Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gipuzkoako paisaia
dokumentuen bitartez

Zerain

bere patuaren bila

Zeraingo aztarna zaharrenak Brontze Arokoak dira. Triku Harrin aurkitutako hondarrek egiaztatzen dute bere kokapen geografikoa dela eta patu bitxia izan duen herri txiki honen antzinatasuna. Muino baten gainean kokatua, herribildu txiki hau (Gipuzkoako beste asko bezala Filipe III.ak sortua, 1615ean), goietatik Gipuzkoako lurraldea zeharkatzen duen eta hegoaldera Arabarekin eta mesetarekin lotzen duen bide nagusiraino doazen ibilbideak azpian dituela –baita itsasoa ere, iparraldera–, gotorleku txiki bat izan zatekeen Erdi Aroko Gipuzkoaren bihotzean, komunikabide nagusi hura defendatuz eta kontrolatuz. Alabaina, denbora luzean Zerainek bigarren mailako lekua izango du historian.

Isiltasun Handia Zeraingo historian
Alfontso VIII.a Gaztelakoa. XIII. mendeko miniatura

Goi Erdi Aroari, Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori eta ondorengo garaiei, “mende ilunak” esan izan zaie. Iluntasuna, zehazki, dokumentazio ezari zor zaio –XII. mendetik aurrerako askoz agiri gehiago daude–. Garaiaren berezko ezegonkortasun politikoaren eta botere politikoa zatikatzearen ondorioetako bat da aipatutako iluntasuna. Isiltasun historiko handi hura ez zen denbora berean urratu Europako eskualde guztietan. Zeraini dagokionez, XIII. mendean hautsi zen. Dokumentazioari esker badakigu 1200. urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa errege nafarren eskuetatik gaztelarrenetara pasa zirenean, azken haientzat funtsezkoa izan zela Araba, Gipuzkoa, itsasoa eta beren jabetzako gainerako lurrak lotzen zituen ibilbidea ziurtatzea.

Horretarako, Zeraindik ez oso urrun, Segura sortu zen 1256an. Itxura guztien arabera, Segura izan zen hautatua eginkizun horiek betetzeko, Zerain eta herri berriak abantailazko kokapen bera zuten arren merkataritzako ibilbide hori defendatu eta kontrolatzeko. Horrenbestez,   Zerain Seguraren luzapen huts bilakatuko zen, eta Segura, defentsak eta harresiak lagun, botere zentralaren isla bihurtu zen inguruan, lurraldea (haren mendeko herriak barne, tartean Zerain) defendatzeko beste errege-erreginengandik nahiz oinaztarren eta ganboarren bandoetan banatuta elkarren aurka borrokan ziharduen tokiko noblezia erreboltarietatik.

1443

Segurako hiribilduak Fernán Pérez de Ayala jaunari erositako mendien mugarritze eskritura, 1443an egina, Legazpiko unibertsitate horretako udal mugekin.
Kopia (1854-10-04. Segura)

AGG-GAO JDIM2/19/01

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
Elizatik meatzetara eta independentziara

Litekeena da Zeraingo Andre Mariaren lehen aipamena 1384koa izatea, XIV. mendean. Hala ere, frogatutzat jotzen da eliza horren parean dagoen kokalekua zaharragoa zela, gurutzea gutxienez mende bat lehenagokoa baita, artean estilo erromanikoan landua. Segurakoaren pareko antzinatasun horrek, baina, ez zion Zeraini berezko nortasun politikorik eman hiru mende geroago arte. Horrela dira kontuak.

 
Zeraingo herria

Segura herriaren garai bertsuan sortu izanagatik edota Fernando II.a Katolikoak 1512. urtean meatzearen emakida egin izanagatik, Zerainek ez zuen herri independente bihurtzerik lortu, harik eta 1615. urtean  Felipe III.ak, diru premia agorrezinak hartaraturik, Zeraini herribildu kategoria eman zion arte (Gipuzkoako beste udalerri askori bezala). Jakina, ordaindu ondoren. Kasu honetan, 31.364 erreal.

1621

Zenbakiko eskribauaren izendapena, Zerain eta Mutiloako hiribilduena.

AHPG-GPAH 1-4071,G10r-10v

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
Bilakaera geldoa. Zerain XVII. eta XIX. mendeen artean

Zerainek 1615ean lortutako independentziak ez zuen aldatu, funtsean, harentzat geldo samar zihoan historiaren erritmoa. Probintziako bide nagusitik urrun, herri honetan nekazaritza, abeltzaintza eta  meatzaritza ziren bertako gertakari historikoen ardatzak.

