Atzealdea Azaroak 20, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna: Ingurune seguruen eta tratu onaren alde

Gazteria Zuzendaritzak urteurren hau baliatu nahi du haur eta nerabeen ongizatea hobetzeko eta haien eskubideen bermean aurrera egiteko sustapen-politikez hitz egiteko eta ildo horretan araudi jakin batzuen garrantzia azpimarratzeko.

2023/11/20



Gaur, azaroak 20, 1.989an Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren behin betiko testua onartu zeneko urtemugan, “Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eguna” ospatzen dugu. Ospakizun horren bitartez herritarrei gogorarazi nahi diegu haurrek eskubideak dituztela eta botere publikoek horiek bermatzeko betebeharra dutela.

Horregatik, urteurren hau baliatu nahi dugu haurren ongizatea hobetzeko eta haien eskubideen bermean aurrera egiteko sustapen-politikez, hitz egiteko, eta ildo horretan araudi jakin batzuk, hala nola LOPIVI edo haur eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Euskadiko eta Estatuko estrategiak bete eta garatzeak ekar dezaketen bultzada azpimarratzeko. Izan ere, erakunde gisa araudi horiek garatu eta betetzeko konpromisoa dugu, baina guztion ardura da bai maila pertsonalean, bai familian edota komunitatean ere.

Araudi horien helburua da haurrak eta nerabeak era guztietako indarkerietatik babestea, babesa zentzu zabalenean ulertuta eta indarra prebentzio moduan egin ditzakegun jardueretan jarrita, indarkeria bideraezin bihurtuko duten inguruneak sortzen saiatuz, ekiditeko. Horregatik, gure esku-hartzeak eta neurrien aplikazioak ez du hasi behar urratzaileak edo bortitzak izan daitezkeen egoerak antzematen direnean; aitzitik, prebentziozkoak izan behar dute, indarkeriaren erabilera nekez gertatuko diren inguruneak sortuz. Paradigma-aldaketa bat da: eremu seguruak eta babesleak bultzatu behar ditugu eta horietan esku hartzeko modua tratu ona izan behar da.

Ingurune seguru eta babesle bat indarkeriarik gabeko eremu askea da, giza eskubideek zuzentzen dutena, eta bertan haur eta nerabeak protagonistak eta subjektu aktiboak dira. Horrek esan nahi du espazioak edo azpiegiturak fisikoki segurua eta emozionalki goxoa izan behar duela, konfiantzazkoa, haur eta nerabeei askatasunez hitz egiteko aukera eman behar diela, helduek beren presentziari eta jardun onari esker haientzako erreferentzia afektiboak izan behar dutela, eta haur eta nerabeek beraiei dagozkien erabakietan parte hartzea bultzatu behar dela.


Tratu ona emanez esku hartzea da haien eskubideak errespetatzea eta honako printzipio hauek aktiboki sustatzea: elkarrenganako errespetua, gizakiaren duintasuna, bizikidetza demokratikoa, gatazken konponbide baketsua, legearen aurrean babes berdina izateko eskubidea, aukera-berdintasuna eta haurren eta nerabeen arteko bereizkeriaren debekua.

Araudi berri horiek ekarri dituen funtsezko beste aldaketa bat da indarkeria saihestu eta errotik kentzeko erantzukizuna gerta daitezkeen inguruneetako heldu arduradunei ematen diela. Erantzukizun horrek barnean hartzen ditu gizarte maila desberdinetan, familiak, erakundeak, haurrekin lan egiten duten hainbat profesional eta boluntario, eta baita zerbitzu publikoetan sistema batzuk ere. Ez dugu ahaztu behar komunitatearen egitekoa: haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea babestuko dituen sare gisa osatzea.

Horrek guztiak ondorioz dakarren ibilbideak sentsibilizazioarekin eta kontzientziazioarekin hasi behar du eta, ondoren, prebentzioa eta antzemate goiztiarra etorriko dira, indarkeria-egoeren zantzuak daudenean komunikatzeko betebeharrera iritsi aurretik.

Gipuzkoako haur eta gazteen sustapen-politika behartuta dago araudi horien garapenean esku hartzera, bereziki sentsibilizazioaren, prebentzioaren eta antzemate goiztiarraren eremuetan. Horretarako, lurraldeko zenbait hezkuntza-eragilerekin lan egin beharko da, bereziki gure esparrukoekin: aisia hezigarriko entitateak, astialdiko eskolak, udaletako aisia hezigarriko zerbitzuak (haurtxokoak eta gaztelekuak) eta haur eta gazteen sustapeneko arduradun tekniko eta politikoak.

Helburu horrekin bide-orri bat lantzen ari gara epe laburreko eta ertaineko neurriekin. Sentsibilizazio-jarduerak bultzatu beharko ditu, haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzekoak, prestakuntzakoak, tresnak lantzekoak, informatzekoak, aholkularitza eta gidaritzakoak eta gure erakundeko beste departamentu batzuekin nahiz beste erakunde batzuekin koordinatzekoak.

Kontuan hartuta, batetik, gaiaren garrantzia, eta bestetik, araudi hauek bultzatzeak haur eta nerabeen eskubideak garatzeko ematen duen aukera, haiek babesteko indarra eremu seguruen sorkuntzan jarriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak azpimarratu nahi du bide-orri hori garatzeko duen konpromisoa.

 

 

 

Jarraitu gure sareak