2017ko deialdia

Diruz lagundutako proiektuak

GipuzkoaLab diru-laguntza deialdiak Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuna emateko gizarte antolatuak proposatu eta garatutako proiektu berritzaileak laguntzen ditu. Esperimentazioan eta eragile anitzen arteko elkarlanean oinarrituta garatzen diren proiektuak dira.

ARIZMENDI KOOPERATIBA. - Bizibide

BIZIBIDE proiektuak era argi eta praktikoan bultzatu nahi du lurralde komunitario berdinzaleagoa, solidarioagoa eta kulturalki askotarikoagoa; eta, aldi berean, tokiko identitate markatua duena. Horretarako, hezkuntza komunitateari eredu pedagogiko eraldatzaile bat proposatuko dio, gizarte gipuzkoarrak jauzi kualitatibo bat eman dezan, maila sozialean, gure haur eta gazteei balioetan oinarritutako hezkuntza emanez, pertsona solidario, parte-hartzaile eta konprometituak garatzea bermatzeko xedez.

BIZIBIDE proiektuak hezkuntza esparrura bideratuko ditu ahalegin guztiak, esparru horrek egun dituen erronkei ere erantzun ahal izateko.

APTES - Euskaltrust

EUSKALTRUST da APTESek diseinu sozialaren esparruan sustatzen duen ekimenetako bat, 2017-2020 aldirako dituen ardatz estrategikoetako bat. Proiektuaren abiapuntua izan da pertsonen eta erakundeen arteko konfiantza mekanismoak indartzea –konfiantza da sei kapital sozialetako bat-, esparru guztietan, konfiantza hori aitortutako balio sozial bilakatzeko.

EUSKALTRUST ekimenari dagokionez, deialdi hau esparru ezin hobea da ernetze etapa garatzeko: proiektuaren jaurtiketa, diseinua, abiaraztea eta iterazioa. Ernetze etapa horretan, Gipuzkoako norbanakoak eta eragileak ekimenari atxikitzea bilatu nahi da, konfiantza mekanismoetan oinarritutako proiektuak eratu, zabaldu eta martxan jartzeko. Azken finean, Gipuzkoa lurralde bereziki sinesgarri eta fidagarria izatea lortu nahi da.

THE HUMANS’ MOVEMENT, SL - Gipuzkoateach

GipuzkoaTeach plataforma bat da, non unibertsitateko ikasleek ikasketetan egiten ari diren proiektu bati buruzko saio bat eskaintzen baitute, Gipuzkoako institutu eta ikasle guztiei zuzenduta. Hau da, unibertsitateko ikasleek beren proiektua azaltzen diete beren etorkizun profesionala nondik bideratu erabakitzeko unean dauden ikasleei. Horrela, erabakitzeko une horretan dauden ikasleek lehen eskutik entzungo dute zer esan nahi duen ikasketa jakin bat ikasteak.

Jarduera hau GipuzkoaTeach plataformaren bidez koordinatzen da, bertan ezartzen baita interesatuen arteko harremana, eta, gainera, puntuazio sistema bat zehazten da. Horrela, gazteei gehien laguntzen dieten eta, hortaz, puntuazio altuena lortzen duten ikasleek, gehiagotan ere errepikatu ditzakete saio horiek.

EMAUS – Elkar Ekinez

Ekimen honen bidez, elkar ezagutzeko eta topatzeko aukera emango duten espazioak sortu nahi dira, a priori nekezak liratekeen loturak ezartzeko. Hala, estereotipoak “deseraikitzen” ez ezik, komunitate inklusiboen eraikuntza sinergikoan ere eragingo dugu. ELKARREKIN EKINEZ pertsonen eta eragileen partaidetza, aktibazioa eta gerturatzea sustatzeko metodologia esperimentatzeko eta sistematizatzeko ariketa gisa ikusten dugu, guztia ere desberdinak errespetatuz, aintzatespena landuz eta eskubideetan arreta ipiniz. Zehazki, honako helburu hauek lortu nahi dira:

  • Ezagutza eta sorkuntza kolektiboko espazioak eta harremanak sortzea, Gipuzkoako gizarte eragile eta eskualde desberdinen artean eta gizarte bazterkeria arriskuan eta/edo egoeran dauden pertsonekin.
  • Pertsona orok eduki eta garatu behar dituen gaitasunei balioa ematea eta haiei buruz sentsibilizatzea, garapen pertsonaleko eta sozialeko mekanismo gisa.
  • Partaidetza komunitarioa sustatzeko metodologia bat garatzeko gomendioak eta irizpideak proposatzea, gizarteratzea toki esparruan gauzatzeko.

