Dobla: dantza konpainientzako mugaz gaindiko deialdia zabalik
Gaur, Dantzagunean egindako ARTiK topaketetari hasiera emateko, Dobla proiektuaren lehen deialdia aurkeztu da. Mugaz gaindiko ekimen honek Euskadi, Nafarroa eta Euskal Hirigune Elkargoaren lurraldeko konpainien ikuskizunak programatzea eta profesionalak trebatzea du helburu. Hautagaitzak aurkezteko epea gaur, otsailak 19, ireki da eta martxoaren 9ra arte egongo da zabalik.
- 186

Gaur, otsailak 19, Dantzagunean ospatutako ARTiK jardunaldien testuinguruan, Dobla proiektua eta bere lehen deialdi artistikoa aurkeztu dira. Dobla mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, Euskadiko, Nafarroako eta Euskal Hirigune Elkargoko sektore koreografikoko eragileen sare-lotura hobetzea helburu duena, sektorearen eredu berri bat eta egituraketa iraunkorragoa definitzeko. Malandain Ballet Biarritz buru dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak (Dantzagunearen bidez) eta beste lau bazkiderekin batera (Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Errenteriako Udala eta Dantzaz), sektore erresilienteago bat eraiki nahi du.
Deialdi honen bidez, hautatutako ikuskizunak 2026ko iraila eta azaroa bitartean aurkeztuko dira Biarritzen eta Errenterian egingo diren jaialdietan. Programazioaz gain, Doblak prestakuntza saio laburrak eskainiko dizkie artistei eta kolaboratzaileei, honako ardatz hauen inguruan: publiko berrietara hurbiltzea, baliabide ekonomikoen dibertsifikazioa eta trantsizio ekologikoa, besteak beste.
Deialdiaren datu garrantzitsuak:
-
Epea: 2026ko martxoaren 9ra arte
-
Ebazpena: 2026ko martxoaren 17an
-
Hartzaileak: Euskadi, Nafarroa eta Euskal Hirigune Elkargoko konpainiak
-
Oinarriak esteka honetan daude ikusgai
Ekimen honek 1.506.388,60 €-ko aurrekontua du, eta %65ean Europar Batasunak kofinantzatua dago, Interreg VI-A POCTEFA programaren bidez.