Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Abeltzaintza

Animalien osasuna eta epidemiologia

Abeltzaintzako ustiategiek beren ekoizpena arautzen duten baldintza batzuk bete behar dituzte, Europar Batasuneko elikagaien segurtasun politikaren esparrukoak. Europar Batasuneko elikagaien segurtasun estandarrak munduko zorrotzenetakoak dira, eta ekoizpen kate osoa hartzen dute, “etxaldetik mahaira” printzipioa aplikatuta.

Baldintza horiek higienearen, animalien osasunaren, ingurumenaren eta osasun publikoaren arlokoak dira, eta elikagai nutritiboak, osasungarriak, seguruak eta kalitatezkoak ekoizten direla bermatzen dute, kontsumitzaile europarrek eskatzen duten bezala.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abeltzaintza Zerbitzuak du ardura lehen sektorean araudia betetzen dela bermatzeko, baita haren interesak babesteko ere, sektore lehiakorra izan dadin.

Animalien osasunerako nahitaezko programak

Osasun programen helburua da epizootiei aurre egiteko eta ezabatzeko sistema bat ezartzea, abereen osasuna eta abeltzaintza sustatuz.

Ganaduaren gaixotasunen aurkako borroka hori abereen saneamendu kanpainen bitartez hezurmamitzen da. Hona hemen garrantzitsuenak:

Behi aziendak: tuberkulosia, behien bruzelosia, peripneumonia eta leukosia.

Ardi aziendak: ardien bruzelosia, aharien epididimitis kutsakorra eta hazteriaren aurkako borroka.

Ahuntz aziendak: ahuntzen bruzelosia.

Txerri aziendak: Aujeszkyren gaixotasuna, txerrien besikulako gaixotasuna, txerrien izurri klasikoa eta txerrien izurri afrikarra.

Ustiategien osasun kalifikazioa

Saneamendu kanpainak egin ondoren, eta animalien osasun egoera zein den, ustiategiek osasun kalifikazio bat jasotzen dute, eta, horren arabera, animalien mugimenduak debekatu edo mugatu daitezke, ustiategitik kanporatzeko nahiz beste ustiategi batzuetatik ekartzeko, alegia.

Etxeko animalien eta animalia basatien gaixotasunen kontrola

Mendietako Zuzendaritzaren Fauna eta Flora Zerbitzuarekin elkarlanean kontrol eta zaintza programak burutzen ditugu, etxeko animaliekin nahiz animalia basatiekin. Honako hauek dira gaixotasun horietatik garrantzitsuenak: tuberkulosia, bruzelosia, trikinosia, mihi urdina, hegaztien influentza.

Zoonosiaren kontrol programak

Zoonosiak animaliei eta gizakiei eragiten dieten gaixotasunak direnez, programa hauen helburua da neurri eraginkorrak hartzea, hain zuzen ere, ekoizpenaren fase guztietan gaixotasunik ba al dagoen antzemateko eta, halakorik bada, murrizteko nahiz ezabatzeko, osasun publikoarentzako arriskuak saihesteko. Gaixotasun hauek zaintzen dira, hain zuzen:

  • Salmonella
  • Q sukarra
  • Tuberkulosia
  • Bruzelosia
  • Leptospirosia
  • Clamidiosia

Epizootien eta ugaritzen ari diren gaixotasunen kontrola

Nahitaezko osasun programa eta obligazioei dagokienez, animalien osasun egoera oso ona da, baina badaude azaleratzen ari diren gaixotasunak, edo ekonomian eta osasunean eragina duten gaixotasunak, eta gero eta garrantzitsuagoa da horiek kontrolatzea.

Horri begira, nahitaezkoak diren kontrolez gainera, prozesu jakin batzuk kontrolatzeko borondatezko zenbait kontrol programa ezarri dira abeltzaintza elkarteekin elkarlanean, ustiategietako animalien osasun egoera hobetzeko.

Programa honen bitartez, gaixotasun hauek kontrolatzeko eta ezabatzeko lanean ari gara: paratuberkulosia, IBR (behien errinotrakeitis infekziosoa), BVD (behien beherako birikoa) eta neosporosia.

Lehen fase honetan ustiategiekin banaka ari gara lanean, baina aurreikusi dugu bigarren fasean kontrol horiek zabaltzea ustiategiak kontzentratuta dauden erabilera publikoko mendietara.