CLUB DEPORTIVO IBAETA – Elkarbizitzen jakitea

Proiektu honek aukera ematen du kategoria goreneko emakumezko talde batean dagoen esperientzia eta material guztia material didaktiko bilakatzeko eta hezkuntza zentroetara eramateko. Horrekin bizipen guztiak aprobetxatuko lirateke dibulgazio tresna bihurtzeko, eta balioak transmititzeko palanka bilakatuko litzateke kirola.

Balioak eraikitzeko beharra nabarmena da eskola jazarpena bezain garrantzitsuak diren gizarte ekintzen aurrean, fenomeno horrek sufrimendu handia eragiten baitu pertsona zaurgarrienen artean, neskato eta mutikoen artean, maila fisikoan nahiz intelektualean desberdintasunak izateagatik borroka egin behar izaten dutelako beren gizartean toki bat aurkitzeko eta pertsona gisa garatu ahal izateko.

Isea Kooperatiba - Bakuntza

BAKUNTZA proiektuaren helburua da prestakuntza-ikaskuntzarako eta ezagutza belaunaldi batetik bestera transferitzeko prozesu egituratu bat diseinatzea eta sustatzea, ekintzailetasuna langabezian dauden gazteak lan munduan txertatzeko eta profesionalki garatzeko formula gisa bultzatzeko.

Xede diren kolektiboen ikuspegitik, BAKUNTZA proiektuaren bertuteetako bat da prozesu sinergiko eta egituratu batean uztartzen dituela, batetik, langabetu gazteen jarduera ekintzailea eta, bestetik, langile seniorrek zuzentzen dituzten enpresetako barne-ekintzailetasun prozesuak.

ADINKIDE – Pertsona nagusientzako laguntza afektiboa

Proiektu honen bidez, AdinKIDEk zera lortu nahi du, adineko pertsonen ongizatea, arreta berezia ipiniz isolamendu egoeran daudenei edo zailtasun fisikoak dituztenei, laguntasun afektiboa ez ezik aisialdirako eta atsedenerako astia ere eskainiz.

AdinKIDEk proiektu honen bidez lortu nahi dituen helburu espezifikoak hauek dira:

  • Laguntasun afektiboa eskaintzea bakardade sentimenduak bizi dituzten pertsonei, astean behin boluntario baten laguntzarekin, dela euren etxean, dela egoitzetan;
  • Adineko pertsona horien partaidetza sustatzea euren beharrizanetara egokitutako jardueren bidez, beren isolamendutik irten eta gizarte sarea zabal dezaten;
  • Auzo bizikidetzako espazio berriak sortzea eta babesa eskaintzeko belaunaldiarteko sare berriak eraikitzea, Donostiako auzoetan.

ZUBIGUNE FUNDAZIOA – Gaitasun industrialak

Proiektuaren xedea da Gipuzkoan Fabrikazio Aurreratuko 4.0 Industria garatzeko sortzen ari diren lanbide berrietarako pertsonak prestatzea. Horrela, 5 profil profesional identifikatu dira, lanbide berri horietara orientatuta. Proiektu honen bidez, profil horietara egokitutako karrera profesionalen ezaugarriak zehaztu dira, eta inplikatutako enpresetako langileak profil horietara sustatzeko ibilbideak definitzeko tresnak garatu dira.

Industriaren sektoreko langileen sustapenerako sistema bat sortuko da, enpresa aurreratuenek une kritiko honetan egin behar dituzten aldaketa eta berrikuntza dinamiketara egokituta: Fabrikazio Aurreratuko 4.0 Industriak aldaketa iraultzaileak ekarriko ditu, eta horrek askotariko jarduketak eskatzen ditu, ekimen pribatukoak nahiz erakunde artekoak.

Ideia bat hartzen da abiapuntutzat: edozein aldaketatan, teknologiaz eta ekipoez gain, pertsonak ere garrantzitsuak dira. Baina Fabrikazio Aurreratuko 4.0 Industriaren kasuan, pertsonak gutxi ikusarazten dira, ia robotak baino gutxiago.

