Atzealdea “Etxebizitza kolaboratiboak: Elkarrekin bizitzeko eredu feministak”

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Donostiako Udalak antolatuta, “Etxebitza kolaboratiboak: elkarrekin bizitzeko eredu feministak” jardunaldia egingo dute urriaren 14an Donostiako Kutxa Kultur Plazan

2021/10/07


Ba al dago familia tradizionalak baino harago bizitzeko beste modurik? Zer dira etxebizitza kolaboratiboak eta zer eraldaketa feminista ekar dezakete horrelako ereduek? Gazteek emantzipatzeko dituzten aukerak urriak dira eta horri gehitu behar zaio bizitzeko espazioen eredu-aniztasunaren falta. Galdera hauei erantzuten saiatuko dira urriaren 14 eta 28an Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan ospatuko duten jardunaldian.

 

Etxebizitza kolaboratiboei buruzko solasaldia izango da urriaren 14koa. 18:00etatik 19:30era, “Elkarrekin Bizi” proiektua aztertuko dute hiru gonbidatuk: Eva Salaberria, Donostiako Udaleko ordezkariak; Hiritik At proiektuko partaide batek eta Sostre Civic elkarteko kide batek. “Elkarrekin Bizi” Donostian martxan dagoen etxebizitza kolaboratiboen proiektua da.

 

Jardunaldiaren bigarren zatia urriaren 28an izango da 18:30etik 20:00etara eta etxebizitza kolaboratiboei buruzko hausnarketa teorikoak eta bizi-esperientziak dituzten 7 emakume izango dira gonbidatuak.

 

Giza Liburutegiak’ izeneko metodologia erabiliko dute. Liburuak pertsonak izango dira, eta irakurleek saioan zehar ‘eskuragarri dauden liburuak’ hartuko dituzte beren istorioak ahots biziz entzuteko eta ‘liburuaren’ eta irakurlearen arteko elkarrizketa hasteko.

 

Jardunaldiari amaiera emateko, Uxue Alberdiren “Ibaia” liburua izango da protagonista. Bertan, idazleak genero-ikuspegia duen hirigintzaren ondorio eraldatzailea irudikatzen du. Horretarako, Usurbilen garatutako saiakuntzetatik abiatzen da: herri-ereduen inguruan dituzten desira eta beharrez gogoetatzen dute biztanleek, eta genero-arrakalaren aurrean hirigintza-ereduak dituen erronkak identifikatzen dituzte. Hau, Usurbilgo hirigintza feministaren fabula musikatua da eta Alberdi bera eta Amoranteren musikaren eskutik entzun ahal izango da.

 

Izena eman!

 

 

 

Jarraitu gure sareak