Edukira joan
Menua ireki EU
Buscar
 

Lurralde Garapenerako laborategia

Gobernantza elkarlanerakoa eta irekia

Lurralde Garapenerako Laborategia Etorkizuna Eraikizen baitan garatzen ari den makro-proiektu esperimental bat da, lehen Gipuzkoa Sarean izena zuena. 2009az geroztik garatutako prozesu honen helburu nagusia da lurralde garapenaren alor desberdinetan dauden politiken efizientzia hobetzea Gipuzkoako eta EAEko agente desberdinen arteko harremanak hobetuz. Horretarako, ezinbesteko elementuak dira Laborategiaren muinean dauden gobernantza elkarlanerakoa eta irekia, Laborategiak dituen espazio guztien markoa ipintzen duena, eta ikerketa-ekintza, ikerketa eta ekintza aldi berean uztartzen dituena eta honen metodologiaren oinarrian dagoena.

Proiektua Diputatu Nagusiaren Kabineteko Kudeaketa Estrategiako zuzendaritzaren lidergopean garatzen ari da, Sustapen Ekonomikoko departamentuarekin eta Gizarte Politiketako Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaritzarekin batera. Era berean, lurralde garapenerako ereduaren eraikuntzan Gipuzkoako garapen agentziak ari dira batik bat parte hartzen, eta zehazki bertako lehendakari, zuzendari eta teknikariak. Oinarri metodologikoak eta ikasketa ezberdinak definitzen laguntzen Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua (Deusto Fundazioa) dago. Eta, aipatutakoez gain, proiektuaren baitan zenbait lanketa ari dira bultzatzen Innobasquerekin, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordetzarekin eta Lanbide Heziketako zentroekin eta Lanbiderekin.

Egun Laborategia espazio edo prozesu desberdinek osatzen dute. Horregatik proiektu bat baino, makro-proiektu bat dela esan daiteke. Prozesu horiek hirutan sailkatu daitezke: hausnarketa eta erabakitze partekatuko espazioak, metodologia (ekintzan) garatzeko ikerketa proiektuak eta gobernantza partehartzaile eta irekiarekin garatutako espazioak. Nahiz eta bereizketa hori egin, lehen adierazi bezala, espazio eta proiektuen markoa da gobernantza elkarlanerakoa eta irekia. Alegia, lan egiteko modu horrek ipintzen ditu espazio eta proiektu desberdinen garapenerako oinarriak.

Hausnarketa eta erabakitze partekatuko espazioak gobernantzaren koordinazio eta negoziaziorako espazioak dira, eta policy maker delakoek (Aldundiko kideek, kasu honetan) fazilitatzen dituzte. Lau bereizten dira:

  • Eskualde Arteko Mahaia: lan ildo desberdinen arteko gobernantzaren koordinaziorako Aldundiko kideek, Agentzietako lehendakari eta zuzendariek, Innobasqueko arduradunak, LHko sailburuordetzako ordezkaritza batek eta Orkestrak osatutako espazioa.
  • Batzorde Exekutiboa: lan ildo horien negoziaziorako Eskualde Arteko Mahaiaren talde operatiboa.
  • Talde Eragile Zabala: Aldundiko kideek eta Orkestrak Laborategiak dituen lan ildo desberdinen inguruko informazioaz hausnartu eta hura partekatzen da; koordinaziorako.
  • Talde Eragile Txikia: prozesuaren koordinaziorako eta hausnarketarako oinarrizko taldea, Kudeaketa Estrategiako kideek eta Orkestrak osatutakoa. Talde hau, besteak ez bezala ikerketatik fazilitatzen da eta, beraz, ikerketa proiektu bezala ere hartu daiteke.

Metodologia (ekintzan) garatzeko ikerketa proiektuak ikasketa kutsua duten espazioak dira, ikerketa metodologien baitan garatu eta ikertzaileek fazilitatzen dituztenak. Une honetan, hiru dira martxan daudenak:

  • Industria 4.0ko Fazilitadoreen Ikerketa Ekintza prozesua: Aldundiko Berrikuntza zuzendaritzak, agentzietako teknikariek eta Orkestrak osatua, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertain industrialetan 4.0 bultzatzera bideratutako ikasketa prozesua.
  • Enpleagarritasun Mintegiak: Gipuzkoako garapen agentzia desberdinak fazilitatzen ari diren gizarteratze sareen arteko metodologia partekatu bat eraikitzeko prozesua, Aldundiko departamentu desberdinek, garapen agentziek eta Deustuko Unibertsitateak osatutakoa. Une honetan lanketa eskualdez eskualde egiten ari da.
  • Eskualdeetako gobernantzak lantzeko prozesua, Kudeaketa Estrategiako kideek, agentzietako zuzendari eta zenbait teknikarik eta Orkestrak osatua.

Azkenik, gobernantza partehartzaile eta irekiarekin garatutako espazioak ikasketa kutsua dute aurrekoek bezala, baina policy makerrek edo kontsultoreek fazilitatzen dituzte. Bi dira landu direnak nagusiki:

  • Enpresen arteko elkarlana bultzatzeko metodologia baten lanketa, Sustapen Ekonomikoko zuzendaritzaren, garapen agentzien eta EKL kontsultoraren artean.
  • Gizarteratze sareak eratu, bultzatu eta eguneratzeko prozesuak eskualde desberdinetan. Garapen agentziak ari dira honen fazilitazioan, Aldundiko ElkarEKIN prozesupean, nahiz eta agente desberdinek parte hartu.