Atzealdea “Safer Internet Day” bideo-lehiaketa abian da

Deialdia maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik

2020/01/22


“Together for a better internet. Elkarrekin Internet hobe baten alde” lelopean, euskal neska-mutilen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea du helburu lehiaketa honek, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatuta, Europar Batasuneko Safer Internet Programaren barruan.

Lehen Hezkuntzako 3. Mailaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.aren (8-16 urte) artean ikasten duten EAEko adingabeek parte har dezakete, taldeetan antolaturik, eta helduren batek lagunduta (tutorea). Horretarako, parte-hartzaileek, edizio honetako goiburura egokitzen den ikus-entzunezko labur hezigarri bat aurkeztu beharko dute: orijinala, eta gehienez bi minutukoa. Edozein adierazpide edo diziplina artistiko onartuko da (musika, antzerkia, dantza, performanza, mannequin challenge...); baina, hori bai, ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko da beti (irudia eta hotsa).

Taldearen tutoreak proiektua YouTubera igo behar du (aukeran, hobe ikastetxeak edo aisialdi-taldeak sortutako kanal batera); eta, gainera, e-mail bat bidali beharko du saferinternetday@euskadi.eus helbidera. Proposamenak, otsailaren 11tik (Safer Internet Day) maiatzaren 22ra arte jasoko dira.

Talde onenen artean, sari hauek banatuko dira:

  • Lehen kategoriako saria: Irabazten duen taldeak jolas-jarduera bat irabaziko du, joan-etorria barne.
  • Bigarren kategoriako saria: Irabazten duen taldeak jolas-jarduera bat irabaziko du, joan-etorria barne.

Horrez gain, talde irabazleek diploma bat jasoko dute, eta haien tutoreak opari bat izango dute.

 

Informazio gehiago: Zeuk esan