DOBLA proiektuak bi deialdi berri abiatu ditu mugaz gaindiko sorkuntza eta dantza garaikidearen banaketa bultzatzeko
Euskal Herri mugaz gaindiko eremuan dantza eta mugimenduaren arteen sektorea indartzeko helburua duen DOBLA proiektuak bi deialdi berri plazaratu ditu: batetik, sormen-egonaldietarako deialdia, eta, bestetik, dantza-ikuskizunen banaketa mugaz gaindikoa erraztekoa. Proiektuaren baitan biltzen dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Malandain Ballet Biarritz eta Errenteriako Udala.
- 94

Lehenengo deialdiak, sormen egonaldi eta laguntzei dagokienak, 3 eta 4 proiektu arteko hautaketa egingo du Euskadin, Nafarroan edo Euskal Elkargoaren lurraldean ezarritako konpainia eta talde artistikoentzat. Hautatutako taldeek bi egonaldi egingo dituzte (2 eta 4 aste bitartean denera, mugaren bi aldeetan) Dantzagunean, Errenteriako Lekuona fabrika kulturalean, Luhusuko Harri Xurian edo Biarritzeko Gamaritz estúdioan. Horrez gain, proiektu bakoitzak 15.000 euro arteko laguntza jasoko du egoitza-gastuetarako, bai eta prestakuntza-ibilbide bat eta mentoretza ere.
Bigarren deialdiak, aldiz, mugaz gaindiko dantza-sorkuntzen banaketa sustatu nahi du 2027ko irailean (Le Temps d'Aimer la Danse jaialdiaren baitan) eta azaroan (Danses croisées-ren egitarauan) aurkezteko. Kasu honetan, bazkide hartzaileek ikuskizunaren lagapen-kostua, fitxa teknikoa eta talde artistiko eta teknikoaren ostatu-gastuak hartuko dituzte bere gain.
Bi deialdietan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko epea 2026ko urriaren 22an amaituko da. Informazio osoa, oinarriak eta eskabide-orriak DOBLAren webgune ofizialean daude eskuragarri.