Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ene laztan gozo ederra…', XVI. mendearen hasieran (zirka 1515) idatzitako euskarazko maitasun poema zahar bat ezagutzera eman da

Ene laztan gozo ederra…', XVI. mendearen hasieran (zirka 1515) idatzitako euskarazko maitasun poema zahar bat ezagutzera eman da

Gaur, abenduak 3, Euskararen Egunean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu du Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan (Oñati) aurkitutako euskarazko maitasun poema zahar bat. Testua euskara arkaikoan idatzita dago.

Markel Olano diputatu nagusia ““Euskararen bilakaerai buruzko ikerketa eta ezagutza dira gure hizkuntzaren etorkizuna finkatzeko oinarririk sendoena; aurkikuntza honek argi berria eskainiko du zeregin horretan".

Harkaitz Millan Kultura diputatua: "Poema euskara arkaikoan idatzitako lehen testuetako bat da eta balioa ematen dio Gipuzkoako artxiboetan egiten dugun ikerketa lanari".

Ander Ros filologo eta testuaren aurkitzailea: "Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia kontuan hartu behar da, izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen”.

 

Koldo Mitxelena Liburutegiko ikasketa gelan (Paraninfo) aurkeztu dute dokumentua Markel Olano diputatu nagusiak, Harkaitz Millan Kultura diputatuak eta Ander Ros filologo eta dokumentuaren ikertzaileak. Eskuizkribua ikusgai egongo da KMKren sarreran hurrengo bi asteetan.

‘Artxiboko ekosistemak’ bere fruituak eman ditu berriro, kasu honetan euskarari dagokionez.  Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan diharduten pertsonen, artxiboko langileen, historialarien eta filologoen lanari esker aurkitu, identifikatu eta nabarmendu ahal izan da Azkoitiko notario-protokolo batean zegoen euskaraz idatzitako testu zahar bat.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoako artxiboak egindako lana zoriondu eta errekonozitu du. Bere esanetan, azken aurkikuntza honen berri ematea "bereziki pozgarria" bilakatzen da Euskararen Nazioarteko Egunean. "Altxor bat da, baina ez giltzapean gordeta edukitzeko horietakoa, euskararen azterketan sakontzeko aukera baizik. Gure hizkuntzaren bilakaerari buruzko ikerketan eta ezagutzan aurrera egitea da hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko ahaleginean izan dezakegun oinarririk sendoena. Eskuizkribu honek argi berria eskainiko du zeregin horretan ", ziurtatu du.

Artxiboko langileen lanari esker, eta Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin (artxiboaren erabiltzailea eta Gipuzkoako historiaren garai hura ezagutzen duen aditua), irakurtzen oso zaila den testu honen lehen transkripzioa egin ahal izan da. Azkenik, Ander Ros filologoari, artxiboen ohiko erabiltzaile eta antzinako notario-dokumentuen aditu denari, eskatutako laguntzari esker, testuaren garrantziari buruzko lehen balorazioa daukagu, baita ulertzeko zailak diren zati jakin batzuen lehen interpretazioa ere.

Aurkikuntzak garrantzi handia du, gutxi baitira XVI. mende hasierako euskarazko testuak. Gaur egun arte iritsi diren ia guztiak mikrotestuak dira, esaldi solte batzuk edo kopla txiki itxurakoak.  Euskara arkaikoan idatzitako testuen eskasia kontuan hartuta (1660. urtea baino lehenagokoak, Lakarraren arabera, -1997-), esan dezakegu Oñatin agertutako poema zirriborroa izan daitekeela euskaraz kontserbatzen den testurik zaharrenetakoa da.

Harkaitz Millan Kultura diputatu sozialistak adierazi duenez, "ez da gerora ohikoagoak izango diren euskarazko testu erlijioso horietako bat, maitemindu baten giza historia bat baizik. Gaurko eguna, euskararen nazioarteko eguna, bereziki garrantzitsua da gure hizkuntza giza sentimenduen eta historia pertsonalen transmisore gisa erakusten digun altxor hau ezagutzera emateko".

