik 30 emakumeak, junior kategorian irtengo dira; eta 248 (55 emakumeak), KB kategorian.

2026/04/30
Zegama Aizkorriren 25. edizioaren aurkezpena

Zegama Aizkorriren 25. edizioaren aurkezpena


Zegamak Gipuzkoako kirol ekitaldi nagusietako bat hartuko du datorren maiatzaren 17an. Zegama-Aizkorri lasterketak 900 kirolari baino gehiago bilduko ditu Goierriko udalerrian. Guztira 585 pertsona, horietatik 92 emakumeak, daude izena emanda 25. edizioa ospatuko duen mendi maratoi ezagun honetan. Gainera, 100 kirolarik (30 emakume) junior kategorian parte hartuko dute eta 248k (55 emakume) KB kategorian.

Donostian mendi lasterketa honen aurkezpena egin dute ostegun honetan Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Iker Zubeldia Zegamako alkateak, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak.

Azken horrek azaldu duenez, 25 nazionalitatetako korrikalariak bilduko dituen Golden Trail Word Series probako lehen proba puntuagarria da, baina parte-hartzaileen % 25 baino gehiago lurraldekoak dira eta % 35 baino gehiago EAEkoak.

Zegamak kirolari ezagun asko hartuko ditu aurten ere. Gizonezkoen artean, Elhousine Elazzaoui iazko irabazlea eta Daniel Pattis, Luca Del Pero eta Lorenzo Beltrami (iazko hirugarren, laugarren eta bosgarrena) nabarmentzen dira. "25. urteurrena dela eta, txapel preziatuaren jabe guztiak gonbidatu ditugu, eta Kilian Jornet, Manuel Merillas, Remi Bonnet, Rob Jebb eta Mario Poletti izango ditugu irteeran", adierazi du.

Emakumezkoetan, ez da faltako iazko garailea, Sara Alonso eta TOP 5 osoa Judith Wyder, Malen Osa, Rosa Maria Lara eta Theres Leboeufekin. Aurten lehen aldiz egongo da irteeran Tove Alexandersson, aurtengo Salomonen fitxaketa, iaz Canfranc 2025ean munduko irabazle izendatu zena, Sara Alonso bigarrenaren ordu erdiko abantailarekin. "Aurten emakumezkoen errekorra egon daitekeela uste dut" dio Arizkorretak. Eta beste edizio batzuetako irabazleak Ida Nilsson eta Angela Mudge izango dira.
Euskal izen nabarmenen artean, Paul Ormaetxea, Ibai Larrea, Ander Iñarra, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi gizonezkoetan eta Sara Alonso, Malen Osa, Oihana Zubillaga, Ainara Uribarri eta Euskal Selekzioko Lide Urrestarazu, Ainara Alcuaz eta Ainhoa Garikano emakumezkoetan.

Gero eta emakume gehiago
Zegaman gero eta emakume atleta gehiago daudela azpimarratu du Arizkorretak. Zentzu horretan, maratoian emakumeen parte-hartzea % 15 ingurukoa izango dela adierazi du, KB kategorian emakumeak % 22 dira eta junior kategorian % 30era igotzen da. "Datu horiek erakusten digute emakumeen parte-hartzea eta gaitasuna, bai orainaldian, bai etorkizunean, bermatuta dagoela", nabarmendu du.

Halaber, kirol proba honen antolakuntzatik azaldu dutenez, "KB modalitateko 23 urtez azpikoen kategoriak iaz izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere adin tarte horri ikusgarritasuna ematen jarraituko dugu". "Horrela, trailrunningaren oraina osatzen duten eta etorkizunean sarritan entzungo ditugun izenei protagonismoa ematea lortzen dugu", nabarmendu du Arizkorretak.

Junior kategoriari dagokionez, azken urteetako dortsal eskariaren aurrean, aurten ere zozketa bidez banatu dira, beste bi lasterketetan bezala. "Kategoria honetan parte hartzen dutenek larunbateko eliteko lasterketaren aurkezpenean ere parte hartuko dute", adierazi dute antolatzaileek.

"Aurten jauzi kualitatibo bat emango dugu Warner Bros Discovery-k ekoitziko duen estaldura mediatikoan. Zuzenean emango da WBD plataformen bidez (HBO Max, Eurosport, discovery+, TNT Sports) eta mundu mailako emanaldi-sare zabal batean. Hemen EiTBn euskaraz eta Teledeporte edo Eurosport gaztelaniaz jarraitu ahal izango da ", gaineratu dute.

