Atzealdea

Alemaniako kudeaketa partekatuko eredua

#
Partaidetza

Alemaniako kudeaketa partekatuko eredua

Langileen partaidetzak alde guztiek helburu berdinak partekatzea eta enpresa proiektua indartzea dakar

Josef Schelchshorn MAN enpresako giza baliabideen arduradunak langileriaren parte hartzea aldeztu du lehiakortasunerako erreminta gisa

Langileen partaidetza sustatzeak enpresen proiektua sendotzea dakar, Josef Schelchshorn MAN enpresako giza baliabideen arduradunaren iritziz. “Langile eta zuzendaritzaren interesak lerrokatzen ditu, eta alde guztiek helburu amankomunak badituzte, konpainia bera biziki indartzen da”, azaldu du, azpimarratuz honek “etorkizunera begira kudeatzea” esan nahi duela. “Langileen partaidetzak enpresaren inguruko gardentasun osoa dakar zuzendaritzaren partetik, baina ordainetan konpainiaren arrakasta edota porrotaren ardura ere partekatzen da”, nabarmendu du, enpresa barruan errezeloak baztertu, batasuna sustatu eta konfiantza giroa sortzen laguntzen baitu.

Schelchshorn Gipuzkoan da egunotan, Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen duen nazioartekotze sarearen baitan lurraldeko proiektu estrategikoak ezagutzen. Testuinguru honetan, topaketa egin da gaur goizean Hernaniko Orona Fundazioan, langileen parte hartzeak enpresen lehiakortasunari egin diezaioken ekarpenen inguruan. Schelchshorn Alemaniako kasua azaldu du, bertako enpresen kudeaketa partekatu ereduan sakondu eta bere bizitza profesionalean Hungarian eta Estatu espainiarrean izandako esperientziekin kontrastea eginez. Ekitaldiaren aurkezpena Markel Olano diputatu nagusiak egin du, eta Mondragon Korporazioko buru den Iñigo Ucin eta CIE Automotiveko presidente Anton Praderak ere hartu dute parte topaketan.

Ekitaldia itxi duen hausnarketa dinamikan, Ucin eta Pradera ere bat etorri dira partaidetzaren garrantzia azpimarratzen lehiakortasunerako erreminta gisa. “Elementu garrantzitsuena da”, azpimarratu du Ucinek. “Nik uste etorkizuna bide horretatik etorriko dela, elkarlana nahitaezkoa da langileen eta zuzendaritzaren artean enpresaren arrakasta lortzeko, eta honen inguruko kontzientzia gero eta gehiago hedatzen ari dela deritzot”, nabarmendu du Praderak. Schelchshorn, bere aldetik, Alemaniako eredua arrakastatsua dela baina bere ustez esportatu ezina dela adierazi du. “Nire proposamena da: egin apustu langileak enpresan integratzearen alde, hori da etorkizuna da. Gardentasuna, konfiantza, errespetua… Gaur ikusi dudanagatik, bide onetik zoazte”, esan du.


Nola eraikitzen ari gara Gipuzkoarako etorkizun hobe bat?

Etorkizuna Eraikiz da Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak identifikatu eta horiei erantzuna ematen dien proiektua, irtenbide zehatz, benetako eta eraldatzaileekin.

Informazio gehiago
  1. Gipuzkoa taldean

    Gipuzkoaren garapenerako giltzarri izango diren proiektuak identifikatu

  2. Gipuzkoa lab

    Gai errealen inguruko esperientzia errealen laborategia

  3. Ikertu

    Gipuzkoako 4 unibertsitateak tartean sartuta daude ezagutza erabilgarria sortzeko

  4. Ikasi

    Nazioarteko truke sare bat sortu

  5. Gizarteratzea

    Ikasitako guztia gure gizartean txertatu