Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

"Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan"

2022/04/09

-

2022/10/02

Donostiako San Telmo Museoan aurkezten da 2022ko apirilaren 9tik urriaren 2ra. San Telmo Museoak antolatu du, Bancaja Fundazioaren lankidetzarekin, honen Valentziako egoitzan ikusgai izan ondoren. Erakusketak mugarri bat eskaintzen du artearen historian, lehenengo aldiz, Oteizaren eta Chillidaren obra elkarrekin aurkeztean. Erakusketa berri honek bi artisten erakunde legatudunen adostasuna eta lankidetza jaso du, bai Jorge Oteiza Fundazio Museoarenak (Altzuza, Nafarroa) eta Chillida Lekurenak (Hernani, Gipuzkoa), eta XX. mendeko Europako eskulturan funtsezko bi figura hil zirenetik ia hogei urte igaro direnean aurkezten da.

Javier González de Durana komisario duen erakusketak dialogo bat pizten du haien eskulturen artean; bi hamarkadatan -50eko eta 60ko urteak- egindako sorkuntza-lanean oinarritua. Hain zuzen ere, garai hartan elkar ezagutu zuten Oteizak eta Chillidak, eta adiskidetasun harremana izateaz gain, bakoitzak arreta eta interes handiz ikusi zuen bestearen obra. Erakusketako ibilbideak beren pentsamendu estetikoen eta eskultura-lanen arteko elkarrizketa bat eskaintzen du, Oteizaren metafora paradigmatikoak eta Chillidaren metonimia sintagmatikoak maila berean agerian utzita.

Obrak ikuspegi kronologiko batetik hautatu dira. Hala, 1948an hastean da, biek egindako bidaiatik abiatuta –Oteiza Espainiara itzuli zenean Latinoamerikan egonaldi luze bat egin ondoren eta Chillida Parisa joan zenean eskultore bihurtu nahian-,eta 1969an amaitzen da –Oteizak Arantzazuko Basilikako estatua-multzoa amaitu zuenean eta Chillidaren lehenengo obra publiko handia Europan instalatu zenean, Parisko UNESCOren eraikinaren aurrean-.

Etapa horretan, hasieran giza irudiaren gainean lan egiteko joera antzematen da biengan, baina azentu desberdinekin; Oteizarengan primitibista-espresionista eta Chillidarengan klasizista-arkaizantea. Bi kasuetan, ezaugarri antropomorfikoak ebidentzia arinetara murrizten dira, gorputzaren irudikapen naturalista desitxuratzen zuten garaiko beste artista batzuen ildo berean.

Beren nortasun handiak bezain desberdinak hizkuntza bereziekin agertzen hasi ziren 50eko hasierako urteetatik aurrera. Chillidak Julio Gonzálezek irudikatutako tradizioari begiratu zion, burdinazko forjaketa landuz, nekazaritzako lanabesak gogora ekartzen dituzten materialetatik abiatuta irudiz osatutako unibertso bat zabaltzeko. Oteizak Henry Mooreren espazioari, hutsari eta masari buruzko ikerketetan sakondu zuen, irudi-sorta sendo eta dramatiko bat osatzeko, non hustuketa espresiboa, ez ordea huts inertea, gero eta presentzia handiagoa hartzen joango zen.

Erakusketak biltzen duen denbora-tartea Jorge Oteizak eta Eduardo Chillidak nazioartean hartu zuten garrantzia agerian geratu zenean ere hasten da; 50eko urteetan izan zen, Europako eta Amerikako lehiaketa ospetsuenetan sari nagusienak lortu zituztenean. Oteizak Ohorezko Diploma lortu zuen Milango IX. Trienalean, 1951n, eta Chillidak hurrengo deialdian lortu zuen,, 1954koan. Handik gutxira, 1957an, Oteizari Nazioarteko Eskultore Onenaren Saria eman zioten Sao Pauloko IV. Bienalean eta, hurrengo urtean, 1958an, Chillidak Eskultura Sari Nagusia lortu zuen Veneziako XXIX. Bienalean.

