Edukira joan
EU
Buscar
 

Etxez etxeko arreta

Mendeko pertsonei zuzendutako etxez etxeko arreta osoa

Gizarte Politikako Departamentuak egindako azterketek adierazten dutenez, adineko pertsonen %80k beren etxean artatuak izatea nahi dute. Xede horretan, gure nagusiak etxean kalitatez artatzea ahalbidetzen duten zerbitzu guztiak indartu eta bultzatzen ahalegindu beharra dago. Gaur egun, Gipuzkoan 16.000 pertsonak  mendekotasun prestazioak jasotzen dituzte, 1.500 pertsona eguneko zentroetara joaten dira, 715 pertsonak alde baterako egonaldiak egiten dituzte eta 2.800 pertsonak laguntza eta eraberritze produktuak hartzen dituzte. Aitzitik, gure lurraldeko egoitza zentroek 6.000 pertsona artatzen dituzte urtean.

Horregatik planteatzen da etxeko arreta indartzea helburu duen proiektu esperimental hau, adineko pertsonak artatzen dituzten gizarte zein osasuneko profesionalekin lankidetzan, urrutitik teknologiak edo euskarri teknologikoak test bidez aztertuz, lan metodo aurreratuak… Hori guztia pertsona eta haren inguru hurbilena arreta gune nagusia direlarik, ezin baitugu ahaztu zaintzaileek beren familiako pertsonen arretan betetzen duten funtsezko eginkizuna, etxez etxeko arreta eredu berria diseinatzerakoan; eredu horrek gaur egun hautemandako gabeziak gaindituko ditu eta gure nagusiek adierazitako premia eta nahiei egokituko zaie kalitatezko arreta eskaintzeko.

Proiektu esperimental hau Pasaian kokatuko den Erreferentziako Zentroaren esparruan gauzatzekoa da; hortaz, udalekin harreman estuan lan egingo da, etxeko arreta udal eskumenekoa baita. Proiektuaren egitekoak izango dira adineko pertsonen arreta eredu baten azterketa, diseinua, plangintza eta ebaluazioa zehaztea. Arreta eredu hori pertsonarengan oinarritua izango da, adineko pertsonak beren etxean egotea sustatuko du, adineko pertsonentzat erabilgarri diren baliabide komunitarioak dinamizatuko ditu eta lehen mailako arretaren eta bigarren mailako arretaren arteko mugak lausotuko ditu.