2016ko deialdia

Diruz lagundutako proiektuak

GipuzkoaLab diru-laguntza deialdiak Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuna emateko gizarte antolatuak proposatu eta garatutako proiektu berritzaileak laguntzen ditu. Esperimentazioan eta eragile anitzen arteko elkarlanean oinarrituta garatzen diren proiektuak dira.

ISEA KOOPERATIBA. – Jakiberri

Jakiberrik proposatzen du gizarte berrikuntzako proiektu bat garatzea lurraldean, Gipuzkoako gastronomiaren eta elikagaien sektorean lankidetzazko eta partaidetzazko berrikuntza dinamikak sustatzeko, Euskal Fast Food Osasungarriaren eredu natural, osasungarri, askotariko eta nutritibo berria eta horri lotutako zerbitzu lerro oso bat sortzeko helburuarekin.

Isea, Basque Culinary Center, Mondragon Health, Jakion, Auzo Lagun eta Debagoienako eskualdeko garapen agentziak sustatutako proposamena da Jakiberri, eta Innobasqueren laguntza jasotzen du.

GOIERRIKO EKIMENA, SA – Goierriko Ekosistema Soziala

“Goierriko Ekosistema Soziala” –GES- proiektu integral bat da, xedetzat duena Goierriko eskualdean norbanakoan oinarritutako ekosistema sozial bat sortzea, lurralde honetan jarduten diren eragile guztien giza baliabideak, baliabide fisikoak, ezagutzakoak eta harremanekoak uztartuz. Proiektu hau Goiekiko gizarte kontseiluak sustatuta artikulatu da. Goiekin biltzen dira Lurraldeko kapital soziala, molde guztietako gizarte elkarteekin, eskualdeko enpresa garrantzitsuenak eta tokiko administrazio publikoak. Goierri lurralde nagusiki industriala denez, esparru sozialak bere kontrapuntua behar du, bi elementuek bat egin behar baitute Goierriren etorkizuna bermatzeko.

Proiektu honek xedetzat du ekosistema sozial egoki bat sortzea, eskualdeak etorkizunean izango dituen erronkei erantzungo diena, hala nola baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen integrazioa, zahartzea eta genero desberdintasuna.

IMPACT HUB DONOSTIA SAN SEBASTIAN, S.COOP. – Circular Hub

Azken helburua da ekonomia zirkularra ezagutaraztea gure lurraldean, eta lurraldeko eragileak inplikaraztea, zirkularitatean oinarritutako politikak, estrategiak eta ekintzak aplikatzeko.

Horrela, CIRCULAR HUB proiektuaren bidez, erakutsi nahi da ekonomia zirkularrak ekonomia linealak baino garapen sozial handiagoa eragiten duela. Horretarako, 3 lerro nagusi landuko dira: (1) mikroesperientzia ukigarri eta eskalagarriak lantzea, ekonomia zirkularra Gipuzkoan ikusarazteko, (2) balioetan heztea, ekonomia zirkularraren zergatia ulertarazteko, eta ezagutza eskualdatzea, ekonomia zirkularraren onurak dibulgatzeko, eta (3) Gipuzkoan ekonomia zirkularra ahalbidetzeko funtsezkoak diren eragileak inplikaraztea.

Circular Hub taldea Donostiako Impact Hub komunitateko kide edo gertuko diren eragileen (enpresak, fundazioak, GKE, ikerlariak eta ekintzaileak) arteko lankidetzatik jaio da.