Jorge Oteiza Fundazio Museoaren eta Chillida Lekuren obrei beste bilduma publiko eta pribatu batzuetatik datozenak gehitu behar zaizkie, besteak beste: Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía; Bilboko Arte Ederren Museoa; Guggenheim Bilbao Museoa; Artium Museoa; Omega Bilduma; Telefónica Bilduma; Iberdrola Bilduma; "La Caixa" Fundazioa; Arantzazuko Santutegia; Kutxa Bilduma; Banco Sabadell Arte Bilduma; Kordobako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu  Ganbera; Banco de España Bilduma; Museo Universidad de Navarra; María José Jove Fundazioa; Santander Fundazioa; Arango Bilduma; Daza Aristi Bilduma; Retuerta Abadia. Le Domaine; Azcona Fundazioa; ICO Bildumak; Guillermo de Osma galeria; Michel Mejuto galeria; Carreras&Múgica galeria; besteak beste.

Erakusketa dela eta, katalogo bat argitaratu zen Valentzian, obren erreprodukzioarekin eta argitaratu gabeko dokumentazio grafikoarekin batera, komisarioaren bi ikerketa-artikulu biltzen dituena. Lehenengo artikuluak bi artisten obrak hamarkada haietan Espainian izan zuen harrera kritikoa analizatzen du, besteak beste, Juan Antonio Gaya Nuño, Vicente Aguilera Cerní eta Juan Daniel Fullaondoren testuak aztertuta. Bigarren testuak Johann Sebastian Bachen omenez bi eskultoreek egindako obrak aztertzen ditu. Izen bakarra da; kasu bakarra da hau biek izen bera erabili zutena, beren eskulturekin pertsona gailenei eskaini zizkieten omenaldi ugarien artetik.

Donostiako egoitzarako katalogo honen birragitalpena egin du San Telmo Museoak, euskara eta frantsesezko itzulpenak gehituz eta erakusgai dauden lanen zerrenda eguneratuz.

1948-1969: aldi partekatu eta dialogatu bat

1948an, Oteiza Espainiara itzuli zen, Latinoamerikan hamahiru urtez bizi ondoren. Bitarte horretan, 30eko hamarkadaren lehen erdian eskultore gisa hasi zuen jarduera alde batera utzi gabe, batez ere unibertsitateko irakaskuntzan aritu zen; urte hartan ere, Parisera joan zen Chillida , arkitektura-ikasketak utzi ondoren eskultore bihurtzeko erabakia hartu ondoren. Bestalde, 1969an Oteizak Arantzazuko Santutegirako bere estatua-multzoa amaitu zuen, 1951n hasia baina 1955etik Vatikanoko elizaren aginduz geldirik egon zena, eta Chillidak UNESCOk Parisen duen eraikinaren kanpoaldean bere lehen obra publiko handia jarri zuen. Hau da, 1948. urtea bidaien urtea izan zen, batarentzat berrabiatzekoa eta bestearentzat abiatzekoa; 1969. urtea, berriz, espazio sozial kolektiboan obra garrantzitsuak gauzatzekoa.

Horrela, esan daiteke 1948. urtea abiapuntu bat izan zela bientzat, nahiz eta Oteizak esperientzia praktiko eta, batez ere, teoriko bat metatua izan Latinoamerikako abangoardiako taldeekin harremanetan egon zenez gero, Parisen zuzenean jasotzen hasiko zena Chillida.

Biek egin zuten lan Arantzazuko Santutegirako, eta bertan utzi zituzten 50eko hamarkadaren lehen erdiko beren obra onenetako batzuk –abstrakzio geometrikoa ateetan eta existenzialismo tragikoa estatua-multzoan-, ordea, 1955-56tik aurrera lortu zuten beren osotasuna sorkuntzaren arloan, Oteizak espazioaren gaineko bere ikerketak hasi eta osatu zituenean, "asmo esperimentala" deitu zituenak, eta Chillida "burdina mozten" hasi zenean, informalismotik hurbil dagoen hizkuntza berezi eta erromantikoa sortzeko.