Trafiko murrizketak eta Lurraldebuseko zerbitzu bereziak
Zegama-Aizkorriren tamainako kirol proba, parte hartzaile guztiekin eta mugitzen duen publikoarekin, erronka handia da Zegama bezalako herri txikientzat. Hori dela eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu asteburu osoan, nahi duten pertsona guztiak herrira ibilgailu pribatuan joan beharrik gabe irits daitezen.

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, larunbatean, hilak 16, 10:00etan, 11:00etan, 15:00etan, 16:00etan eta 17:00etan irtengo dira Zaldibiatik, eta geldialdi hauek egingo dituzte: Gudarien Etorbidea (10:05, 11:05, 15:05, 16:05 eta 17:05), Garagartza (10:10, 11:10, 15:10, 16:10 eta 17:10), E. Lasa (10:15, 11:15, 15:15, 16:15, 17:15), Oriamendi 32 (10:18, 11:18, 15:18, 16:18 eta 17:18), Kiroldegia (10:20, 11:20, 15:20, 16:20 eta 17:20), Olaberria

Itzulerako zerbitzu bereziak 20:00etan, 21:00etan eta 22:00etan aterako dira Zegamatik.

Bestalde, igandean, hilak 17, zerbitzu bereziak Zaldibiatik abiatuko dira 6: 30ean, 7: 00etan eta 8: 00etan, eta itzultzeko autobusak egongo dira Zegamatik 15:55ean, 16:55ean, 18:00etan eta 19:00etan.
"Pertsona guztiak gonbidatzen ditugu zerbitzu berezi hauek Zegamara hurbiltzeko erabil ditzaten, izan ere, herria oso jendetsua egongo da eta autobusa izango da hitzordu handi honetaz gozatzeko modurik erosoena", adierazi du Azahara Domínguezek. "Azken 25 urteetan, Zegama-Aizkorri erakusleiho onena izan da Gipuzkoako barnealdea munduari ezagutarazteko", adierazi du, eta lasterketa hau "kalitatean, esperientzian, balioetan eta benetakotasunean oinarritutako eredu turistiko baten adierazle ezin hobea da, beste destino batzuek jasaten duten estandarizaziotik urrun". Azaldu duenez, iaz 30.000 bisitari izan zituen Goierrik, 2024an baino % 5 gehiago, eta gogorarazi du Gipuzkoako mendiari eta barnealdeari balioa emateko egin duela Aldundiak bere mendi gida, "Zegama-Aizkorriko esperientzia urte osoan zehar bizitzeko aukera zabalduz".

Green Trail Concept
Bestalde, Zegamako alkate Iker Zubeldiak azaldu duenez, Kilian Jornet fundazioak bultzatzen duen Green Trail Concept zigilua modu ikuskatu batean lortzeko lanean ari dira. Europar Batasuneko Erasmus+ programarekin batera finantzatutako proiektu honen helburua da "trail running proben kudeaketa hobetzea, ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta etikaren ikuspegitik praktika jasangarriak txertatuz mendi-lasterketako proba horien antolaketan".

Gainera, 25. urteurrena dela eta, Labrit ekoiztetxe nafarrarekin elkarlanean, zilarrezko ezteietara iritsi arte Zegamak egin duen bidea jasotzen duen dokumentala egin da, sare sozialetan publikatuko dena.
Halaber, efemeride hau ospatzeko, murgiltze erakusketa bat antolatu da Anduetza parketxean, Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroan. Bertan, lasterketaren bilakaera eta punturik aipagarrienak ezagutzeaz gain, edizio guztietako kamiseta oroigarri guztiak biltzen dira.

Azkenik, Goiturreko zuzendari Niko Osinaldek eskerrak eman dizkie maratoiaren antolakuntzari eta Zegamako Udalari "eskualdearen alde egindako lan eskergarengatik", eta, aurtengo ediziorako zorte ona opa ondoren, dei irmoa egin die donostiarrei eta gipuzkoarrei, beste leku batzuetatik iristen diren bisitariek eta turistek bezala, etxe aurrean dutena ere ezagut dezaten eta Goierrik haientzat dituen baliabide natural eta bestelakoak bisitatzera anima daitezen, hori guztia, ahal dela, garraio publikoan".
 

  

1159