ERRENTERIAKO UDALA - Engaiatu

Proiektu honen bidez, enpresa txikiek eta merkataritza jarduerako establezimenduek eraldaketa sozialerako, hobekuntzarako eta eragin soziala areagotzeko duten gaitasuna handitzeko tresnak sortu nahi ditugu. Zehazki, berrikuntza sozialaren markoa oinarri hartuta, enpresak lurraldearen balioekin lerrokatu eta eraldaketa sozial horren parte egin nahi ditugu.

Proiektua, modu esperimentalean, Errenteriako udalerrian landuko dugu, eta horretarako, hiriko 50 langile baino gutxiagoko 15-20 enpresa aukeratuko ditugu, izaera eta jardun desberdinekoak. Lan horretan, ezinbestean, bidelagun izango ditugu herriko merkatarien elkartea zein Oarsoaldeko Garapen Agentzia, duten inguruaren ezagutzagatik, zein urte hauetan zehar egindako ibilbideagatik.

IADDI – Basque Lanzadera

Basque Lanzadera Project proiektuaren xedea da 10-18 urte bitarteko haur eta gazteez osatutako taldeak sortzea, enpresen babesean eta irakasle eta begiraleen gidaritzapean STEAM (Science, Techonologies, Engineering, Arts and Mathematics) arloko nazioarteko txapelketetan parte har dezaten.

BLP proiektuak ikuspegi erabat praktikoa du, STEAMek Gipuzkoaren eta Euskadiren etorkizunean benetako garrantzia dutela dioen teoria praktikan jartzeko modua baita.

ADEGI – Enpresen eragin soziala

“Enpresen Eragin Soziala” proiektuaren helburua da Gipuzkoako enpresentzat inpaktu soziala "auto" ebaluatzeko metodologia erraz bat garatzea. Metodologia horrek hainbat ezaugarri izango ditu: erabilgarria izango da (erabakiak hartzeko aukera emango du), emaitzetara bideratuko da (materialtasun ikuspegia izango du) eta erabilerraza izango da (edozein enpresak erabili ahal izango du, enpresaren tamaina eta jarduera sektorea edozein direla ere). Proiektu honen bidez metodologia hori diseinatuko da lehendabizi, eta ondoren kontrastatu eta balidatu egingo da, Gipuzkoako enpresa sarea ordezkatzen duten 10 enpresez osatutako talde batekin.

FUNDACIÓN FORMACIÓN TÉCNICA MÁQUINA HERRAMIENTA – FP ingenieritza pasarela

Laguntza eskatzen du, gure enpresa sareak dituen prestakuntza eta konpetentzia premiei erantzun zuzena emango dieten bi proposamen berritzaile eta berezi diseinatzeko. Lehenengo proposamenak politika europarrekin bat datorren eszenatoki berri batean kokatzen ditu Lanbide Heziketa Duala eta Unibertsitate Heziketa Duala; harreman eta integrazio eszenatoki berri bat da, etorkizunera begira aztertu eta garatu daitezkeen aukera oso erakargarriak eskaintzen dituena. Bigarren proposamenak, berriz, 4.0 gaitasunak garatzea du xede, EHUk eskainiko duen master ofizial berri bati esker, 4.0 industriaren erronkei era integralean heltzeko gai izango diren profesionalak hezteko asmoz.

Bi proposamenak batera aurkeztu dira, IMHren helburu estrategikoa baita 2018/2019 ikasturtean ibilbide integratu eta malgu bat eskaintzea, heziketa zikloetan hasi eta unibertsitateko masterrean amaituta.

DEBEGESA – Bazterkeria egoeran dauden helduentzako heziketa sarea

Proiektu berritzaile bat abiarazi nahi da, sare honetan parte har dezaketen baliabide, sistema eta eragileen aurretiazko diagnosia diseinatu eta garatzeko, eta bazterketa egoeran dauden helduen beharrak ezagutzeko. Behar horietatik eta egun jada badauden erantzunetatik abiatuta, "Debabarrenan eta Debagoienan bazterketa egoeran dauden helduentzako heziketa eta enplegu sarea" diseinatuko da. Sare horrek heziketa prozesuak hasteko aukera emango die herritar guztiei, gaikuntzan, ahalduntzean eta garapen pertsonalean oinarrituta, norbanakoen baliabideak, tresnak eta gaitasunak indartuz, lan merkatuan txertatu ahal izateko. Sare hori sortzeko, funtsezkoa da eragile desberdinak lankidetzan jardutea ahalbidetuko duten foroak ezartzea.

