Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gipuzkoako paisaia
dokumentuen bitartez

Zarautz

beti itsasoari begira dagoen herria

Zarautz herritarren beharrizanei egokituz doan itsasbazterreko herri baten adibide egokia da, betiere haren indargune nagusia bazter utzi gabe: itsasoa. Herria gune arrantzalea izatetik turismoaren erreferentziagune izatera igaro da, eta eraldaketa horren lekukotzak gordetzen ditu. Zaila bada ere gaur egungo paisaian iraganaren arrastoak ikustea, gordetako dokumentuei esker herriaren itsas bilakaeraren interpretazioa egiteko aukera dugu.

Baleak begiztatzeko lekua

Zarauztarren itsasoarekiko harremanaren lekukotasuna 1237eko dokumentu batean ageri da jada. Latinez idatzitako eskuizkribua da, eta haren bidez herribildu titulua eman zitzaion. Dokumentuak, besteak beste, harrapatutako balea bakoitzeko erregeari zerga bat ordaintzera behartzen ditu bertako herritarrak.

Harrizko ateburuaren xehetasuna, datu gehiagorekin
(Auñamendi Eusko Entziklopedia)

Erdi Arotik XIX. mendera bitartean, balearen ehiza ohiko jarduna izan zen Gipuzkoako kostaldeko herrietan. Jarduera horren harira, balea harrapatu eta zatikatzeko hainbat instalazio eraiki ziren. Hala, Zarauzko hondartzan balearen koipea likidotzeko pertz handiak jartzen ziren, eta muinoetan, berriz, zetazeoak   begiztatzeko dorreak jaso ziren.

1790/1791

Getariako Itsas Gizonen Konfradiaren auzi kriminala, Zarauzko Lázaro de Manterolaren eta ezkontideen aurka, balea arpoiz arrantzatzeari trabak jartzeagatik.

AGG-GAO COCRI480,2

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
 
Zarautzko hondartza
Eliteak eta arrantza tokien monopolioa

Baina, baleez gain, zarauztarrek beste espezie batzuk ere harrapatzen zituzten, hala nola sardina, antxoa, bisigua eta daplata edo korrokoia. Horiek arrantzatzeko  sare handiak jarri behar izaten ziren itsasoan, eta Erdi Aroan nahiz Aro Modernoan sareok tokiko eliteen eskuetan egon ziren. Eliteek, arrantza tokiak ez ezik, garrantzi ekonomiko handiko beste instalazio batzuk kontrolatzen zituzten; esaterako,  ontziolak hareatzan egon ohi zirenak.

1542

Getariako eta Zarauzko arrantzaleek erraztatzeko sarearekin egiten zuten arrantzari buruzko espedientea, Orioko bizilagunek eskatuta zabaldu zena.

AGG-GAO JDIM2/12/10

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua

1537

Gipuzkoako korrejidorearen ofiziozko autoak Pasaiako zenbat kopazain eta kalafateren aurka Bartzelonara ez joateagatik erregearen zerbitzura.

AGG-GAO COCRI1,5

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
 
Zarauzko hondartzako kanpalekua, 1865eko irailaren 10ean

Elite horiek berak ziren, hain zuzen, XIV., XV. eta XVI. mendeetako Zarauzko etxe garrantzitsuenen jabe. Gaur egun zaila da Erdi Aroko hiri haren aztarnak topatzea. Oraindik bere horretan mantentzen diren eliteen jabetzako eraikinetako batzuk dira garai horien lekuko, nolabait orduko paisaiaren berri emanez. Ondorengoa izan arren, garaiko   plano bat mantentzen dugu. Bertan ikus daitekeenez, Kale Nagusitik eta hondartzara sarbidea zuten bi kale paralelotik abiatuta egituratzen zen herria.