Bestalde, Ros irakaslearen arabera, "testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik zaharrena, ia bakarra”. Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, filologoaren ustez, "kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia; izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen".

Testuaren egileari dagokionez, ikerketa lan bat egin behar da; izan ere, testua Miguel Ibañez de Insausti eskribauaren protokolo batean badago ere, 1503 eta 1522 bitarteko notario-eskriturak dituena, uste da testuaren egilea dela ikasketa prozesuan Insaustiren eskribautegian lan egin ahal izan zuen eskribauetako bat.  Idazketa datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentziak bide ematen dute baieztatzeko testua 1508 eta 1521 artean idatzi zela.

Informazio gehiago:

http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu/kontserbaturiko-dokumentuak/26/214.html (euskera)

Testu originala:

Ene laztan gozo ederra

penaz penaçen naçu.

Orreyn culez[1] ninduçula

Nola amora nençaçun

ori escuan ezpata?[2]

Çeure escuoz naraçu

andicoz eta ebeticoz[3]

Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea[4]

Amore minez penaçen

olloa lumaz estari

ni amorez yçerdi

ene barco negarretan

Çaldiac baduezi[5] leyara. Niri juan[6] çatan neure amorea, leena ezquero, on daducat neure vioçean barruna[7].

Goyçean goyçic jaqui ninçan, astean egun batean[8] astean egun batean, da asteleen goyçean.

Neure laztan “velaga” [9], jarri çequidan aurrean

Neurc nay eneban vian, “çaoncaur” aldean

Colpe andiaç jo nenguian[10], vioç onen erdian.

Elizara nijoean[11], colpea[12] ar neçanean

Velauric[13] jarri ninçan, alderean aurrean

Neure vecatuas confesatu eguin baninç[14] bequela,

Penetençia eman çidan, vide nevan bequela

Vitarteco ema[…] ni[…]gon…[15]

 

 

 

 

 

[1] Hapax bat, esanahia ere ezezaguna duena.

[2] Ezpataren erreferentzia horrek emakumea mintzo dela pentsarazten digu. Balirudike espero gabea amoratu izana aitortzea baina aurrerago “juan çatan amorea” dio.

[3] Eranskinean oharra.

[4] Honi zesura eta metrika zantzurik ez zaio antzematen.

[5] Eranskinean oharra.

[6] JUAn edo JUAN berreraikitzea eskatzen du.

[7] Honi ere zesura eta metrika zantzurik ezin asmatu.

[8] Hemen nabarmen dela petatxo klitxetuez ari dela bertsoa osatzen. Alarguntsaren balan testuingurua argia da: Goizian goizik jeiki nündüzún, espusa nintzan goizian… [alargundu eta gero, dena gertatzen baita baladan barrena] senarraren gorpua zitroi urez garbitzen zuen astean egun batian / astean egun batean, eta ortzirale goizian. Gurean kontraesana dago, ezin baita gauza puntual bat (goizean goizik jaikitzea) maiztasun batez egitea (astean egun batean). Alarguntsaren baladan gauza bat gertatzen da goizean goiz, alarguntzea, eta harrezkero gauza bat egiten du astero-astero, ostiral goizez, senar hilaren gorpua zitroi urez garbitzea. Bos ahapalde dago bata eta bestearen bitartea. Gurean lerro berean!

[9] Nik BELAGA irakurtzen dut gehiago. Bata zein bestea izan, beste hapax baten aurrean geundeke.

[10] NENGUIAN behar luke.

[11] VA- gabe.

[12] -N gabe.

[13] Bukaeran -C behar luke.

[14] Holako forma bat berreraiki beharko litzateke. Nike z dut ezer ere ikusten BA bat baino.

[15] Esaldi honetan ezin da zentzudun ezer asmatu.

  

2823