Atzealdea

Emakumeen aurkako indarkeriaren funtzio soziala

 

Emakumeen aurkako indarkeriaren funtzio soziala

Berdintasuna eta Kontziliazioa

Nerea Barjolaren hitzaldia Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan.

Nerea Barjola Ramos aktibista feminista da. Feminismoetan eta generoan doktorea da UPV/EHUn eta politika- eta administrazio-zientzietan lizentziatua da. Aktibismoaz gain, sexu-indarkeriaren errepresentazioen inguruko hausnarketan oinarritu du bere lan akademikoa eta errepresentazio horiek emakumeen jardunari nola eragiten dioten edo nola baldintzatzen duten ere aztertzen du. “Las representaciones del peligro sexual y su influencia en las prácticas de las mujeres a partir crimen de Alcásser” (1992) izan zen bere doktorego-tesia eta “Microfísica Sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del Terror sexual” (Virus Ed. 2018) liburua argitaratu zuen.

Arrisku sexualaren esanahiek eta haren inguruko diskurtsoek gorputz sozial osoak status quo sexuala mantentzeko eraikitako eta babestutako proiektu politiko modura funtzionatzen dute. Hitzaldi honetan arrisku sexualaren inguruko errepresentazioak indarkeria matxista komunikatzeko, sorrarazteko eta errepikatzeko oso modu zehatza direla ikusiko dugu eta horren inguruko hausnarketa egingo dugu. Era berean, kontakizun horiek sexu-indarkeria direla ikusiko dugu, beldur sexualaren diziplina sortu eta zabaltzeko tresna sozialak direla. Teknologia korporal horren bitartez, gizarte osoak jarduteko pauso eta arau batzuk ezartzen ditu, emakumeen banakako askatasunak eta askatasun sexualak mugatuz. Beste modu batera esanda, emakumeek jokabideak zuzentzen dituzte, haien gorputza egokitzen dute, espazioak ukatzen dizkiete haien buruari, ordutegiak kontrolatzen dituzte, mugimenduak, keinuak, emozioak eta adierazpenak mugatzen dituzte eta abar. Arrisku sexualari buruzko errepresentazioak dira, emakumeen bizi-esperientziara gehituz doazen kategoria politiko-sexistekin, eta horien ondorioz, hezurmamitutako sexu-indarkeria progresiboa eta etengabea da. Ikasketa honekin batera, bortxaketaren proiektu politikoa barne hartzea dakar (hezurmamitzea).

Proiektu politiko horretan diziplina desberdinek haien gorputza banatzen dute arlo publiko zein pribatuan. Horrenbestez, arrisku sexualaren inguruko kontakizunak kontakizun politikoak dira, indarkeria matxista aztertzea eta gizarte osoak indarkeria mota horren ardura hartzea ahalbidetzen dutenak. Gorputz sozialean agertzen diren diskurtsoak dira, boterearen mikrofisika sexistaren bitartez modu eraginkorrean hedatzen direnak. Botere hori lausoa da, ez dakigu ondo nork daukan, baina guztiok baliatzen dugu eta guztiz matxista da. Beldur sexualaren eginkizuna da gainditu behar ez ditugun muga guztien -gizarteak onartutako eta eraikitako mugen- erakusgarri handiko abisuak ematea, erasorik jaso nahi ez badugu behintzat. Azken finean, emakumeen tortura sexuala, hilketa eta gogoz kontrako desagerpena ez dira zorte txarrarekin lotutako kontuak, ez dira batzuetan gertatzen diren gauzak, gizarte-sistema eratzen eta egituratzen duen arrisku sexuala dira. Belaunaldi bakoitzak bere kontakizuna dauka arrisku sexualaren inguruan eta argi eta garbi erakusten digu indarkeria matxistaren krimenak dakartzaten gizartearen beldur eta ezinegonek emakumeek irabazitako askatasunekin eta eskubideekin zerikusia dutela. Zentzu horretan, mugimendu feministaren borrokak transgresio eta erresistentzia feministaren mugak erakusten ditu, arrisku sexualaren aurkako errepresentazioen tresna boteretsu bat artikulatuz.