Ca 1789

Zarauzko planoa

Euskomedia Fundazioa Dokumentua ikusi
Mollarri, minerala garraiatzeko kargalekua

Zarauzko itsasalde irekiak zaildu egin du herriak portu egoki bat izatea. Horregatik, hondartza bera erabiltzen zen itsasontzi arinen  atrakaleku gisa. Baina XIX. mendeko aurrerapen teknikoei esker, kalitate handiagoko portu instalazioak sortu ahal izan ziren. Hala, 1906an Asteasuko Andazarrateko meatzeak ustiatzen hasi zirenean, beharrezkoa gertatu zen minerala itsasotik esportatzeko kargaleku bat eraikitzea. Mollarri uhartea aukeratu zuten horretarako, Talaimendi azpian, Zarautzen. Burdina meatzetik ontzietako sotoetara garraiatzeko, trenbide azpiegitura handia eraiki zen.

1750

José Antonio Lecumberriren kereila kriminala Simón de Elcanoren aurka (biok Zarauzko bizilagunak), amarratzeko sokaren lapurretaren inguruko irainak direla eta.

AGG-GAO COCRI276,4

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
Mollarriko kargalekua, Zarauzko Udala

Zama eramateko bagonetak garraiatzen zituen aireko kable batek eta hari eusten zioten dorretxoek osatzen zuten funtsean azpiegitura, eta Asteasutik Mollarrira bitarteko ibilbidea egiten zuen. Mineralak, beraz, 10 km pasatxoko tartea egiten zuen. Behin Mollarrira helduta, metalezko egituradun zubi batzuen bidez burdina itsasontzietara isurtzen zen. Lehen Mundu Gerran, kargalekuak burdina kantitate handia mugitu zuen, suntsituta zegoen Europa hornitzeko. 1923an utzi zitzaion Andazarrate ustiatzeari, eta, horrekin batera, kargalekua erabiltzeari. Gaur egun, Mollarri Gipuzkoako kostaldeko ondare industrialaren erakusgai garrantzitsuenetakoa da.

“Udaldiaren” sorrera

XIX. mendean, itsasoak propietate sendagarriak zituela hedatu zen, eta, ondorioz,  Zarauzko hondartza burges eta aristokraten erakargune bihurtu zen. Pertsonaia ospetsuen zerrendan nabarmentzekoa da Elisabet II.a, zeinak hondartzan bainuak hartzen baitzituen larruazaleko arazoak arintzeko. Horrenbestez, Zarautz bainuetxe-herri bihurtu zen, eta horrek aldaketa handiak ekarri zituen  hirigintzan.

1916

Hondartzaren eta antzinako Narros Jauregi patiodunaren ikuspegia.

AGG-GAO OA6621

Informazioaren iturriaArgazkia ikusi

1916

Kale nagusia Torre Luzearekin.

AGG-GAO OA6634

Informazioaren iturriaArgazkia ikusi
Museo unibertsala. Bainulariak

Hondartzaren lehen lerroan nahiz herrigunean lorategi handiak zituzten  jauregitxoak eta txaletak eraiki ziren. Luxuzko etxeok haien jabeek atseden hartzeko eta udaldia igarotzeko jaso ziren. Gaur egun jauregiz hornitutako ikuspegi haren arrasto txikiren bat geratzen zaigu; esaterako, Egaña Enea, Sanz Enea y Zelata Berri. Baina tankera horretako askoz eraikin gehiago izan ziren. Etxebizitzez gain, turismo mota horrek gustukoak zituen bestelako instalazioak ere ezarri ziren. Adibidez, 1916an Golf Klubak ateak ireki zituen, inguru hartan zegoen duna sistema zabalaren gainean.

1865-10-13

Etxezabala izeneko etxearen salmenta, Zarauzko kale Nagusiko 37. zenbakia.

AGG-GAO PT3382/186

Informazioaren iturria Dokumentua ikusi

1871-02-15

Zarauzko kale Nagusiko 37.zenbakiko Etxezabala etxearen salmenta.

AGG-GAO PT3395/60

Informazioaren iturria Dokumentua ikusi