Sortutakoak Tradizionala 10: Pausoka dantzan 3.0
Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko dantzaria izan zen iaz Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 10 beka jaso zuena. 2022an ere, beka bera jaso zuen Pausoka dantzan proiektua sortzeko, eta urteotan jarraipena egiten ibili da: dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak sortu ditu.
- 103

Aritz Ibañez, Duguna Iruñeko dantza taldeko dantzaria eta Dantzan elkarteko zein Euskokultur Fundazioko langilea ere badenak, Pausoka Dantzan 3.0 proiektua egin du. “Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak” sortzea izan du helburu, eta aurten 3. urtez heldu diote asmoari. Ekimenak Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 10 beka eskuratu zuen iaz, euskal dantzaren alorrean sorkuntza, pedagogia eta transmisioa sustatzeko Dantzagunean dugun beka, hain zuzen ere. Baina ez da lehen aldia izan:
Pausoka Dantzan egitasmoa 2022an aurkeztu zuen Ibañezek lehenengoz, eta Sortutakoak Tradizionala 9 eskuratu zuen. Beka bi urtean behin aurkezten dugunez, 2023an Dantzan elkarteak finantzatu zuen, jarraipena izan zezan; eta 2024an, aipatu bezala, Dantzagunearen babesa jaso zuen berriro. Horretaz gain, Euskokultur fundazioaren bidelaguntza ere izan du ibilbide honetan.
Edukiok dantzan ikasi nahi dutenei bakarrik ez, dantza irakasleei ere zuzenduta sortu dira, irakasketa metodologian lagungarriak egingo zaizkielakoan. Gainera, dantzaren lengoaia oinarritik ulertarazteko xedea du proiektuak. Ibañezen esanetan: “Euskal dantzen korpusa haien arteko harreman argiegirik gabeko unitateen batura gisa ulertu beharrean, haien arteko konexio eta antzekotasun argiak dituzten dantza sistemen sare gisa aurkeztu nahi du proiektu honek. Zuhaitzaren enborretik ateratzen diren adarren gisan ulertzen dugu Euskal dantzen korpusa: Enborretik adar potoloak ateratzen dira, eta adar potolo horietatik finxeagoak direnak. Adar horiek beste batzuekin gurutzatu eta korapilatzen dira eta denen artean halako sare bat osatzen dute”.
Bideoak ikusteko egin klik hemen!