OARSOALDEA – Plasma

PLASMA – Plaza Sortzaile Mugikorrarekin auzolan kultura bizirik mantentzen duten eragile desberdinen saretzea indartu eta beraien esfortzu eta inplikazioaren bitartez aurrera ateratzen dituzten ekintzen ikusgarritasuna handitzea bilatzen dugu nagusiki. Herritarrei auzolanean egiten dena irisgarri jartzeak bizitzeko filosofia horri zor diogun errekonozimendua emateaz gain, jende gehiago kultura horretara gehitzea ekarriko du. Eta horren ondorioz, noski, gipuzkoar gizartean identifikatzen ditugun hamaika erronka, bereziki sozialei, aurre egiteko gaitasuna irabaziko genuke.

Metodologia berritzaile, gune ireki edota pertsonen gaitasun sortzailearen garapenaren bitartez, ikaskuntza - arlo desberdinetara zuzendutako ekimenetan lanean dabil PLASMA. Ingurumena, energia eta helduenen zaintza, besteak beste, ardatz izango dituzten topaketetan herritar guztientzat interesgarri eta, batzuetan, arduratsuak diren gaiak sakonki jorratuko ditugu epe ertainean kolektiboki aurpegiz erantzuteko gaitasuna irabazi aldera.

AZPEITIKO UDALA – “Nirea” nire azoka plaza urbanoa

Gipuzkoako eta bereziki Urola Erdiko landa-eremuetako jendartearen ongizatea bilatu eta landa eremuko ondare komunari ekarpena egiteko konpromisoa gauzatzea. Herritarrek landa eremua berea egin eta ilusioz, partaidetza iraunkorraren aldetik, elikadura gobernantza plan baten baitan, landa eremuaren multifuntzionaltasunaz baliatuz, landa eremu erakargarri eta ekintzailea sustatu eta hauen fruitu osasuntsuez guztiok elikatzea.

EKINTZA LERROAK

  • NIREA Mahaitik, Elikadura Gobernantza eredua diseinatu.
  • NIREA Azoka Plaza urbanoaren antolaketa eta eskaintzaren dinamizazio eredu lana.
  • NIREA Zerbitzuak: Lehen sektorea bizirik mantentzeak duen garrantziaren inguruko informazio eta formazioa gure gizartean hedatu, 2017-2018 Agenda antolatuz.
  • NIREA Elikagaiak: Gure lehen sektoreak ekoiztutako elikagaiak identifikatu, ezagutu, dastatu eta erosten lagunduko digun bertako “Elikagunea” martxan ipini.

AGINTZARI KOOPERATIBA - Landalab

Proiektuaren helburua da Gipuzkoako landa inguruneko errealitate desberdinetara egokitu eta horietan ere ezarri daitekeen esku-hartze komunitarioko eredu berritzaile bat diseinatu, modelizatu, pilotatu eta komunikatzea; eredu horrek uztartu egingo ditu, batetik, aukera teknologiko berriak, eta, bestetik, ezagutza komunitario esangabe eta ukiezinaren aprobetxamendua. Horretarako, esperimentu praktikoa egingo da, ezaugarri soziodemografiko, soziohabitazional eta sozioekonomiko desberdinak dituzten tokiko hiru errealitatetan.

IKERTALDE, SA – Ekin adinari!

“EKIN ADINARI!" Gipuzkoako enpresetan adinaren kudeaketa eta ezagutzaren belaunaldi arteko transferentzia sustatzeko gailu bat da, eta helburutzat du Gipuzkoako langileen ezagutza kapitalizatzea.

Proiektuak hainbat erronka ditu, hala nola enpresak adinaren kudeaketak eta ezagutzaren transferentziak duten garrantziaz SENTSIBILIZATZEA, enpresa gipuzkoarretan tresna eta gailuen ezagutza eta aplikazio maila zenbaterainokoa den aztertzea (400 enpresa), gai honen ezagutzan sakontzen lagunduko duten JARDUNBIDE EGOKIAK identifikatzea (arrakastak), eta 6 enpresetan bakoitzaren errealitatera egokitutako aplikazo praktikoa egitea.

Horrela, azken buruan, EREDU TEORIKO-PRAKTIKO ERALDATZAILE eta propioa eraiki nahi da, baterako hausnarketa ahalbidetu eta ikuspegi metodologiko berritzaile eta didaktiko bat emateko, ondoren enpresetan aplikatu ahal izateko.

