Atzealdea

Generoaren mainstreaming estrategia

 

Generoaren mainstreaming estrategia

Berdintasuna eta Kontziliazioa

Rosa Gomezen hitzaldia Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan.

Politika publikoetan eta genero-berdintasunean aditua da. Administrazio publikoetako langileentzako prestakuntza-ikastaroen zuzendaria eta irakaslea da. Horrez gain, irakaslea da Espainiako eta Latinoamerikako unibertsitateetan eskaintzen diren graduatu ondoko ikasketetan. Emakumearen Andaluziako Institutuko lehenengo taldeko kide izan zen, Andaluziako Juntaren Administrazio Orokorreko genero-berdintasunerako unitateetako baten arduraduna izan da, bikaintasunerako politikak bultzatu ditu kudeaketa publikoan eta genero-berdintasuna politika publikoen ebaluazioan txertatzeko politikak ere bultzatu ditu. Emakumeen parte-hartzerako Andaluziako kontseiluko kide izan zen eta erakunde feminista bat ordezkatu zuen bertan, Ezagutza, Ikerketa eta Unibertsitate Saileko idazkari tekniko nagusi izendatu zuten arte.

Lehenengo zatian generoaren mainstreaming kontzeptua aztertuko dugu. Hala, kontzeptuaren jatorria eta hura aplikatzeko mekanismo eta tresna nagusiak landuko ditugu. Estatu mailako araudiak zein autonomia erkidegoetakoak generoaren arkitektura bat diseinatu dute antolaketa-mailan, egitura espezifikoekin, unitate funtzionalekin eta emakumeek parte hartzeko organismoekin. Informazioa lortzeko, tratatzeko eta aztertzeko sistemak aldatu dira; ekintza positiboak eta berdintasunerako ekintzak txertatu dira; genero-eraginaren gaineko derrigorrezko txostenak sortu dira eta kontratazio publikoan berdintasunerako klausulak txertatzea aurreikusi da, beste neurri batzuen artean. Bigarrenik, deskribatutako eta bizitako praktika horretatik abiatuz, estrategiak momentura arte erakutsitako eraginkortasunaren inguruko hausnarketa egitea proposatuko da. Generoaren mainstreaming-ak zein neurritan aldatu du administrazio publikoen jardunbidea? Politika publikoen ikuspuntua aldatu du? Kontrolerako zein mekanismo aplikatzen dira? Nola eragiten dio generoaren mainstreaming-ak emakumeen eskubide subjektiboari? Zer da sekzioartekotasuna? Nola aplikatzen da gaur egun? Hirugarrenik eta aurreko galderei emandako erantzunen ondorio gisa, zenbait giltzarri aztertuko ditugu generoaren mainstreaming-a benetako estrategia eraldatzailea izan dadin, gaur egun pairatzen ari garen erasoaldi neoliberal eta patriarkala geldiarazteko gai dena, administrazio publikoetatik. Zer beharko litzateke administrazio publiko guztietan genero-berdintasuna lehentasun bat izateko?