FUNDACIÓN DEUSTO – Capacidades de facilitación

Proiektuaren helburua da Lurraldeko unibertsitateen gaitasun bideratzaileak zabaltzea, gobernantza berri baten eraikuntzan izan dezaketen inpaktua areagotzeko. Unibertsitateak eta ikerlariek Lurraldearen erronkekiko duten erantzukizuna areagotzeak ekarriko du eragileen arteko elkarrekintza handitzea, eta ezagutza sortze sozialki sendoa lortzea. Ezagutza sortzeko prozesu horretan eragile gehiagok parte hartzea eta lantzen diren gaiak berrorientatzea, Lurraldearen eskari eta beharrei erantzuteko, funtsezko bi alderdi dira, Gipuzkoako lurraldean gobernantza eredu berri bat finkatzeko. Zentzu horretan, unibertsitateetan gaitasun bideratzaileak garatuz gero, indartu egingo da lurralde garapenean aldaketa prozesuak dinamizatzeko gaitasuna.

Ikerketa eta ekintza prozesu baten bidez, bideratzailearen inguruko ezagutza ahalik eta hobekien nola konpartitu jakiteko lan egingo dugu. Azken emaitza gisa, online tresna bat sortuko dugu, unibertsitateetako ikerlariei bideratzaile rola hartzen laguntzeko, eta lurralde garapenean aldaketa prozesuak dinamizatzeko gaitasunak indartzeko.

AFAGI ELKARTEA – Geroa lantzen

Proiektuaren helburu nagusia da Gipuzkoan belaunaldi arteko kooperaziorako eta adituen boluntariotzarako “sareen sarea” zabaltzea, premiazkoa baita zahartzearen, Alzheimerraren eta bestelako dementzien ondoriozko erronkei aurre egitea, Lurraldearen eraldaketa sozial solidariorako ekarpen gisa.

Proiektu hau AFAGI elkarteak, AUBIXA fundazioak eta 125 boluntarioz osatutako talde batek proposatu dute.

EMUN, KOOP. ELKARTEA – Kontziliazio parekidea

Kontziliazio parekidea helmuga duen proiektua da honakoa, familiaren, lanaren eta maila pertsonalaren bateragarritasuna erraztu eta ahalbidetuko dituena. Erakundeek duten jarduteko moduetan berrikuntzak egiteko bidea aurkeztea dugu xede, eraginkortasunaren bidetik lana, familia eta alderdi pertsonala modu egokian eta orekatuan uztartuz. Enpleguaren arloan kokatzen da eta edozein entitate motatan aplikatzeko modukoa.

Erakundeentzat erabilgarria izango den prozesu mailakatua diseinatuko dugu proiektu honetan. Entitate batean eman beharreko pausoak prozesu baten bidez proposatuko ditugu, kontziliazio parekidea bultzatu eta ahalbidetuko duten irizpide, politika eta erakundeen jarduteko modu berritzaileak barne bilduko dituenak. Kontziliazio parekiderantz jo nahi duten erakundeentzako proposamena izango da modu gradualean aldaketak egin ditzan.

USURBILGO UDALA – Diru-laguntzen eragin soziala

Egitasmo honen bidez gobernantza publikoko ereduetan berritu nahi dugu, bi udal desberdinek egiten dituzten diru-laguntza publikoko deialdien inpaktu soziala neurtuz, eta inbertitutako diruak zein eragin eta aldaketa ekarri dituzten. Asmoa bada, aldi berean, ikuspegi hori udal lantalde osora ez ezik, herriko eragileengana zabaltzea.

Egitasmoa Usurbil eta Oñatiko udaletan elkarlanean, indarraz batuz, proposatu dugu, izan ere egunerokoan honelako egoeran egoten baitira sarritan udalak. Udal bakoitzak bere prozesua egingo du, baina elkarrengandik ikasteko aprobetxatuko dugu, eta elkarrekin tresna bat sortuko dugu, etorkizunean beste erakunde publikoentzat baliagarria izango dena. Inpaktua neurtuko duen tresna, udal bakoitzaren beharretara egokitu daitekeena, modulu bidezkoa. Tresna hori sortzeko, berrikuntza sozialaren ikuspegitik inpaktua neurtzeko esparruan lanean ari diren eta izaera desberdina duten bi erakunderen kanpoko laguntza izango dugu: Sinnple eta Elhuyar Aholkularitza.

