Atzealdea

Mobilizazio feminista politika neoliberalei

 

Mobilizazio feminista politika neoliberalei

Berdintasuna eta Kontziliazioa

Julia Martíren hitzaldia Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan.

Politika-zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta botere korporatiboaren eragina eta haren ordezko irtenbideak ikertzen ditu Latinoamerikako Multinazionalen Behatokian (OMAL). Bilboko FeministAlde! talde feminista, antikapitalista eta internazionalistako kide da. Talde horrek hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak sortzea du helburu, ekintza feminista bultzatzeaz gain, eta mobilizazioak antolatzearen alde egiten du, pasa den martxoaren 8ko greba feminista, esaterako

Feminismoa goraldian dago nazioartean, alor teorikoan nahiz antolakuntza alorrean. Martxoaren 8ko nazioarteko greba deialdiaren ondoren izandako mobilizazioak dira horren adibide argia. Testuinguru horretan, feminismoak protagonismo handiagoa hartu du, eta funtsezko lekuan kokatu da demokrazian eta eskubideetan bizitzen ari garen atzerakadaren aurrean alternatibak proposatzeko. Kontuan izan behar dugu ez garela ari eskubideen desarauketa huts bati buruz, baizik eta eskubideen birkonfigurazio bati buruz, eta eskubide horien titularrak direla auzitan daudenak. Bestalde, badakigu protagonismo gehiago lortzeak ez duela bermatzen guztiontzako bizitza duina bermatzeko beharrezkoak diren eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak lortzeko pausoak emango direnik. Alde horretatik, adi egon behar dugu “feminismo mainstream”-arekin, eta aurre egin behar diogu bi feminismo hauen arteko eztabaidari: eredu sozial, politiko eta ekonomiko neoliberalaren esparruan aukera-berdintasuna lortzea helburu duen feminismoa eta patriarkatuaren oinarrian dauden egiturak eraldatzea helburu duen feminismo intersekzionala edo % 99aren feminismoa –zenbait egile estatubatuarrek deitu dioten moduan–. Bilboko, Euskal Herriko eta estatuko mugimendu feministaren parte gisa,

FeministAlde!-ko kideok uste dugu lehentasunezkoa dela erronka globalei eta estrategia komunei buruz sakon hausnartzea. Estrategia eta aliantzei buruz hausnartu, kontraeraso kontserbadore eta neoliberalak aurrera egin duen une honetan, kontserbadurismoaren eta liberalismoaren arteko dikotomia faltsuak saihestuz eta eztabaida praktika feministara bideratuz. Testuinguru horretan, askotariko subjektu feminista zabaltzen eta indartzen jarraitzea da erronka nagusietako bat, eta, halaber, internazionalismo feminista antolatzeko modu berrietan aurrerapausoak ematea, etengabe definitzen ari den mugimendu feminista indartsu bat sortzen jarraitzeko.