Edukira joan
Menua ireki EU
Buscar
 

GazteOn Sarelan

Programa intentsibo eta komunitario bat da, eta gazteen gizarteratzea teknikoki eta ekonomikoki modu eraginkorragoan ahalbidetzea du xede

GazteOn SareLan Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa esperimental bat da, helburutzat duena eredu berri bat diseinatzea eta abiaraztea desabantaila sozialean dauden gazte adinez nagusiei helduarorako trantsizio prozesuetan laguntzeko. Programa intentsibo eta komunitario bat da, eta gazteen gizarteratzea teknikoki eta ekonomikoki modu eraginkorragoan ahalbidetzea du xede.

Nerabezarotik gazte-helduarorako trantsizio prozesua geroz eta gehiago ari da luzatzen pertsonen bizi ziklo osoan. Familiak arduratzen dira gazteei babesa eta sostengua emateaz, bai eta emantzipatzeko saio partzialak ahalbidetzeaz ere (ikasle egoitzak, bikotekideekin aldi baterako bizitzea, lanaldi mugatuak, etab.). Nolanahi ere, guztiek ezin izaten diote behar horri aurre egin, eta kasu batzuetan gatazka pertsonalek nabarmen zailtzen dituzte halako prozesuak.

Argi dago, adin nagusitasuna legez 18 urtean ezarrita badago ere, adin horretan ez direla nahiko garatuak izaten erreferentziazko helduen laguntzarik gabeko bizimodu autonomo bat egiteko behar diren gaitasun pertsonal eta sozialak. Horregatik, eta bereziki Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzuaren baliabideetatik ateratzen diren gazteentzat, ezinbestekoa da emantzipatzeko prestatzeko programak abiaraztea eta gizarteratze zerbitzuekiko loturak ezartzea, balizko aldaketak arinak eta koordinatuak izan daitezen.

GazteOn SareLan programak behar bati erantzuten dio: helduarora igarotzeko bide egoki bat ezartzeari; horretarako, ordea, egoitza ahalbidetzearen ideia gainditzen du, eta ikuspegi are zabalago bat eskaintzen. Artatutako pertsonek bizileku izango dituzten etxebizitzez gainera, programak barne hartzen ditu hainbat arlotan laguntzeko ekintzak ere: laguntza teknikoa, enplegagarritasunerako orientazioa, erregularizazio administratiboa, euskarri juridikoa, gizarte-hezkuntzakoa eta psikosoziala. Finean, helduarora igarotzeko programa bat da, bizitokiaren arazora mugatu gabe, planteamendu oso bat eskaintzen duena.

GazteOn SareLan esperientzia pilotuaren bidez, honako hau lortu nahi da:

  • Gipuzkoan integrazio komunitarioko eredu berri bat sortzea desabantaila sozialean dauden gazte adinez nagusien kolektiboarentzat (16-23 urte ingurukoak), Europako Batzordearen gomendioak aintzat hartuz eta lurraldean antzeman diren beharrei erantzuteko helburuz.
  • Egokitzearen bidez gizarte berrikuntza eragitea, alderdi tekniko eta ekonomikotik eraginkorrak izango diren konponbide berriak eskainiko dituen eredu bat diseinatuz, gidatuz eta haren eragina eta eraginkortasuna neurtuz; horretarako, eskura dauden komunitate baliabideen gaitasuna eta erabilera areagotuko dira, diziplina anitzen arteko sinergiak eta koordinazioa baliatuz.
  • Politikak eta gizarte baliabideak gizarte erronka berrietara egokitzen ikastea, honako hauek identifikatuz: kolektibo jakin horri eragiten dioten hobekuntza espezifikoak, eta eredua beste publiko batzuei aplikatzeko egokitu litezkeenak.
  • Horretarako, programa esperimentalak normalizazio ibilbide oso zehatzak eskaintzen ditu, adin nagusikoekin eta helduekin egiteko. Programaren hartzaileak bi zerbitzu desberdinen ardurapean dauden 16 eta 23 urte arteko pertsonak dira. Zerbitzu horietan, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzen diren ibilbide oso irekiak adostu dituzte. Bestalde, GazteOn SareLanek gazteen enplegagarritasunaren aldeko apustu argia egiten du, enplegua giltzarri izaten baita helduarora igarotzeko prozesua arrakastatsua izan dadin.

    Programa 2018 urtearen erdialdera jarri zen abian, aholkularitza, enplegagarritasuna, gizarte-hezkuntzako laguntza eta beste zenbait lerro abiarazita, eta bi etxebizitza esperimental eskaintzen ditu Errenterian eta Zumarragan. Gaur egun, egoitza harrerako sarea osatzen duten egoitzetako gazteak elkarrekin bizi dira etxebizitza horietan.