HUHEZI, SCL – Gipuzkoa: gizarte berrikuntzako lurraldea

Ikerketa-Ekintza prozesu orokor baten baitan txirikordaturik garatzen diren lau ardatz nagusi ditu egitasmoak:

  • 1. Gipuzkoako lurraldeak aurrez aurre dituen desafioen gainean, eta Gizarte Berrikuntzaren ildotik garatzen diren paradigma berrien haritik, metodologia inplikatiboen bidez, herri bisio eta narratiba kolektibo gaurkotu eta partekatu baten oinarriak identifikatu eta garatu nahi ditugu.
  • 2. “XXI mendeko Herrigintza eta Gizarte Berrikuntza” Aditu Programaren bidez bisio horren garapenean trakzio lanak egiteko funtsezkoak diren pertsonak (alderdietako pertsonak, eragile sozial eta sindikalak, udalgintzako ordezkari eta teknikariak, garapen agentzietako teknikariak) paradigma berrien ikuspegietan prestatu eta eragile proaktibo bilakatu nahi ditugu.
  • 3. “Gizarte Berrikuntzaren Sonarra” jarriko dugu martxan: Nazioarteko esperientzia aurreratuenak jaso eta gure prozesuaren metabolismoan esperientzia hauen erreferentziak txertatzeko.
  • 4. Eta egitasmo hau guztia Britania Handiko Young Foundation erakundearekin elkarlanean garatuko dugu.

HUHEZI, SCL – Ikus entzunezko sorkuntza Gipuzkoan

Ikus-entzunezko sorkuntza Gipuzkoan: egoeraren diagnosia eta ekintza-proposamenak izenburupean aurkezten den proiektu honen xedea da, batetik, herrialdeko ikus-entzunezko sektorearen diagnosia egitea, eta, bestetik, audientziari begirako esku-hartze proposamenak identifikatzea, ikus-entzunezko sorkuntza sustatu ahal izateko Gipuzkoan.

Bereziki garrantzitsu irizten diogu interbentzio proposamenen eragite-eremua gazteen adin-tartean kokatzeari, gazteak etorkizuneko heldu izango diren heinean, eta kontuan hartuta adin-tarte hori dela klabe identitate-sorkuntzan eta sozializazio-prozesuan.

EKAI CENTER FUNDAZIOA – Gipuzkoako politika teknologikoaren sustapen eta hobekuntza

Alemaniako esperientziarekin alderatzetik abiatuta, proiektu honek politika teknologikoak hobetzeko eta sustatzeko jarduketa proposamenak definituko ditu.

Helburu zehatzak:

  • Gure teknologiaren konpetentzia gaitasunaren egoera zehatza zein den ezagutzea.
  • Zehaztea zer ahalegin egin behar dituen Gipuzkoak, lasterketa teknologikoan atzera ez gelditzeko eta aurrean jartzeko.
  • Alemaniako eskualde aurreratuenetako politika teknologikoak alderatzea, eta Gipuzkoan hobetu eta sustatzeko proposamenak egitea.

UROLA GARAIKO GARAPENERAKO AGENTZIA, SA – Onbizi

Deialdi honetara aurkeztu den ONBIZI proiektuak gainditu du jada lehenengo fasea. Lehenengo fase horretarako, proiektuak Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren finantzazioa jaso du ("ikasten duen lurraldea" programa). Bertan, unitate didaktiko espezifiko batzuen garapen praktikoa landu da, jarduera fisiko egokituen eta errehabilitazio prozesuen inguruko prestakuntza emateko, bai osasun arloko langileei, bai zaintzaileei, bai senitartekoei eta baita norbanakoei beraiei ere.

Lehenengo fase horren ondoren, proiektu honek osasun arloko langileei, zaintzaileei, senitartekoei eta norbanakoei beraiei lesio fisikoen eta hartutako kalte zerebralen errehabilitazio prozesuen eta jarduera fisiko egokituen inguruko prestakuntza emateko unitate didaktiko espezifikoak kontrastatzeko eta horien esperimentazio praktikoa garatzeko proposamena jasotzen du.

