Atzealdea Martxan dira Gazteak Auzolanean 2025 programan hautatutako sei proiektuak

Gipuzkoako gazteen proiektuek konpromiso sozial, kultural eta komunitarioa bultzatzen dute aurten ere.

2025/12/16


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Gazteak Auzolanean dirulaguntzen bidez abiatu dira 2025-2026 ikasturterako hautatutako sei proiektuak. Horiek guztiak lurraldeko gazteek sustatzen dituzte, eta ikuspegi komunitario, sozial eta kultural nabarmena dute.

Bederatzigarren edizio honekin, Gazteak Auzolanean programak bere helburua berretsi du berriro ere: hain zuzen ere, Gipuzkoako gazteek bizitza komunitarioa hobetuko duten proiektu kolektiboak bultzatzea, sormena, berrikuntza soziala eta beren konpromisoa indartuz.
 

2025ean hautatutako proiektuak

  1. Gure tartea, gure tea 
    Andoaingo gazte musulmanak emakumeen elkarte autogestionatu baten sorrera bultzatzen ari dira. Proiektuak ahalduntzea, lidergoa, autokudeaketa eta kulturen arteko topaketak sustatzen ditu.
     
  2. Altzalore (@altzalore) 
    Altzako (Donostia) aisialdiko talde berri honek haur eta nerabeentzako jarduerak, partaidetza-guneak eta aisialdi hezigarria garatzen ditu auzoan. Parte-hartze aktiboa eta komunitatearekiko konpromisoa sustatzen dute, hezkuntza-balioak sustatuz, auzoaren kultura-aberastasuna eta nortasuna indartuz, hori guztia euskaraz.
     
  3. Lagunok! 
    Euskarazko podcast ezagun hau plataforma anitzeko denboraldi berri bat prestatzen ari da, formatu bisual eta interaktiboak txertatuz, ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko.
     
  4. Plazatik plazara 
    Gipuzkoako plazek eta espazio publikoek nortasun kolektiboan eta bizitza komunitarioan duten garrantzia bilduko duen ikus-entzunezko proiektua da hau.
     
  5. Gipuzkoan Bizi Kirola (@gipuzkoanbizikirola) 
    Komunikabideetan ordezkaritza txikia duten diziplinei buruzko lau kirol-topaketa egingo dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan. Diziplina horiei ikusgarritasuna ematea eta berdintasuna, errespetua eta aniztasuna bezalako balioak lantzea dira helburuak. Igeriketari buruzko lehen topaketa azaroan izan zen, Donostiako Gaztegunen.
     
  6. Loveo (@loveo_educacion) 
    Gazte profesional talde bat beren hezkuntza-materialak digitalizatzen ari da gaztelekuetan eta ikastetxeetan haur eta nerabeekin sexu-hezkuntza lantzeko.
     


Programaren bederatzi edizio

Sortu zenetik, 113 gaztek eragin soziala duten 32 proiektu garatzeko aukera eman du programak, eta horiei orain 2025eko sei ekimenak gehitu behar zaizkie. Guztira, Aldundiak 171.000 euro baino gehiago bideratu ditu, eta kopuru hori handitu egin da, 25.000 euro gehiago jarri baititu proposamen berri horietarako.

Gazteak Auzolanean Gipuzkoan gazte-proiektuak bultzatzeko erreferentzia gisa finkatu da. Urtez urte, deialdiak berresten du gazteak gai direla ekimen berritzaileak sortzeko eta eraldaketa sozial eta komunitarioaren eragile bihurtzeko.

 

 

Jarraitu gure sareak