Zeharo desberdinak ziren izaeraz eta, hortaz, oso desberdinak artista gisa. Hala ere, 50eko eta 60ko hamarkadetan, interes eta kezka sortzaileak partekatu zituzten, kultura-proiektuetan parte hartu zuten, beste artista batzuen aldeko ekimen politikoak izan zituzten, eta garaiko espirituaz bilduta egon ziren. Izan ere, beren obretan antzeman daiteke espiritu hori, erakusketa honek deskubritzera gonbidatzen gaituen elkarrenganako joan-etorri sotilekin.

Kritika Oteizaren eta Chillidaren aurrean

Oteiza eta Chillida Espainiako arte-liburu batean elkarrekin agertu ziren lehen aldia Juan Antonio Gaya Nuñoren Escultura española contemporánea (1957) ikerketa zabalean izan zen. Gaya Nuñok Oteizak Sao Paulon arrakasta lortu aurretik eta Chillidak Galerie Maeght-en lehen aldiz erakusketa indibidual bat egin ondoren jorratu zuen bere analisia.

Oteizak, Gaya Nuñok ulertzen zuenez, hiperboloidea planteatzen zuen formaren eta egungo munduaren modulu mardul gisa: unitate arin bat – Errotazio etengabean eta kanporako anbizioekin –, behatzaileari artistaren pentsamenduan murgiltzeko aukera ematen ziona. Escultura española contemporánea liburuaren azken kapitulua "belaunaldi gazteei eta puntu epilogalari" buruzkoa zen. Hemen, Gaya Nuñok izen zerrenda luze bat lantzen du. Klasizismo handia sumatzen zuen gazteen artean, eta berak zioen ikusten zuela "asmamena eta sormena (...) hain interesgarria zen Eduardo Chillidarengan, Oteyza bezala gipuzkoarra bera". Historialariak positibotzat jo zuen Chillida "Gargalloren eta Julio Gonzálezen burdin zaharretara" itzuli izana.

Jorge Oteizaren eta Eduardo Chillidaren lehen "elkarraldi" bat izan zen Valentzian, Parpalló aldizkariaren orriak agertoki izan zituena. Argitalpenaren azken zenbakian, 1959ko udan, Vicente Aguilera Cerníren testu bat, "En torno a Jorge Oteiza" izenekoa, eta Gastan Bachelardek idatzitako beste bat, "El cosmos del hierro", eman ziren ezagutzera. Valentziako kritikariak amaitzen ari zen hamarkadan Oteizak izandako eboluzioaren ibilbide analitiko zehatz bat egiten zuen, Santanderreko topaketetatik hasita, ezagutu zuen unetik alegia, Sao Paulon lortu zuen sariraino, eta filosofo frantsesaren testua Parisen hiru urte lehenago ezagutzera emandako idatzi bat zen, Maeght galerian Chillidak izandako lehenengo bakarkako erakusketarako, Elena Aurak itzulia.

Oteizaren obrari buruzko Aguilera Cerníren hausnarketak Espainian ordura arte egindako aipamen kritikorik osatuena izan ziren -zehatza, zabala eta zorrotza-, eta Bachelardena ere Chillidari buruzko testu garrantzitsu eta aitzindari haren gaztelaniazko lehenengo itzulpena izan zen, Europan lehen mailako pertsona gailen batek landua. Idatzi horien aurretik, bi eskultoreetako batek ere ez zuen halako analisirik jaso, hain zehatz eta garrantzitsurik.

Valentzian ere, bi urte lehenago eta Arte Vivo aldizkarian (Parpallóren aurrekoa) agertu ziren Oteiza eta Chillidaren izenak bata bestearen ondoan, beste artista batzuekin batera.