ORQUESTRA – Enpresa konpromisoarentzako oinarriak Gipuzkoan

Proposamen honetan ikerketa galdera bikoitzari erantzun nahi zaio:

  • Nola sortu balio konpartitua enpresa gipuzkoarretan, lurraldearen lehiakortasun sozioekonomikoa hobetzeko? Galdera hau ikerketa proiektuaren ZER galderari lotzen zaio.
  • Nola sortu enpresaren eta lurraldearen helburuak lerrokatzea sustatuko duten ikerketa interaktiboko prozesuak, lurralderako balio konpartitua sortzeko? Galdera hau ikerketa proiektuaren NOLA galderari lotzen zaio.

Horrela, bi jarduketa ardatz abiaraziko dira, eta horiek gauzatzeko askotariko eragile ekonomikoen laguntza behar da:

  • Erabaki zentroak Gipuzkoan finkatzea. Eragin zuzena du jasangarritasun sozioekonomikoaren sustapenean.
  • Ekonomia zirkularra, lurralde jasangarria sustatzeko. Eragin zuzena du ingurumen jasangarritasunaren sustapenean.

EMANHAR – Gu geu gara

“Gu Geu Gara” proiektuak gure lurraldearen egungo bi beharrei erantzun nahi die: haur eta nerabeei balioetan oinarritutako hezkuntza ematea, bizitzarako trebetasunak izan ditzaten, era kritikoan elkarreragiteko, inguruneekin konprometituta, eta gobernantza eredu berriei buruz hausnartzeko aukera emango duen tresna bat sortzea, haurrak eta nerabeak presenteago egon daitezen, tokiko politikan erabakiak hartzerakoan.

“Gu Geu Gara” joko kooperatibo bat da. Parte hartzen duten ikastetxeei erronka batzuk planteatzen zaizkie, eta ikastetxe horiek gainditu egin behar dituzte. Guztira hiru erronka dira (erronka bakoitzak hilabete bateko iraupena du gutxi gorabehera). Parte hartzen duten ikastetxeetan, tutore batek eta lidergorako gaitasunak dituzten hamar ikaslek osatutako talde batek koordinatzen du erronka bakoitza. Ikasle horiek jokoa hasi baino lehen identifikatu ditu ikastetxeak berak.

SAIAZ MANKOMUNITATEA – adinekoei autolaguntza komunitarioa

SAIAZ mankomunitatean ahultasun egoeran dauden adinekoeei laguntzeko autolaguntza komunitarioa, auzo sare eta boluntariotza formula berriak lantzeko prozesu esperimentala da.

Proiektu honek helburu ditu:

  • SAIAZ osatzen duten (Bidania-Goiatz, Errezil, Beizama eta Albiztur) udalerrietan ahultasun egoeran bizi diren adinekoen bizitza kalitatea hobetzea herritarrak (eragile zein norbanako) oinarri izango dituen boluntariotza formula berriak sortuz.
  • SAIAZen lantzen ditugun formula horiek Gipuzkoan landa eremuan dauden beste eskualde edo herrientzako erreferente eta adibide izatea.
  • Ahultasun egoeran dauden adinekoen eta beraien gertuko ingurunearen ezagutza sakona lortzea, behar eta erronka konkretuak identifikatzea, landa eremuan bizi izatearen berezitasuna kontutan izanik.
  • Adinekoen zaintzaren inguruko ardura kolektiboaren gaineko kontzientzia sortzea, elkartasuna eta gertutasuna bultzatzea.
  • Identifikatutako beharrei erantzuteko formula berritzaileak topatu eta danen artean adostea.
  • SAIAZ osatzen duten herrien artean gizarte kohesioa eta komunitate nortasuna indartzea.

DONOSTIAKO UDALA – Lkaleak

Lkaleak proiektua baterako sorkuntzako prozesu bat da: adineko pertsonek, komunitateko beste pertsona eta eragile batzuekin batera, gertutasunezko lankidetza mekanismoak eta sareak irudikatuko, diseinatuko eta aktibatuko dituzte, adineko pertsonoi babesa, arreta eta tratu ona bermatuko dizkien giro lagunkoia lortu ahal izateko. Adiskidetasun giro hori funtsezko pieza izango da, haien komunitatearekin duten loturari euts diezaioten.

Proiektuak bi helburu handi izango ditu: batetik, komunitatea aktibatuko duen prozesu bat garatzea, adineko pertsonek euren ingurunearekin lotura gordetzea ahalbidetuko duena, eta, bestetik, ikasitakoa transferitzeko eta proiektua berriro ere errepikatzeko prozesua sistematizatzea, ebaluazioa egin ahal izateko.