Atzealdea

Emakumeen aniztasuna agenda feministan

 

Emakumeen aniztasuna agenda feministan

Berdintasuna eta Kontziliazioa

Justa Monteroren hitzaldia Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan.

Justa Monterok aktiboki parte hartzen du mugimendu feministan, bere kanpaina, jarduera, jardunaldi eta eztabaidetan, 1974az geroztik. Gaur egun Madrilgo Asanblada Feministako kide eta Erakunde Feministen Estatuko Koordinadorako kide da. Feminismo kritikoa, antikapitalista eta inklusiboa bultzatzen du. Gai desberdinen inguruko hainbat argitalpen plazaratu ditu, besteak beste: “Sexo, clase, etnia y sexualidad: desafíos para un feminismo inclusivo”, indarkeria matxistari, prostituzioari, sexu- eta ugalketa-eskubideei, feminismoari eta demokraziari buruzkoa eta feminismoa trantsizio politikoan, feminismoaren historia eta neoliberalismoaren aurkako erresistentzia feministak lantzen dituena.

Mobilizazio feministei esker, erdigunean jarri da emakumeen bizitza, eta esan ahal izan dugu nazkatuta gaudela patriarkatu kapitalista eta kolonialaren askotariko formek gure bizitzan duten eraginarekin, eta horri aurre egin nahi diogula. Gaur egun bizi ditugun gatazken mapa bat marraztu dugu. Mapa horretan, generoak, sexuak, klaseak, arrazak eta genero-identitateak oso modu desberdinetan kokatzen gaitu oraindik indarrean jarraitzen duen krisi sistemikoaren ondorioen aurrean: bizitzaren ezegonkortasunaren aurrean, esplotazio mota berrien aurrean, indarkeria matxisten eta indarkeria instituzionalen aurrean, arrazakeriaren aurrean edo identitate ez-bitarrak adierazteko aukeraren aurrean. Subjektu feministak, 2018ko martxoaren 8an mundu osoan oihu egin zuen “gu” horrek, askotariko errealitateak, eskaerak eta aldarrikapenak biltzen ditu. Agenda feministak, eraldatzailea izango bada, inklusiboa behar du izan. Gure –emakume, lesbiana, trans– bizitzen errealitate materialetatik, emakume arrazializatu eta migratzaileen kritikatik eta emakume prekarizatuen bizitzatik abiatzeak sortzen dituen tentsioak zeharkatu behar ditu. Alegia, gure aniztasunetik abiatu behar dugu, gizartea benetan eraldatuko duen etorkizun komun batean kokatuko gaituen agenda eta kontakizun bat posible egiteko. Besteak beste, hori da gaur egun feminismoa alternatiba bat eskaintzeko gai izatearen arrazoietako bat.