Zumalakarregi zaurituta. Chamorro, 1845

Historian zehar gaurdaino Zeraingo paisaia gehien markatu duen jarduera meatzaritza da. Erdi Aroan ekin zitzaion jarduera horri, baina XVII. mendetik XIX.era bitartean garatu zen gehien, Soraluze eta Tolosako arma fabriken eskariari esker. XIX. mendean,  “La Unión” konpainiaren sorrerarekin, sektore horretan ustiaketa modu bizkor eta sistematikoagoan garatu zen. Une hartan, atzerriko kapitalak Zeraingo meatzeekiko interesa agertu zuen. Aldi hartakoak dira gaurdaino iraun duten egitura eta instalazioetako asko; esaterako, kiskaltze labeak,  tailerrak eta minerala garraiatzeko aireko kablea.

Bestelakoan, badirudi gertakari handiek nahiago zituztela beste udalerri batzuk, zeintzuk, herribildu izateaz gain, beren kokapen geografikoa zela medio gertakari historikoen ardatz nagusian izan baitziren. Zeraindarrek, berriz, geografikoki Gipuzkoaren bihotzean kokatuta egon arren, udalerriko muga murritzetatik –400 urteko historian apenas hedatu zirenak– atera beharrean izan ziren. Horren lekukotza adierazgarria da, adibidez, jatorriz  Mantxola baserrikoa zen Francisco Goyaren birraitonaren bizitza: Aragoira emigratu zuen lan bila, eta bi belaunaldi soiletan familiaren adar hartako birbiloba bat Gorteko margolari bihurtu zen, prestigio handiko jarduera inondik ere.

Jose Francisco Telleria Uribe, “Petrikilo”-ren bizitzak, jatorriz Zeraingoa hura ere, aditzera ematen du, halaber, Zerain gertakari historiko handietatik aparte –beti ere erlatiboki– geratu ohi zela.  Tomas Zumalakarregi jeneralaren bizitza (Karlos Borboikoa buru zuen Espainiako alderdi absolutistaren garaipenerako esperantza gorena zena) bere eskuetan izan eta hura hil izanaren susmoa erakarri zuen zirujau hark bere jaioterritik urrun bizi izan zuen une historiko gailen hura. Asaldura historiko handi horiek akuilatuta, inbasio napoleonikoaren aurka borrokatzen ari ziren boluntario gipuzkoarren erregimentuekin bat egin zuen.

1611

Tolosako hiribilduaren idatzia, kexaka Zeraingo eta Mutiloako meatzariek Oria ibaia kutsatzen dutela arrantzari kalte eginez.

AGG-GAO JDIM2/12/24

Informazioaren iturria Dokumentua ikusi

1744

Paula Antonia Antia andreak, Otaloraren alargunak, Zeraingo barrutiak berun eta kobre meategiaren ustiaketari egindako oposizioaren inguruko paperak.

AGG-GAO JDIM2/20/13

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua

1857

Hitzarmena Zeraingo San Blas eta Santa Barbara meatzeetatik ateratzen den kalamina mineralaren salmentari buruzkoa.

AHPG-GPAH 3/2854,A:667

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua

1862-05-10

Ormaiztegiko barrutian lursail zati batzuen salmenta Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España-ren alde.

AGG-GAO PT3297/123:350-

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua

1763

Zeraingo Mantxola Handia baserrian egin beharreko arotzeria eta hargineria lanei buruzko eskritura

AHPG-GPAH 1-0616,A227r-233r

Informazioaren iturriaIkusi dokumentua

1886

Emate-akta, Zegaman jaso den Tomas Zumalakarregi oroitzeko monumentuarena.

AHPG-GPAH 2-3868,A896r-900r.

Informazioaren iturria Ikusi dokumentua
Parke Kulturala eta Paisaia Historikoa

Meatzeak agortu ondoren, XX. mendean zehar Zerainek Gipuzkoan deigarria egiten zen eredu ekonomiko bat sortu zuen. Herri honetan, baita XIX. mendeko industrializazioaren une gorenetan ere, betidanik izan den nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera bazter utzi gabe, komunitate honek balioa eman die hala bere inguruko paisaiari nola historiari, eskualdeko gizarte egitura bizkortuko duen bisitarien erakargune bihurtzeraino.

Horren haritik, une honetan Gipuzkoan dagoen udal kartzela bakarra berreskuratu da. 1711n eraikia, orduz geroztik gorde egin da, eta gaur egun garai batean zuen itxura du. Gauza bera egin da XVI. mendetik gutxienez Zeraingo eragile ekonomiko garrantzitsuenetakoa izan den meatzaritzarekin. Meazulo eta labeen instalazio zaharrak ibilbide batean antolatu dira, eta ibilbide hori, hain zuzen ere, politika jakin baten ardatz nagusietakoa bihurtu da, zeinen helburua baita paisaia eta hari lotutako historia inguruko zutabe ekomikoetako bat izan daitezen lortzea.