Atzealdea

Herritarren partaidetza kolaborazio praktika gisa

 

Herritarren partaidetza kolaborazio praktika gisa

Gobernantza

Joseba Muxikaren hitzaldia I.go Partaidetza Kongresuan

Etorkizuna Eraikiz gobernantza ireki eta elkarlaneko eredu gisa definitu du, diagnostiko garbi batekin mamitu dena. “Gaur egun, politikariek eta gobernuek behar-beharrezkoak dituzte politikatik eta erakundeetatik kanpo dauden aktoreen gaitasunak eta baliabideak.

Joseba Muxika Partaidetzako foru zuzendariak, berriz, "Herritarren partaidetza kolaborazio praktika gisa" aztertu du. Etorkizuna Eraikiz gobernantza ireki eta elkarlaneko eredu gisa definitu du, diagnostiko garbi batekin mamitu dena. “Gaur egun, politikariek eta gobernuek behar-beharrezkoak dituzte politikatik eta erakundeetatik kanpo dauden aktoreen gaitasunak eta baliabideak. Politikak ezin dio gizarteari begiratu arazo iturria balitz bezala. Baina horrekin batera, beharrezkoa da gizarteak politikariak urruneko mundu batean eta errealitatetik deskonektatuta bizi direla pentsatzeari uztea, gaur egungo erronkei aurre egiteko, eta arazo politiko eta sozialak konpontzeko, politikariak eta gizartea gaitasunak batzera derrigortuta daudelako”.

Haatik, haren irudiko, partaidetza ezin da ulertu “interes taktikoen” ikuspegitik. “Ezin da bultzatu politika jakin batzuk legitimatzeko helburu. Ezin dira bakarrik izan presio talde antolatuak etekina ateratzen diotenak. Eta ezin da ahaztu herritarren pluraltasuna eta aniztasuna. Partaidetzaren alde egiten dugu, herritargo antolatuarekin eta ez antolatuarekin lankidetza harreman egonkorrak edukitzeko baldintzak sortu nahi ditugulako. Harreman zintzoak, konfiantzazkoak sortzea da, beharbada, aurretik dugun erronkarik handiena. Ez da nahikoa parte-hartzeko eta partekatzeko deialdiak luzatzea; partekatzeko benetako borondatea dugula erakutsi behar dugu.

Azken urteetan Foru Aldundiko gobernu desberdinek zein Gipuzkoako udalek partaidetza dinamika ugari abarazi badituzte ere, onartu du oraindik “partaidetza ezezaguna dela sektore politiko eta sozial ugaritan; izan ere, politika egiteko eta administrazioa kudeatzeko eredu tradizionalak edo ez parte-hartzaileak oso errotuta daude oraindik. Lehentasuna, beraz, joko arau berriak ikusiaraztea eta operativo bihurtzea da. Kultura bat da partaidetza, batez ere. Eta kultura horren elementu nuklearra da herritarrek ulertzea partaidetza eskubidea dela. Beraiei dagokiela eskubide hori gauzatzea, eta politikarioi dagokigula eskubide hori errespetatzea eta erraztea”.