Oteizaren eta Chillidaren lanaren beste analisi kritiko bat Juan Daniel Fullaondoren eskutik etorri zen Laocoonte crepuscular elkarrizketa liburuan. Honela dio: "Chillida mugitzen den eremuak ahulak dira teorikoki, baina intuizio puntualez, oso sentikorrez, erresonantzia poetikoz blaituta daude; (...) Oteizak, ia arlo guztietan parte hartuta, emaitza hibridoago bat ematen du teorikoki, baina oso adimentsua, izugarri adimentsua".

Beren obraren bideak

Oteiza eta Chillida, haien izaerak hain kontrakoak izanda, oso desberdin agertu ziren beren obrak egiteko orduan ere, baita interesatzen zitzaizkien gaiak berak zirenean ere -espazioa, argia, espiritualtasuna, sonoritate bisuala…-, eta antzekotasun formal puntualak izanda ere, haien lehen motibazioak eta azken asmoak ezin desberdinagoak izan.

Oteiza teoria baten jabe zen, eta eskultura-familiak sortzen zituen ñabardura ugarirekin, teoria frogatzeko. Chillidak abiapuntu eta helmuga zehatzik gabe hasten zuen eskultura bakoitza, behin obra bakoitza amaituta barruan zuen ideia zehatza aurkitzeko. Oteizaren izaera sutsuak laborategi baten berezko hoztasun zientifikoa darien obra epelak sortzea eragiten zuen; Chillidaren baretasunetik, berriz, barnealde sutsuak dituztela diruditen piezak sortzen ziren, altxatu eta airea zeharkatuz, sugar geldiak edo tximista mineralizatuak bailiran.

Aguilera Cerníren hitzetan, "Oteizaren obra metafisikaren plano espezifikoaren gainean geratzen da, Chillidarena indar espresiboaren eremuan kokatzen da, indar absolutu eta nonahikoen menpe".

JORGE OTEIZA (Orio, Gipuzkoa, 1908 – Donostia, 2003)

Hiru urtez Madrilen medikuntzako ikasketak egin ondoren, Jorge Oteizak eskultura lantzeari ekin zion, eta sariak eta aintzatespenak lortu zituen Donostiako eremu lokalean. 1935ean Hego Amerikara joan zen, eta han urteak eman zituen eskulturagintzan, zeramikaren irakaskuntzan eta artearen teoriari buruzko hausnarketak argitaratzen. 1948an itzuli zen Espainiara, ea hizkuntza artistikoaren berrikuntza sustatzen eta bultzatzen jardun zuen bertan.

1951n Arantzazuko Santutegiko eskulturak egiteko enkargua jaso zuen, 1969ra arte amaitu ez zen proiektua, elizaren betoak eragindako etenaldiengatik.

Espresionismotik eta figuraziotik eboluzionatu zuen, mendearen hasierako konstruktibista errusiarren abstrakzioaren eta ikerketa geometriko-arrazionalaren ikerketaren eta neoplastizismoaren bidea hartzeko. Hala, bide horrek eraman zuen eskulturan hutsari buruzko hausnarketa arretatsu eta metafisiko bat egitera, bere obraren protagonista izateraino, eskulturaren materialtasunaren kalterako.

Horrekin "giza espirituaren huts existentziala" adierazi nahi du, oso zehazki 1956 eta 1959 artean bere Asmo esperimentalarekin; lan horren emaitzetako batzuek, Sao Pauloko Bienalean (1957) aurkeztuek, Nazioarteko Eskultore Onenaren Saria irabaztera eraman zuten. Adierazpen horretarako, artistaren ahalmen intelektualekiko konfiantzan, modernitatearen izaera kontzeptualean eta espiritualtasunaren errepresentazioan oinarritzen da, bere piezetan, geometriaren bidez, balio unibertsalak atzeman eta transmititzeko asmoarekin.