EMANHAR GIZARTE ELKARTEA – Oasislab

OASISLAB proiektuak abiapuntutzat du etorkinak euskal lurraldeetan gizarteratzea sustatzen duten ekimen berritzaileak abian jarri eta prototipatu beharra, oinarritzat hartuta eskubide eta aukera berdintasuna aldarrikatzen eta defendatzen duen komunitate baten eraikuntza. Aldi berean, OASISLAB lehenengo urratsa da, komunitateei beren garapenaren inguruan antolatzeko eta garapen horretan parte hartzeko aukera emango dien ikuspegi zabalago batetarantz. Ikuspegi horrek norbanakoen eta erakundeen sare sortzaile, bizi eta aktibo bat ezarri nahi du, komunitate sentimendua sustatuz eta garatuz, garapen jasangarri, sozial eta kolektiboa ahalbidetzeko.

Proiektuak Brasilgo Eloa Institutuaren Oasis jokoak dakarren teknologia sozialean parte hartzera gonbidatzen ditu Herrera auzoa eta Hernani. Horrela, etorkinez eta bertako pertsonez osatutako jokalari talde batek mobilizazio sozialeko prozesu bat sustatuko dute beren auzoetan, proiektu komunitario bat egin eta abiarazteko, amets bat oinarritzat hartuta (amets horrek premia sozial, ekonomiko edo kultural bati erantzun diezaioke).

LKS, SCL – Etxean

Proiektu honen xedea da etxeko arreta eredu berri bat diseinatu eta inplementatzea; gaixoa ardatz izango duen arreta eredu horrek integratu egingo ditu osasun arretako maila desberdinak gizarte laguntzakoekin. Horrela, etorkizuneko erronkei aurre egin nahi zaie, sistema soziosanitario jasangarri bat eraikiz.

Helburu horretaranzko bidea oztopoz eta zailtasunez josita egongo da. Erakundeen arteko oztopo burokratiko horiez gain, barne oztopoak ere badaude, hala nola aldaketen aurrean erakusten den erresistentzia. Horregatik, ezinbestekoa da jarrera proaktiboa hartzea, eta paradigma berritara eramango gaituzten berrikuntza prozesuen aldeko apustua egin beharraz kontzientziatzea, horien gainean eraikiko baita Gipuzkoaren etorkizuna, egungo ongizate maila mantendu eta hobetzeko xedez.

ELHUYAR FUNDAZIOA - Bizilabe

BIZILABE sarearekin tokiko gizarteari egin nahi zaio ekarpena gazteen hezkuntza osatzeko eta eskualdeen lehiakortasunean laguntzeko. Hain zuzen ere, Elhuyarrek sustatutako proiektu honek eredu-aldaketa bat proposatzen du, eta gazteen etorkizunean eskualdeko eragile desberdinen arteko lankidetza sustatzea da proiektuaren beraren ardatz nagusietakoa. Honek berebiziko garrantzia du; izan ere, nerabezaroa gazteentzako garai berezia da, eta bereziki neska gazteen kasuan auto-estimua txikitu egiten da kasu askotan. Bizilabek, era positiboan eragin nahi du neska-mutilengan garai horretan gaitasunetan ahalduntzeko aukera eskainiz.

Eragile desberdinen arteko lankidetza aipatzen denean, zehazki, eragile hauek bildu nahi ditu Bizilabe martxan jartzeko lankidetza-sareak: tokian tokiko eragile ekonomikoak, eragile sozialak eta gazteria- eta hezkuntza-eragileak (enpresak, tokian tokiko elkarteak eta tokian tokiko hezkuntzaren eta gazteriaren ekosistemak). Eta eskualdeetako garapen-agentzien figura gakoetako bat dela uste dugu.