Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Etorkizuna Eraikiz

Etorkizuna Eraikiz eredua

Etorkizuna Eraikiz ereduak bi espazio handi (Gipuzkoa Taldean eta Gipuzkoa Lab) eta lotura organo bat (Proiektuen Bulegoa) ditu oinarri. Bi gune handi horietan hiru zeharkako ildo lantzen dira sistematikoki: ikerketa, nazioartekotzea eta zabalkundea. Nolanahi ere, ereduak behar bezala funtzionatu dezan, hiru prozesu garatu behar dira: kudeaketa, sozializazioa eta komunikazioa.

Etorkizuna Eraikiz Eredua

Gobernantza irekia eta elkarlanekoa gobernuek "politika egiteko" aurkeztu duten proposamen bat da, duela zenbait hamarkada indartsu agertu zena. Politikaren eta gizartearen artean dagoen harreman mota aldatzeko asmoz sortu zen, demokrazia ordezkatzaileen eraginez ohiko bihurtu den harreman mota hori, hain zuzen. Izan ere, harreman mota horretan, gobernuetako arduradun politikoen eta herritarren eta, oro har, gizartearen, artean dagoen lotura ahula, urruna, noizbehinkakoa eta hierarkikoa izan ohi da.

Munduan kontzeptu horren inguruko esperientzia, interpretazio eta aplikazio asko daude. Batzuen eta besteen artean antzekotasunak eta desberdintasunak daude, baina, guztiak gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza modu berriak ezartzean oinarritzen dira batez ere. Etorkizuna Eraikiz eredu bat da, gobernantza irekia eta elkarlanekoa ulertzeko, aplikatzeko eta irudikatzeko modu berezi eta espezifiko bat, hau da, "politika egiteko" modu bat. Etorkizuna Eraikizen helburua da guztiok elkarrekin Gipuzkoako lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea, horiei aurre egiteko modua diseinatzea, ingurune errealetan ezar litezkeen erantzunak esperimentatzea, askotariko eragileekin lankidetzan, eta emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan txertatzea.

Etorkizuna Eraikiz eredua Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuak diseinatu eta bultzatu du, oinarri, logika, ezaugarri, konfigurazio eta funtzionamendu jarraibide jakin batzuk kontuan izanda. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak egitura propioa diseinatu du Etorkizuna Eraikizen garapena orientatzeko, bultzatzeko, kudeatzeko eta babesteko.

Gipuzkoa entzule

1. Etorkizuna Eraikiz Think-tank-a

Hainbat hausnarketa talde biltzen dira, ideiak trukatzeko eta Gipuzkoaren etorkizunerako ekimenak eta erronkak identifikatzeko eta proposatzeko. Gipuzkoa Think-Tank-a da hausnarketa taldeen jardueraren ardatza.

2. Aurrekontu irekiak

Herritarrek, aurrekontu ekitaldi bakoitzean, GFAren aurrekontuak prestatzearekin bat etorriz, beren kezkak, nahiak, lehentasunak, gomendioak eta iradokizunak zuzenean adierazteko ekimena da.

3. Herritarren proiektuak

Proiektu berritzaileak planteatzea eta, hala badagokio, garatzea dute helburu. Etorkizuna Eraikizen esparruan identifikatutako eremu estrategikoekin lotuta daude. GFAko Estrategia Zuzendaritza Nagusiak sustatutako urteko deialdien bidez proposatzen dira.

Gipuzkoa esperimentatzaile

4. Proiektu esperimentalak

Proiektu esperimental bat Etorkizuna Eraikizen eremu estrategiko batekin edo batzuekin lerrokatuta dagoen ekimen bat da eta erronka bati edo batzuei erantzutea du helburu; diziplinarteko lankidetza talde batek garatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko talde batek, lurraldeko hainbat eragilek eta kontraste funtzioa betetzen duten lurraldetik kanpoko hainbat eragilek osatutakoa; esperimentazio praktikora bideratuta dago, eta ikuspegi triangeluarra du, zeharkako hiru ildotan oinarritzen baita: ikerketa, nazioartekotzea, zabalkundea.