Edukira joan
Menua ireki EU
Buscar
 

Berdintasuna eta Kontziliazioa enpresan

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna da Gipuzkoak duen erronka sozial nagusienetakoa

Gipuzkoako erakundeetan emakume eta gizonen arteko berdintasunari, kontziliazioari eta erantzunkidetasunari buruzko eraldaketa ereduak gidatzen dituen esperimentazio aktiboko proiektua da.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna da Gipuzkoak duen erronka sozial nagusienetakoa.

Gure lurraldeko enpresen % 63,8tan, % 40 baino gutxiago dira erantzukizuneko edo zuzendaritzako postuak betetzen dituzten emakumeak. Eta enpresen % 15ek baino gutxiagok dute berdintasun plana. Erantzunkidetasunaz ari garelarik, emakumeek eskatzen dituzte amatasun baimen gehien-gehienak, legeak ezarritakoez gainera.

Gizarte aurreratu orok enpresa, familia eta erakundeen egunerokotasunean berdintasuna, kontziliazioa eta emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasunean oinarritutako den etorkizuna eraiki behar du.

Lan ingurunean nahiz ingurune pribatuan jarrera horiek normalizatu nahian, 30 esperientzia pilotu jarri dira martxan Gipuzkoako enpresa eta erakundeetan. Esperientzia horien bitartez, kontziliazio parekiderako ereduak landu eta probatu nahi dira, ondoren, lurraldeko edozein erakunde edo enpresatan aplikatzeko. Halaber, esperientzia pilotuetatik ateratako emaitzak baliagarriak izango dira berdintasunean eta emakumeen eta gizonen erantzunkidetasunean oinarritutako kultura bultzatzeko politika publikoak diseinatzeko, bai enpresetan bai bizitza pribatuan.

Esperimentazio eta ikasketa prozesu horretan parte hartzen duten 30 enpresaren bitartez, 6.592 langilerenganaino iristea lortu da (% 43 emakumeak eta % 57 gizonak).

Besteak beste, aldaketa neurri hauek hartu dira parte hartzen ari diren enpresetan: Soldata arrakala murriztu.

  • Emakumeek zuzendaritza postuetan duten presentzia areagotu.
  • Malgutasuna eta produktibitatea hobetu.
  • Komunikazio eraginkorra.
  • Kontziliazio neurri berriak.

Bestalde, Gipuzkoako erakundeen artean sortutako interesari esker, Erantzukide sarea sortu da. Hain zuzen, Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, kontziliazio erantzunkiderako neurriak aplikatu dituzten edo aplikatzen ari diren enpresa eta erakunde publikoak biltzen dituen sarea da. Sare horretan, erronkak zehaztu eta lurraldearen etorkizunerako giltzarritzat hartzen diren ekimenak esperimentatzen dira.

Besteak beste, enpresa eta erakunde hauek parte hartzen dute: Alcad, Alcorta Forging Group, Ampo, Angulas Aguinaga, Arazi, Askora, BPG Coordinadores de Seguridad, BPXport, Bera Bera Kirol Kluba, Construcciones Moyua, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Kultura, Ikerlan, Ikor, Ikusi (Grupo Velatia), Kirolbet, La Guipuzcoana, Mara mara, Matia Fundazioa, Matz Erreka, Uliazpi, Transportes PESA, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, BPG Coordinadores de Seguridad, Asfaltia, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language), Polymat, Royne, Hegalak, Cadinox eta Iraurgi Berritzen.