1970ean Colón plaza (Madril) urbanizatzeko ideien lehiaketako lehen saria lortu zuen; proiektua, ordea, ez zen gauzatu. 1985ean Arte Ederren Espainiako Urrezko Domina eman zioten, eta 1988an Príncipe de Asturias Saria jaso zuen.

Idatzi teorikoek -horien artean nabarmentzekoa Cousque tandem...! Ensayo de interpretación del alma vasca (1963)- eta aktibismo soziokulturalak -Debako Eskola (1969) izenekoan jarrita bere ahaleginik handiena- osatzen dute bere lana, ikerketak, esperimentalismoak eta pedagogia berriak beregan piztutako interesaren adierazgarri. Bere obrak eragina du euskal artisten belaunaldi berrienean.

Artistak Nafarroako herriari eman zion bere obra eta 1996an Altzuzan (Nafarroa) berak sortutako Jorge Oteiza Fundazioaren museoan dago ikusgai.

Eduardo Chillida (Donostia, 1924 - 2002)

1943 eta 1947 artean Arkitektura ikasi zuen Madrilen, baina unibertsitatea utzi eta marrazketako klaseak hartzen hasi zen. 1948tik aurrera Parisen bizi izan zen, igeltsuzko lehenengo eskulturak egin zituen eta 1949ko Maiatzeko Saloian erakutsi zituen bere lanak.

1951n Hernanin (Gipuzkoa) ezarri zen. Bertan, nekazaritzako lanabesetatik eratorritako formak abiapuntutzat hartuta, burdina landuzko eskultura abstraktuak egin zituen, Euskal Herriko maisu errementarien tradizioari berriro helduta. 1954an Eduardo Chillidaren lehen erakusketa antolatu zen Madrilgo Clan galerian. 1956an, Maeght galeriak bere lehenengo erakusketa indibiduala aurkeztu zuen Parisen, eta bi urte geroago Nazioarteko Eskultura Saria jaso zuen Veneziako XXIX. Bienalean.

Materialen ezaugarriek bultzatu zuten burdinarekin, granitoarekin, alabastroarekin, altzairuarekin, zurarekin eta txamota lurrarekin lan egitera. Keinu informalistaren eta sendotasun konstruktibistaren artean, irudimenezko labirintoak sortu zituen. Enkargu publikoetarako eskultura monumentalak egin zituen mundu osoko herrialde ugaritan. 1963an bidaia bat egin zuen Greziara, eta bertan sortu zitzaion bere obretan argia txertatzeko interesa.

Artistak, aldi berean, obra grafiko bikain bat sortu zuen; funtsean grabatuak, non kolore zuria, hutsaren eta betearen arteko aurkakotasuna nabarmentzen dituen. Bere grabatuek liburu ugari ilustratuko zituzten gerora. 1968an, Martin Heidegger filosofoarentzat, Artea eta Espazioa liburuko ilustrazioak sortu zituen Chillidak.

1977an, Donostiako Kontxa badiaren mutur batean, Haizearen Orrazia instalatu zuen, bere obra publiko ezagun eta goraipatuena.

1971n katedradun izendatu zuten Houstongo Unibertsitatean (Estatu Batuak); hiri horretan, lehenago, 1966an, sail luze baten aurreneko atzera begirakoa antolatu zen, bere obrari eskainia. Chillidak hainbat sari lortu zituen, besteak beste, Veneziako Bienalarena eta Kandinsky saria, 1960an, Wilhelm Lehmbruck, Príncipe de Asturias, Alemaniako Kaiserring eta Japoniako Sari Inperiala, 1991n. 2000n, Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioa eta Chillida Leku museoa sortu zituen.

2002an hil zen Donostian. Pertsona gailenek idatzi zuten berari eta bere obrari buruz, haien artean, Heideggerrek, Emile Ciaranek eta Octavio Paz poetak

Google Calendar-era gehitu

Erakusketa

Artea

Kultura

Donostia


Informazio gehiago