Edukira joan
Menua ireki EU
Buscar
 

Etxean bizi

Adineko pertsonen % 80k beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, nahiz eta laguntza eta arreta behar izan

Etxean Bizi proiektu esperimental bat da, ahultasun eta/edo mendekotasun egoeran dauden eta beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi duten pertsonen arreta soziosanitariorako eredu bat identifikatzea helburu duena, pertsona horiek eta haien senideek ahalik eta bizi-kalitate onena izateko beharrezkoak diren zerbitzuak eta laguntzak koordinatuz.

Adineko pertsonen % 80k beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, nahiz eta laguntza eta arreta behar izan. Gipuzkoan, gaur egun, 16.000 lagunek jasotzen dituzte mendekotasun-prestazioak, 1.500 eguneko zentroetara joaten dira, 715ek aldi baterako egonaldiak egiten dituzte zentro horietan, eta 2.800ek laguntzak jasotzen dituzte laguntza-produktuak jasotzeko eta etxeetan erreformak egiteko.

Zenbaki horien atzean, pertsona errealak daude, behar batzuk eta helburu oso sinple bat dutenak: hobeto bizitzea.

Mendekotasunak dituzten pertsonen kopurua haziz doa, bizi-itxaropena luzatzen eta, ondorioz, gure populazioa zahartzen doan neurrian. 2026an, 80 urtetik gorako pertsonak gaur egun baino 8.000 gehiago izango dira.

Eta horien guztien ongizatea eta autonomia pertsonala bermatzeko, ezinbestekoa da gure adinekoei etxean kalitatezko arreta emateko zerbitzuak bultzatu eta indartzea.

Hala, Etxean Bizi proiektuan, arreta-zerbitzuetan parte hartzen duten eragile guztiak hartzen dira kontuan: familiak, gizarte-zerbitzuak, EELZ, lehen mailako arreta eta osasunean espezializatutako arreta, etxeko zerbitzuen eta zaintzaren sektorea, laguntzaile pertsonalak, boluntarioak eta komunitate-sarea, hurbileko zerbitzuak…

Esperientzia pilotu horretan egingo den ikerketa-lanaren bitartez, bi talde desberdinduko dira (100 lagunek osatua bakoitza):

  • kontrol-taldeak ohiko arreta jasotzen jarraituko du, aldaketarik egin gabe.
  • talde esperimentalak pertsona helburu duen arreta-eredu bat jasoko du: gizarte arloko arreta, osasun arlokoa, ekintza boluntarioa eta etxetik hurbileko zerbitzuetatik eta komunitatetik jasotako beste arreta batzuk.

2018-2019 epealdian aurrera eramaten ari diren esperientzia da. Hain zuzen, ahultasun egoeran dauden Elgoibarreko, Errenteriako eta Pasaiako 200 lagun ari dira parte hartzen, mendekotasun egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Etxean Bizi proiektua Gipuzkoako zahartze osasuntsurako Adinberri estrategiaren barruan txertatzen da, eta Pasaiako Zahartzaroaren Arretarako Zentroak jarriko du martxan.

Dokumentazioa