Atzealdea

Sistema penalaren mugak

 

Sistema penalaren mugak

Berdintasuna eta Kontziliazioa

Miren Ortubayren hitzaldia Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresuan.

Miren Ortubay zuzenbidean doktorea da Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) eta Kriminologian diplomatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Zuzenbideko irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) eta Emakumeen aurkako indarkeria: prebentzioa eta esku-hartzea ikasgaia irakasten du bertan, besteak beste. Bere kabuz abokatutzan hasi ondoren, Deustuko Unibertsitateko irakasle izan zen. Arartekoaren aholkulari juridikoa izan zen hamaika urtez eta justizia-arloaz eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloaz arduratu zen. Bere ikerketa Emakumeetan eta Zigor Zuzenbidean zentratu da, beste arlo batzuen artean. Duela 25 urte baino gehiagotik, María de Maeztu Foro Feministaren parte da eta beste talde feminista batzuekin lankidetzan aritu izan da.

Zigor sistemak izugarri mugatzen ditu indarkeria sexistaren aurrean esku hartzeko aukerak. Hala ere, “2004ko Lege integralak” -lege horren izenburuak iradokitzen duena gorabehera- eta haren aplikazio praktikoak, eta baita genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunak ere, zigor-arloko erantzuna dute oinarri. Hain zuzen ere, horien guztien ondorioz, indarkeria jasaten duten emakumeentzat zigor hori ezartzea izaten da laguntza-baliabideetara jo ahal izateko modu nagusia, eta batzuetan bakarra. Zigor sistemari emandako protagonismoak nahi gabeko ondorioak dakartza eta horien inguruko hausnarketa egin behar dugu. Esate baterako, indarkeria kasuak salatzen dituzten emakumeenganako susmoa -eta batzuetan zigorra- areagotzen dituen erreakzio edo mugimendu pendular moduko bat antzeman daiteke. Bestalde, zigor-populismoa gero eta handiagoa da eta populismo hori egungo egoera aprobetxatzen ari da zigor handiagoak eskatzeko.

Analisi objektiboa eginez gero, agerian geratuko da zigor horiek ez dutela inolako eraginik prebentzioaren eraginkortasuna eta emakumeei emandako babesaren eraginkortasuna areagotzeko orduan. Indarkeria sexistaren aurrean egindako esku-hartzeen benetako eraginkortasuna eta emaitzak ebaluatu behar dira eta beharrezkoa bada, orain arte hartutako neurri batzuen norabidea zuzentzera ausartu behar gara. Ildo horretatik, nire ustez, zigor sistemaren protagonismoa murriztu behar dugu eta beste helburu batzuk nabarmendu behar ditugu, honako hauek, esate baterako:

  • Indarkeriaren biktima diren emakumeek baliabideak erabiltzeko duten aukera indartzea eta emakume horiek aitortu zaizkien eskubideak balia ditzaketela bermatzea, salaketa penalak eskaintzen dituen bide desberdinetatik.
  • Indarkeria sexista jasaten duten emakumeei laguntzeko eta haiek babesteko sistema desberdinen arteko koordinazio erreala areagotzea.
  • Emakumeak ahalduntzeko eta haiek autonomia pertsonala lortzeko tresnak indartzea maila guztietan (maila ekonomikoan, gizarte mailan, maila psikologikoan eta abar), indarkeria sexistatik bizirik atera diren pertsonek eratutako erakundeak indartuz, esate baterako.
  • Gizonak kontzientziatzea eta genero indarkeria eta sexismoa prebenitzeko lanaren maila guztietan inplikatzea (lehenengo, bigarren eta hirugarren mailan), erasotzaileekin egin beharreko esku-hartzeak ahaztu gabe.